Nortasun kontua

Gernikako Estatutuaren efemerideak, bakearen testuinguruan, analisirako parada goxo eta ezin hobea utzi digu.

Alde batetik, eta Espainian lerrokatuta dauden alderdiei dagokienez (PP eta PSE), jokoz kanpo daudela argi eta garbi dago. Marko politikoa aspaldi zegoen gaindituta Euskadin, baina orain, ETA azkenik  tiroka ez dabilenean, oraindik ez dute jakin aro berrira egokitzen. Ez daukate proposamen berririk. Gutxienez, asmo eta begi onez hartu dute notizia.

Abertzaleei dagokienez, bestetik (EAJ eta Ezker Abertzalea, bere izendapen guztiekin), ilusioz beterik datoz oraina eta etorkizuna, eta ilusio hori gizarteari kutsatzen zaio. Futbol talde batek txapelketak irabazten dituenean zaleak ateratzen zaizkion bezalaxe, bake egoeran eta proiektu berriak mahai gainean, abertzaleak aterako dira kalera eta hautestontzietara zokoratuta zeuden izkinetatik.

EAJk, Iñigo Urkulluren hitzetan, [Enlace roto.] proposatu du 2015erako, erreferendumarekin. Konstituzioa estatu independente batek bakarrik izan dezake, eta atzo, Gernikako haritzpean, sinbologia karga guztiarekin, independentziaz hitz egin zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak. Estonia eta Kroazia Europan diren bezalaxe, adibide eta guzti.

Amaiur osatzen duten alderdien kasuan, Bildu osatzen dutenek eta Aralarrek bi adierazpen ezberdin egin zituzten, baina mezua antzekoa: autodeterminazioa eta guztien arteko elkarrizketa, laburbilduz. Ildo horretan, badirudi, askori arraro egingo bazaie ere, EAJ haratago joan zela mezu politikoan eta zehaztasunean, ausartago azaldu zen. Hori bai, ez dago zalantzarik independentzia dela Ezker Abertzalearen helburua, nahiz eta atzo ez zen mezu nagusia izan.

Eta hor tartean, Rubalcabari zera esatea bururatu zitzaion, independentzia ez dela ezinezkoa.

Giro da, politikaz hitz egiten ari gara herri honetan, Euskadiren etorkizun politikoaz, nazioa zelan egituratuko dugun. Eta abertzaleen artean, helburua bat eta bakarra da, baina bideak zehaztu behar dira, moduak, nortasuna.  Hortxe egongo da desberdintasun nagusia, eta herri hau nondik zuzenduko den erabakiko duen xehetasuna.

NORTASUN kontua da.