seiehun vs seirehun

Euskaraz zenbatzen ari garenean, sarritan –gehiegitan– entzuten ditugu gaizki esaten ehunekoen zenbaki-izenak. Eta ez gara mundu honetara pontifikatzera etorri; are gutxiago besteek egiten dutena epaitzera. Baina, bestalde, ondo dago jendeak oro har ez dakien hizkuntza-bitxikeria bat kontatzea. Goazen, bada…

Gaur egun, ordenagailuaz idazteko zuzentzailearen (Xuxen) azpimarra gorriak berehala ohartaraziko digu idatzi ditugun seirehun, zazpirehun, zortzirehun eta bederatzirehun hitzak ez direla zuzenak eta, euren ordez, seiehun, zazpiehun, zortziehun eta bederatziehun erabili behar ditugula.

Eta harritu egingo gaitu. Eta hizkuntza arautze bera madarikatuko dugu, zenbaitetan, akats hori oso barneratua izango dugulako: zerbait intimoa lapurtzen digutela irudituko zaigu.

Nola jarri susmopean Benito Lertxundi handiak Euskal Herrian azken balea ehizatu izanari abesten zizkion “Mila bederatzirehun eta lehenengo urtean…” hitz goxo haiek? Ez al da bihozgabekeria bat? Hain asmo onaz josiak… baina oker. Eta “hizkuntzak biziak dira, mugitzen den zerbait” tankerako koldar-ezkutalekuetan babestu barik, hobe dugu behingoz gure ohitura txarra zuzentzea: zoriontsuago biziko gara.

HiruRehun eta lauRehun idazten dugu, r bat tartean, eta zuzena da kasu bi hauetarako. Antzeko zerbait gertatzen zaigu bi zenbakiarekin. Alabaina, horietatik goragoko ehunekoetan tarteko r hori barik erabili behar dira: seiehun (ondo) eta ez seiRehun (txarto), zazpiehun (ondo) eta ez zazpiRehun (txarto), zortziehun (ondo) eta ez zortziRehun (txarto) eta, amaitzeko, Orioko balearen urtea gogora ekartzen digun bederatziehun (ondo) eta ez bederatziRehun (txarto).

BAINA ZERGATIK SALBUESPEN HORIEK?

Euskara zaharrean HIRUR (3) eta LAUR (4) zirelako zenbaki horien izenak. Orduan hirur+ehun= hirurehun eta laur+ehun= laurehun . Baina izendapen zahar haiek ahaztu zirenean —eta hiru eta lau bihurtu—, antzekotasunagatik eta okerki, gainerako zenbakiei aplikatzen zaie. Baina, esan bezala, gaizki dago.

Arrazoi berberengatik ondo daude lurraldetasuna adierazteko erabili ohi diren HiruRak bat edo LauRak bat leloak, baina ez ZazpiRak bat , Zazpiak bat beharko lukeelako izan.

Gauza bera orduekin eta abarrekin: arratsaldeko lauretan (16:00etan) baina ez zortziretan , zortzietan (20:00etan) delako forma egokiena.

Beraz, gora gu eta gora gure hizkuntzaren aberastasuna: behin eta seiehun bider esanda!!

Artikulu guztiak

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *