Jon Juaristi: kanpoan uso etxean otso

Honezkero, guztiok jakingo zenuten Jon Juaristi jauna Euskararen Aholku Batzordeko kide izendatu duela Patxi Lopezek.

Honezkero, jakingo dituzue Juaristiren bizitzaren gorabehera asko, baita bere ideologia nola irauli duen urteen poderioz: ETAkide izatetik, espainolistarik eskuindar eta espainolena izatera.

Honezkero, ezagunak egingo zaizkizue Espainian “intelektualtzat” jo duten pertsonaia honen esaldi batzuk. Batzuk euskal abertzaletasunari buruzkoak, eta beste batzuk, seguru asko larriagoak, euskararen kontra botatakoak.

Zuetariko askok, gainera, honezkero irakurriko zenuten orain gutxi Juaristik ABC egunkarian idatziriko[Enlace roto.]. Horretan, bere izendapenak sortu duen zurrunbiloari buruzko iruzkina oparitzen digu Gizon jakintsuak (Zaldieroaren pertsonaia datorkit gogora, Savater filosofoan inspiratua):

Euskara normalizatu eta sustatzeko organoko kide den Juaristi honek, bere azken idazkian utzitakoa lasai-lasai aztertzea merezi duela uste dut, eta esaldi batzuk atera eta iruzkinduko ditut jarraian, axola ez bazaizue:

1. “supone (euskararen aholkulari izateko izendapenak), qué duda cabe, un reconocimiento honorífico de cierta autoridad científica y quizá moral en los aspectos lingüísticos, culturales y sociológicos implicados en el desarrollo de la normativa referente al uso oficial del idioma vasco”: lehen baieztapen horrek agerian uzten du Juaristik ez dakiela Euskararen Aholku Batzordea zer demontre den ere. Autoritate zientifikoa, eta agian morala onartzearen pareko dela dioenean, ez da konturatzen ari, bere izendapenarekin batera, zuzenean euskararekin zer ikusirik ez dutenen izendapenak ere egon direla (aktoreak adibidez), eta hain zuzen ere horrek eman beharko liokeela aberastasuna organoari, alegia, euskara maitatuz, euskalgintzatik kanpo begira diezaioketelako euskararen egoerari, bultzadatxoa emateko. Handikeria somatzen da lehenik eta behin, hortaz.

Baina bigarrenik, “uso oficial del idioma vasco” dio. Hortik eratortzen da Aholku Batzordea euskararen erabilera ofizialari buruzko iritzia emateko dagoela uste duela Juaristik. Gezurra %100ean, erabilera ez arautuak, kalekoak… sustatzea baitu helburu hainbat eta hainbatetan. Ezjakinkeria edo interes falta, beraz.

2. “lo que resulta archiconocido es la obsesión de los varones nacionalistas por las ovejas […] No se vea, sin embargo, en estas palabras crítica alguna a las inclinaciones y habituales prácticas amorosas de los herederos políticos de Sabino Arana, tan dignas de respeto como las de cualquier otra cultura primitiva”: hasteko, gustu txarrekoa da zoofilia eta abertzaletasunaren artean egiten duen konparazioa, agian lejioaren ahuntza etorriko zitzaion berari gogora.

Gero, “kultura primitiboa” aipatzen du. Hor ez da oso ondo ulertzen zer esan nahi duen, iraina garbia den arren: abertzaleok ez gara modernoak eta haitzuloetan bizi gara oraindik? Euskaldunok al gara horrela? Abertzaleok eta ez hain abertzaleak direnak, euskaldunak izanik, ez al gara kultura beraren partaide?

3. “Entre considerarlo (euskara) una lengua de sencillos aldeanos y pastorcillos o una lengua de trogloditas, me parece más benigno y justo lo primero”: gauza bat ala bestea, emaitza berdina; Juaristik ez dio inolako begirunerik euskarari. Ez da hizkuntza modernoa, ez du balio komunikatzeko (ez dakit zer egiten ari naizen ni neu orain momentuan), aspaldiko kontua da, e.a. Hori irakurtzen da bere hitzetan, baina hala ere, euskara biziberritzeko Aholku Batzorde horren kide dugu fenomenoa.

4. “Es innegable que los nacionalistas vascos no me caen simpáticos, salvo contadísimas excepciones, pero, en general, nada tengo contra los vascos no nacionalistas”: ETAtik datorren gizon batek dio hori. Baieztapen sektarioa, ideologia gizabanakoen nortasunaren gainetik jartzen duena. Eta tipo hau al da gaur egun Espainiak aitortuta duen intelektualetariko bat? Beherapenetan erosten ditu Espainiak bere intelektualak?

Mingarria, iraingarria, lotsagarria eta beste hainbat “-garri” gehiago da Juaristiren artikulua. Beste esaldi batzuk ere atera zitezkeen, baina horiek dira adierazgarrienak nire ustez, eta gainera, ez dut irakurlerik tripako minez utzi nahi.

Hori bai, argi dago eta argi uzten du Juaristik berak, Lopez lehendakariak euskararen oilotegian otsoa sartu egin duela.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *