Bokazio publikoaren krisia

Euskadi eta Espainiako egoera politikoek ez dute zerikusirik. Auzokide dugun herrialdean politikiariekiko konfiantza hutsaren parera heldu den bitartean, ez du ematen gure artean egoera hain larria denik. Hala ere, ezin uka daiteke han gertatzen denak hemen ere eragin egiten duela.

Gauzak horrela, ADECCO Fundazioak ikerketa baten emaitzak atera berri ditu, eta horietatik, ondorioztatzen da Espainiako umeek ez dutela politikari izateko interesik adierazten. Lau eta hamasei urte bitarteko adingabeen %4,4k bakarrik erantzun dute politikari izatea gustatuko litzaiekeela. Badirudi, gainera, hori lehen aldiz gertatzen dela.

IzengabeaAskok uste dute egoera ekonomiko latzaren arduradun nagusiak politikariak direla. Erruaren leporatze horri politikariekiko konfiantza falta gehitzen badiogu, politikarako desinteresa da emaitza.

Baina larria iruditzen zait niri premisa horietatik abiatuta emaitza hori lortzea. Politikariak baldin badira, Espainiako umeen ustez, egoera ekonomikoaren arduradun nagusiak eta politikarien jarrerak ez badituzte gustuko, zergatik ez arazoari aurpegira begiratu? Horrek ez luke gauzak aldatzeko edo hobetzeko sentimendurik piztu beharko? Oraingoek gaizki egiten baldin badute, zergatik ez dute belaunaldi berriek ardura bere gain hartzeko inolako gogorik erakusten?

Espainiako politikaren egoera larria bada, are larriagoa da atzetik datozenen interes falta nabarmen hori. Bokaziorik ez badago, noren esku geratuko da herrialde bat zuzentzeko ardura?

Politika zerbitzu publikoa da, gauzak hobetzen saiatzeko gogoan oinarrituta egon beharko lukeen bokazioa. Egoera hobetzeko bokaziorik ez bada azaleratzen, etorkizuna zalantzagarria da. Espainian gutxienez.