%96ko B eta D bitaminak

Hori da [Enlace roto.], eta horrela onartu du EAEko gobernuak.

Are gehiago, gobernuak ikastetxeko hogei eskaera  exijitzen zuen A ereduko ikasgela zabaltzeko, PPk muga hamabostean  jartzen zuen bitartean. Bada, ez da ezta hamabostera heldu den kasurik egon Erkidego osoan.

Dena dela, argi dago ez dutela amore emango, ez diotela gizarteari entzungo. Gaur Arantza Quirogari (Legebiltzarreko presidentea eta PPkidea) Xabier Lapitzek eginiko elkarrizketa entzun dut Onda Vascan, eta A ereduarekin tematuta daudela ezin ageriago utzi du.

Orain arazoa ez da 15 eskaera egotea ikastetxe baten, ez. Orain, noski, ikastetxe bat baino gehiagotako eskabideak batuta, tira, ikasgela batzuk zabaltzeko ematen duela esan du Quiroga andreak, hortaz egon badagoela eskaririk.

Ez zaio axola zer nolako hizkuntza mailarekin ateratzen diren eskolatik, ez zaio axola elebitasuna, ez zaizkio axola bertoko umeen eskubideak; umeen eskubidea baita hizkuntza biak jakitea, eta gurasoen erantzukizuna da hori bermatzen saiatzea, hala nola administrazioaren beraren erantzukizuna ere bai.

Baina ni Legebiltzarreko presidenteak egindako baieztapen batekin geratu naiz. Agian oso zeharka jarri diote arreta entzuleek, beharbada ez dira bere garrantziaz ohartu, baina Quirogak zera esan du, “gauza bera esango nuke D ereduarekin gertatuko balitz” (itzulpen librea, jakina).

Hortaz, txaloak eta bibak botatzeko moduan gaude euskaldunok. Hori bada PPren jarrera, imajinatzen dut Nafarroako Erkidegoko eremu guztietan euskaraz ikasteko eskubidea bermatu egingo dutela, ezta? Hala ere, ez dakit zergatik, baina uste dut ez dela horrela izango.

Mesedez, lehia gehiagorik ez hizkuntzarekin, eredu bakarra behar dugu hezkuntzan, herri honen hizkuntza ofizial biak behar den moduan ikastea berma dezakeen eredua. Gizarteak eskatzen duelako, eta euskarak merezi duelako.

Bien bitartean, zenbaiten erasoek makal ez gaitzaten,  batez ere D bitamina hartzen jarraituko dugu euskaltzaleok.