Hitz-gakoa: sinesgarritasuna

[Enlace roto.] Eusko Jaurlaritzaren krakari dagokiona izan da, bere testuinguru jakinarekin: Iñigo Urkullu atera zen esatera Eusko Jaurlaritzaren deiak jaso dituela laguntza eske, eta maneiatzen dituen datuen arabera, egoera oso larria dela.

Zezenen modura atera dira, horren ostean, Idoia Mendia, Rodolfo Ares, Basagoiti (antza bai, gobernuan dago) eta inguruko beste batzuk. Baina airean somatzen zen sentsazioa ez zen hori, gizarteak sinetsi egiten zituen Iñigo Urkulluren hitzak.

Horregatik, hain zuzen ere, gezurra luza ezin zitekeela ikusirik, EBBren presidenteak Ares berak deitu ziola zehaztu ondoren, ez dio inork informazio hori ukatu, eta barne sailburuak egiaztatu egin zuen. Ostera, beste hitz batzuk erabili dituzte horri aurre egiteko: erantzukizun falta, arduragabekeria… Hau da, eraso pertsonala, oinarri handirik gabekoa.

Zer da, beraz, horretatik guztitik ondoriozta dezakeguna? EBBren presidenteak etsai politikoak izango ditu, batzuen gustukoago izango da eta beste batzuen ez horren gustuko, baina gauza bat argi eta garbi geratu da: Iñigo Urkullu zeharo sinesgarria da. Ez du inork esango, edo oso arerio hiperlerrokatu gutxi batzuek bakarrik, gezurretan ibiltzeko gai denik.

Gaur egungo politikagintzan, hori zaindu beharreko aktibo bat da. Rubalcabak harro asko esan dezake Patxi Lopez aktibo bat dela PSOE barruan, baina benetako aktiboa, jendeak estimatzen duena, beste hori da, sinesgarritasuna, seriotasunarekin eta lan irmoarekin landutako sinesgarritasuna alegia.

Ba al da hori baino balio inportanteagorik hain kutsatuta dagoen politikagintzan?

2 thoughts on “Hitz-gakoa: sinesgarritasuna”

  1. Egia den edo ez alde batera utzita, zer ondorio izan ditzake Urkulluk luzatutakoak? Balioko du Jaurlaritza ahultzeko, baina baitaere euskal ekonomia kaltetzeko. Kontuz ibili behar da esaten denarekin, nahiz ta egia esan!!

    1. Egia esateak balio on bat izan behar du beti. Baina egi horren aurrean erantzuten jakin behar da ere bai, jakina.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *