Kazetaritzaren miseriak

Esango dute, azkenaldian, eta krisiarekin, gero eta debaluatuago dagoela kazetaritza, ogibideak prekarietate latza bizi duela, eta komunikabideetan, murrizketak izugarriak izaten ari direla. Askotan, kazetari bakar batek egin behar izaten du, lehen, bik edo hiruk egiten zuten lana.

IzengabeaHori egia izanik ere, zergatik kazetaritzaren mundutik bertatik lagundu profesioa gehiago kakazten? Adibide asko egon litezke esaten ari naizena osatzeko, baina atzo, zur eta lur utzi ninduen El Correo Español egunkariak zelan tratatzen zuen Errekaldeko hiltzaile presuntoaren atxiloketa.

Eta presunto diot hala delako epaileak kontrakoa esaten ez duen bitartean, denok gara errugabe errudun garela frogatzen ez bada, eta hori da zuzenbide estatu baten daukagun eskubiderik garrantzitsuenetarikoa. Ba El Correok erabaki zuen atxilotutako pertsona errudun dela eta gizonaren argazkia argitaratu zuen, oso handi eta kalitate onarekin.

Zertarako behar dugu botere judiziala El Correo Español baldin badaukagu? Zelako dirutza aurreztuko genukeen. (Irakurri esaldi hori dagokion sarkasmo puntuarekin, mesedez).

Okerrena, agian, da gauza hauek oharkabean pasatzen zaizkigula irakurleoi, ohitura txarretara erabat ohituta.

Eta gaur, ETAren desarmearen albistea espero dugunean, gose larriz, El Correo Españolek ez dauka beste zereginik egiaztatzaileak jipoitu eta euren prestigioa higatzen saiatzea baino.

Tamalgarria eta lotsagarria.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *