Itziar, neuk ere maite zaitut

 

basauri_itziar_ituño_loreak_2014

Duela urte bi, 2015eko maiatzean hain zuzen ere, egun batzuk pasatu nituen Itziar Ituñorekin, Orozkoko kondairekin liluratuta zegoelako eta, balizko antzezlan baterako, inspirazio gisa erabili nahi zituelako. Laguntzea eskatu zidan. Elkarrizketa goxo batzuk eta hainbat ibilbide partekatu genituen udaberri hartan, aitzakia paregabe eta ukaezinaz.

Han-hemen ibili ginen, bazterrak arakatzen, urratsak egiten. Eta, egun haien ondorioz, gauza bakar bat esan dezaket: antzezle ona badela, jakina. Baina, zalantza barik, askoz hobea dela esparru pertsonalean. Egiatan neska zoragarria da, atsegina, elkarrizketa sakonekoa, betea, detaile guztietan fina, goxoa, zaintzen zaituenaren sentsazioa ematen duen horietakoa.

Bestela esateko, berpiztu genituen Orozkoko lamiekin gertatu bezala, tratuan jardun eta berehala betiko maiteminduta uzten zaituen pertsona horietakoa da. Baita Roberto izeneko bere bikote aparta ere: zoragarria. Amazoniako gazte garden eta lerden, gizaki purua… A zer nolako bizipoza eman zidan bere indio estetika eta itxura osoarekin, Urigoitiko zaharrei euskaraz sano-sano egiten ziela ikustean… Ze harridura aurpegiak: “Niri bere, euskeraz, e?” Nola ahaztu bizipen gozo eta gogoangarriak haiek!!

Geroztik, mezu eta deiren bat trukatu dugun arren, ez dut berriz ikusi. Ezta pantailetan ere. Baina Itziar eta Roberto betiko izango ditut bihotz-lagun, euren ontasunez markatu nindutelako.

Horregatik min handia egin dit ikusteak nola tratatu duten Itziar Espainiako “leizetarrek”, “kabernikolek”… Txori xume bat gaiztakeriaz kolpatzen ari direla ikusiko bagenu bezala, haren mina gure min bilakatzen delako, nahitaez barrunbetan txertatzen zaigulako, haren samindura-zama arindu nahi diogulako… Sentsazio bera izan dut. Eta tristatu nau.

Ez gara esparru politikoetan sartuko, ez dudalako ulertzen nola Espainiak ez gaituen onartzen eta, aldi berean, nola asaldatzen diren ikustean ez dugula euren parean egon nahi. Tratu txarrak ematen dizkigunarekin egon behar al da ala?

Asteburuetan Madrildik etxera doanean “lagunekin euskaraz ere egiten duela” diote batzuek hortik, fatxa-foroetan… Hori delitua… Ba al da etxera ilusionatuta  itzultzeko motibo ederragorik? Bien bitartean, Espainiako justizia isilik eta zelatan, esku hartu barik, iraindua haietako bat ez den bitartean…

itziarituno2

Beraz, Itziar, watxapez esan bezala, zentratu zaitez zure lanean, bikainki egiten duzulako. Hori besterik ez dugu zuregandik nahi eta espero, horrekin zoriontsu egiten gaituzulako. Eta zure bizitza gura dituzun bizipenez bete, ardura barik, lokabe, aske, hegalari… amaieran kontuak eskatzeko jainkorik ez duzulako topatuko, zu arratsalde haietako Itzinako jainkosa eta sorginen pareko bihurtu zinelako.

Mila musu eta gora gu, euskara eta Euskal Herria!!! Eta ez ahaztu, Itziar: neuk ere, Euskal Herri osoak bezala, MAITE ZAITUT. Eutsi.