Abdikazioaren aurrean, abstentzioa zergatik?

Espainiako Erregearen abdikazioa eta horri lotuta datorkigun Felipe VI.aren koroatzea dira asteko albisteak, eta izango dira, ez bakarrik uztailaren 18an tronista berria (Emma Garcia, barkatu) izan arte, ez, ondorengo egunetan ere zeremonia komentatzen ibiliko dira, eta abar luze batekin.

Agur, bai, agur.
Agur, bai, agur.

Dena dela, Espainiako Kongresuan tramite “txiki” bat egin behar da oinordetza hori burutzeko, bozketa burutu behar da Juan Carlosen abdikazioa eta Feliperen koroatzea onartzeko, dena batera.

Horren aurrean, EAJk erabaki egin du botazio horretan abstenitu egingo direla Euskal taldeko diputatuak, eta entzun izan dira ahots batzuk esaten jarrera horrek legitimatu egiten duela monarkia. Bada, baieztapen horri, iruzkin labur batzuk egin nahiko nizkioke:

1. Monarkia ez du Kongresuak legitimatuko bozketa horretan, monarkia 1978ko Konstituzioak legitimatzen du. Erregea hil izan balitz, ez litzateke Kongresuko tramiterik beharko. Gertatu dena izan da erregeak abdikatu egin duela. Gogora dezagun, bada ez bada, Konstituzioko 57.1 artikuluak dioena: “Espainiako Koroa jaraunspenez jasoko dute Joan Karlos I.a Borboikoa maiestatearen oinordekoek, dinastia historikoaren jaraunsle legitimo izanik bera. Koroaren oinordetzan, premutasun- eta ordezkaritza-hurrenkera arauzkoari jarraituko zaio, aurreko lerroa lehenetsiz ondorengoei; lerro berean, gradu hurbilagoa urrunagoari; gradu berean, gizonezkoa emakumeari; eta, sexu berean, adin handiagokoa adin txikiagokoari“.

2. EAJk, alderdi abertzalea izanik, trantsizio egoera hau Euskadiren, nazio gisa, statusa aldatzeko eta erabakitzeko eskubidean sakontzeko aukera legez ikusten du. EAJren iparra Euskadi da eta ez Espainia. Espainiar errepublika aldarrikatzekotan, nire ustez, lan hori ez dagokio euskal abertzale bati.

3. Errepublika nahi dutela espainiarrek? Oso ondo, egin dezatela erreferenduma, baina hori ez da Kongresuan bozkatuko dena. Kongresuko bozketa horretan ezezkoa ematea  Juan Carlos I.aren abdikazioa ukatzea da. Ez al zaigu abdikazio hori ondo iruditzen? Juan Carlos I.ak jarraitzea baino hobeto bai behintzat, ez?

Gauza gehiegi entzun eta irakurtzen da hortik, fundamentu eskasekoak, eta behar bezala argudiatu gabekoak. Nik abertzaleei koherentzia eskatuko nieke, eta EAJren jarrera ezin esan daiteke abertzaletasunarekin koherentea ez denik. Izan ere, koherenteena da.

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *