Ur bihurtuta

Urteak neramatzan Basatxi izeneko bide misteriotsutik ibili gabe eta atzo itzuli nintzen. Gorbeian dago, Baia erreka-arroaren [euskaraz Baia delako eta ez Baias] gainetik doa, irudika dezakegun baso-hegi liluragarrienetatik igarota. Xarma handiko lekua, onirikoa, baina, aldi berean, nahasgarria orientatzeko orduan.

Bertatik ibiltzen ziren behinolako artzain, hargin eta ikazkinek, marka batzuk egiten zituzten zuhaitz azaletan, aizkoraz, eurentzat ere konplikatua zelako han bide egokia zein zen asmatzea. Eragindako zauria sendatu nahian, alu itxurako orbain batzuk sortzen zituzten pago eta haritzek, egun ere ikusgarri daudenak. Ez ziren gutxi izan, irudi horiek direla-eta, nik ezagututako artzainek egindako barreak, lehen orain bezala, txerri gose guztiek ezkurrekin egiten zutelako amets.

Gure egunetara itzulita, ez dira alu gidari horiek behar. Eta inor gutxik identifikatzen ditu. Hain zuzen ere, egun, sateliteek gidatuta ibil gaitezkeelako, bertatik iragaten den mendizale kopurua inoiz baino handiagoa delako, hots, bidea argien dagoen garaian gaudelako. Baina, halarik ere… margo gorriz bete da ibilbidea, gehiegikeriaz margotua, inor gal ez dadin aitzakia zilegiarekin. Beldurraz…

Zalantza barik, itsusi dago basoa haiekin, gorri bizi hori ez delako berezko kolorea aurkintza horietan. Iraingarria dirudi, naturarekiko errespetu gutxikoa. Gainera, sarritan, alu itxurako orban horietan egin izan dira brotxakada mingarriak, iragan erromantikoa ezabatzeko beharra balego bezala… Eta “bide-bidegabekeria” hori justifikatua dagoela dirudi… pertsonak ez galtzea delako lehenetsi behar dena. Hor dago gure okerra, naturaren kontra lehiatzean.

Bizi izandako eskarmentuan oinarrituta, inoiz horrelako baso batean galduko bagina ez ginateke izutu beharko: kezkatu bai, baina ez beldurtu eta are gutxiago desesperatu. Eta basoa arerio gisa ikusi beharrean gure aliatutzat hartu beharko genuke.

Lehenik, preso gaituen gure gizaki-pentsamenduari uko egin behar genioke une batzuez, horrek bere mugak dituelako eta, bistan denez, haren aplikazioaz galdu egin garelako: motz geratu zaigu, ez da gauza gu estualdi larri horretatik ateratzeko, bere sentsoreak –ikusmena, entzumena, orientazioa…– baliogabetzen direlako lainoetan murgildutako basoetan. Estrategia berria behar dugu…

Gizakion pentsatzeko modua utzi eta horrelako ingurunetan aske eta eroso dabilen urarena hartuko dugu, ura, gu bezala, lurrari lotua bizitzera kondenatuta dagoelako. Ideala da estualdiei aurre egiteko. Horregatik uraren portaerara egokitu behar gara salbazioa lortzeko, konfiantza osoz gainera, mundu osoan ez delako betiko “desbideratuta edo galduta dagoen” urik ezagutzen: baduzu imitatzeko eredua, beraz: lasai egon gaitezke.

Nahikoa da urak egingo lukeen moduan, aldapan behera joatea eta berak erabiliko lituzkeen zirrikitu guztiak baliatzea: jauziak, bihurguneak, zintzurrak… urak ez duelako ingurune horietan gaindituko ez duen oztoporik. Eta logika horri jarraitu uneoro… Apurka-apurka bestelako ur-hariak aurkituko ditugu, gurearekin bat egiten dutenak eta, horrez gero, bidelagun fidelenak izango zaizkigu: ez gara bakarrik sentituko, beraz, bakardadetik lagun-mordora pasako garelako urratsak egin ahala. Eta behera eta behera beti, konturatu orduko ur-konpartsa oso bat izango dugu ondoan, gurekin batera ibiltzeko gogoz, gizaki-etxe batzuk aurkitu arte. Eta beherago, auzunea. Eta gero, herri nagusia. Eta harago hiria. Eta gero… guk nahi duguna aurkitu arte. Erreka guztiek bat egiten dutelako gizakion guneekin. Edo, hobeto esanda, gizakiok beti egiten dugulako bat ur-guneekin. Bat garelako eta urari zor diogulako gure izaera, gure zibilizazioa.

Eta gorago beldurtzeko moduko larrialdia zirudiena, esplorazio goxo gogoangarri bihurtuko zaigu behean, zoriontsu egiten gaituen albumean beste kromo ahaztezin bat gehituko diguna. Basoak eta oro har natura ez direlako gure etsaiak, horregatik ez ditugu margo gorriez iraindu behar: besoak irekita daude, zain, gu besarkatzeko irrikaz. Gako bakarra gizakion pentsamoldeari uko egin eta ur bihurtzea da

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *