Elkarrizketa: "Zulo 2.0"

Ugaitz: Egun on, Zulo jauna.

Zulo: Barkatu, andrea naiz, inporta ez bazaizu.

U: mmm… ejem! Jakina! Sentitzen dut, ez nekien, ohar hauek…

Z: Ez dio inporta, ez zara azkena izango, ohituta nago, oso andromorfoa naiz.

U: Eeeee, ez, tira, ez zaude txarto… hasiko gara elkarrizketarekin, ezta?

Z: Bai, hobeto, ordubete barru ordezkapen bat daukat Amorotoko ikastolan, lagun bati mesedea egin behar diot.

U: Zelan bizi duzu, eremu pertsonalean, azken egunotan zure inguruan sortu berri den [Enlace roto.]?

Z: Ba hiru eta bost urteko semea eta alaba dauzkat, hurrenez hurren. Haiengatik sufritzen dut nik. Zer esango diete eskolan? Ni ez naiz terrorista, ni bakezalea naiz, biktima bat naiz, erabili egin naute, eta iraganean pasa ditudan lotsa eta amorruari trufa egingo diete nire bi txikitxoen ikaskideek. MWAAAAA!!!!!

U: Ale, ale, pasa da… ez zaitez horrela jarri, emakumea. Tori mukizapia. Jarraituko dut. Ez al duzu uste oso aukera ona dela belaunaldi berrientzat? Hain zuzen ere, euskal herritar askok bizi izan duten infernuarekin sentibera daitezen.

Z: KAR KAR KAR KAR KAR!!!! Ai ama!!!! Zelako gauzak dauzkazun!!! Ekarri hona mukizapia berriro motel!! KAR KAR KAR!!!! Joeeeeeeee!!!

U:

Z: Eeee, aaaa, mmmm… serio ari zinen??? – eztulak, zintz egiteak…– bai, bai, oso galdera interesgarria, bete-betean eman diozu. Sakoneko hausnarketa psikoantropologikoa egin dut eta gaiari hainbat buelta eman. Oso ondorio garbia atera dut: BURUTIK JOTA AL ZAUDE?

U: Errespetu pittin bat eskatu nahi nizuke, mesedez.

Z: Bai, bai, baina kolpe handia daukazu, medikuarengana joan, e? Falta barik.

U: Aintzat hartuko dut aholkua.

Z: Begira, edozeinek, zu barne, ulertzeko moduko azalpena emango dizut. Ikastetxeetan erlijio klaseak eman dira gehienetan, ezta? Kristautasun klaseak alegia, katolikoak.

U: Bai, bai.

Z: Zenbat igo da igandeetako mezetako asistentzia?

U: Ez dut uste hazkundea posititboa izan denik.

Z: To! Bete-betean berriro. Figura bat zara, e?

U: Zer esan nahi duzu? Neurri hauekin umeak aldendu egingo direla biktimek pairatutakotik ikasgela barruko beste asperkeria bat bezala ikus dezaketelako?

Z: Aizu! Zuloa baino ez naiz ni, e? Erantzunak sakon-sakonetik ateratzen zaizkit, baina uste dut zu beste zerbaiten bila zabiltzala. Niri Apaolazarrategitarren ardoa ondu eta gordetzeko ordaintzen didate orain, eta batzuetan ordezkapenak egiten ditut ikastetxeetan, modelo gisa. Ez naiz unibertsitate kumea, nik kalean ikasi ditut ikasi beharrekoak, eta gauza bat esango dizut…

(isilunea)

U:

Z: Ez zait zure doinutxoa gustatzen.

U: Ondo da, barkatu, musika aldat…

Z: JA!! Hortxe duzu!! Oso azkarra zarela uste duzu, ezta? Nire lepora barre egingo didazula. Jai daukazu! Nik inoiz pentsa edo imajina zenitzakeen irudiak ikusi ditut, beldurrari begietara so egin diot eta mingaina atera, gau luze eta hotzak pasa ditut basoan galduta… zer irakatsiko didazu zuk niri? ZER?

U: Lasai zaitez. Amaitzen joango gara, arnas hartu… ooooso ondo, horrela. Bai, aurrera goaz.  Orduan zein aholku emango zenieke egungo hezkuntza arduradunei datozen belaunaldi berrien prestakuntzak hobera egin dezan?

Z: Yoga klaseak.

U: Yoga klaseak?

Z: Bai, yoga klaseak, gor ala? Baina ez umeentzat, haientzat baizik. Umeak oso pozik eta zoriontsu bizi daitezke kaletik korrika egiten, Nintendoarekin jolasean edo gurasoak nekatzen eta aspertzen. Baina mandatari hauek erlaxazioa behar dute, pentsamenduak zuri utzi, tira zuriago, eta bakea eman. Uf! Nekagarriak dira gero, e?

U: Beno, penitentzia moduan ez dago txarto, etorkizuneko bekatuak ere ondo zuritzeko. Amaitu dugu elkarrizketa edo dena delako hau, zerbait utzi al duzu esan barik?

Z: Ez. Barkatuko didazu, baina Amorotora joan behar dut, eta gero ea menditik pasatzen naizen, adarrak jausten joan zaizkit zulo-sarreratik eta biluzik sentitzen naiz. Badakizu, adinak ez du barkatzen.

U: Ba izan ondo. Eta batez ere, ez inoiz atzera bueltatu zure aurreko betekizunetara. Ardoak gordetzea oso lan duina da.

Z: Ez arduratu. Iragana atzean utzi nahi dut.

U: Milesker.

Z: Ale, bai, pesauuuu.

Elkarrizketa Isabel Celáarekin, Mrs. Probeta

Hezkuntza sistema tirabira asko sortzen dituen gaia da politikagintzan. Euskadin tirabira horiek izugarri gordintzen dira euskararen auziarekin, euskara ez politizatzeak dakarren politizazioarekin.

Gaur jakin dugu Isabel Celáak, EAEko Hezkuntza sailburua, esperimentu berria egin nahi duela hezkuntza eta eleaniztasunarekin. Berrogei bat ikastetxe hartu hemendik, hiru hizkuntza handik, probeta baten sartu, guztia ondo irabiatu, Bunsen pizgailuari eman eta ea zer ateratzen den.

Patxi Lopezen elkarrizketarekin hasi genuenaren haritik, gaurkoan Mrs. Probeta ekarri dut blog honen umorearen txokora, erantzun batzuen bila.

Ugaitz: Egun on, Celáa andrea.

Isabel Celáa: Egun on, bai, esto… zuri.

U: Nonbaitetik hasteko, urtebete pasa da PSE hauteskundeetan bigarren geratu zenetik. Ordutik hona, zer nolako balantzea egingo zenuke?

IC: Euskal gizartea, orokorrean, koskortu egin zaigu. Orain urtebete, heldugabea zen gizartea hezteko erronkari heldu genion, eta gaur egun, denak daude formal-formal.

U: Den-denak? Bosgarren solairuko auzokoak esan dit herria hankaz gora jartzen ari zaretela, tabernariak ETB ikusterik ez dagoela, lagun batek ez duela oso ondo ulertzen PP eta PSE elkarren ondoan ibiltzea, bus gidariak alaba eskolako jantokian utzi behar duela eta ez dakiela zer gertatuko den grebarekin, jubilatu batek 25 enpresari biltzen dituen batzar batetik ondorio garbirik atera daitekeen ez daukala oso garbi… eta jarrai nezake.

IC: Baina horiek eguneroko arazotxoak dira. Gainera, zu ziur basat… ejem! abertzale askorekin hitz egiten duzula, eta noski, abertzaleok ez duzue oso ondo ulertu oraindik demokraziak zelan funtzionatzen duen. Baina herriak bai.

U: Zer ulertu behar dut? Abertzaleok ez dugula hausnarketarako gaitasunik ala abertzaleok ez garela herriaren parte?

IC: (ahotsaren tinbrea igo egiten du) Cucurrucucu palomaaaaaaa… Ui! Dei bat, barkatuko didazu une batez? Polita politonoa?

U: Zer erremedio…

IC: Aja, mmmm, bai, bai…  … …  Erosi! (telefonoa poltsan gordetzen du). Nondik gindoazen? A! Bai! Gaztelania erdoiltzeko arriskuan dago gure ikasleen artean, eta hizkuntza babesteko hezkuntza-sistema egokia diseinatu beharrean gaude.

U: Hobe izango da gaian zentratzea, arrazoi duzu, bestela… Matrikulazioaren azken datuek argi eta garbi erakutsi digute gurasoen %96k eredu euskaldunen aldeko hautua egiten dutela. Ez du ematen gurasoek arriskuan ikusten dutenik euren seme-alaben gaztelania maila, ezta?

IC: Ez, gurasoek ez dute ikusten, baina gobernuak bai. Gobernuak dena ikusten du, gobernuak uneoro daki zertan zabiltzan. Atzo, iluntzeko 22:00 aldera… ez al dizu lotsarik ematen???

U: (aho bete hortz) Orwell utziko dugu momentuz, ondo baderitzozu. Datorren ikasturteari begira, 40 ikastetxetarako esperimentua proposatu duzu, xehetasun handirik gabe, baina ingelesa, euskara eta gaztelania txertatzen ditu proposamenak. Serioa al da umeekin esperimentatzea edo gobernuak sistema zehatz eta egonkorrik ez aurkeztea?

IC: Mengelek ere esperimentuak egin zituen umeekin, eta historia liburuetan agertzen da. Hori ez du edonork lortzen.

U: Ez dakit adibidea oso fina den… Saiatuko naiz galdera bestela formulatzen. Ume bat hartzen baduzu, eta bere ikasketa prozesua aztertu X urtez, emaitzak onak ez badira, zer egin ume horrekin? Nola berreskuratu denbora? Halako proposamenek ez al dituzte hausnarketa sakonagoak eta adostasun handiak behar?

IC: Baina zuk zer uste duzu? Ikusi nahi zintuzket Antonio Basagoitirekin bilera baten. A eredua, A eredua, A eredua… joe!!! Ni ere A ereduaren alde nago, CeláA da nire abizena, baina makilatu beharko dugu A eredua nola edo hala, ezta? Paper polit batekin estali, lazotxo gorriarekin lotu, eta ea gizarteak pakete-sorpresa erosten digun.

U: Nola bermatuko da euskararen maila behintzat gaztelaniakoaren parekoa izatea lortzea?

IC: Aztertzen ari gara.

U: Astean zenbat ordu emango dira hizkuntza bakoitzean?

IC: Aztertzen ari gara.

U: Zein ikastetxetan jarriko da abian egitasmoa?

IC: Aztertzen ari gara.

U: PSE hurrengo hauteskundeetara aurkeztuko al da?

IC: Aztertzen ari… eeeii! Ia ia, e? Baina ez nauzu harrapatu. Alproja…

U: Jarraituko dugu. Euskal Herriko Uniber…

IC: Euskal Herria ez da existitzen!!

U: Barkatu?

IC: tu tu tu tu tu tu tu tu tu…

U: Tira, amaitzen joango gara. Zerbait gehitu nahi duzu?

IC: Bai, nolakoa da Patxi Lopez aurrez-aurrekoan?

U: Zuk galdetzen didazu niri?

IC: Bai. Aurreko baten elkarrizketa egin zenion, ezta? Nik ez dut ia ezagutzen, beti dabil Ipodari entxufatuta, Bruce Springsteen entzuten edo argazki poseak egiten. Ez dut aukerarik izan berarekin hitz egiteko.

U: Oso pertsona berezia da.

IC: Jatorra, e? Bai, hala uste dut nik ere bai. Zer? Amaitu dugu, ezta? Laborategira itzuli behar dut.

U: Bai, bai, joan lasai.

Eta gero, gerokoak izango ditugu.