Pandoraren kaxa barruan

Egun tristea da gaur, odolaren ilunak itzala paratu du gure herriaren gainean beste behin ere.  Zama astuna daramagu soinean, urte eta urteetako gatazka armatua, zulo beltz baten.

Mina, negarra, amorrua… hurbil hurbiletik ezagunak zaizkigun sentimenduak dira. Herri baten izenean hiltzen duenak herritar guztioi  ezartzen digu bizkar gainean eraman beharreko lotsa alde batetik, eta mespretxua bestetik. Lotsa nahiz eta erantzukizunik ez izan, eta mespretxua zure izena ere erailtzeko erabili dutelako.

Sorgin gurpila den gatazka eta erokeria honen itzalpean, noiz ikusiko ditugu egunsentiaren lehen argi errainuak? Noiz izango gara benetan aske? Noiz bota ahal izango ditugu behingoz lasaitasun hasperenak?

[Enlace roto.] edo ETAkide batek. Odola.

EFE agentziak Facebooketik ateratako euskal gazte baten argazkia zabaldu du, eta ez zen atxilotutako ETAkidearena. Arduragabekeria.

Jon Anzaren heriotzari buruzko ikerketek bere horretan diraute bien bitartean. Opakutasuna.

Herria gaixo daukagu, gizartea nazka eginda eta itxaropena… Pandoraren kaxa barruan, noiz aterako zain.

Basagoitiren nagusitasun morala

Gaur egun politikoki zuzena zer den eta benetan pentsatzen denaren arteko mugak ez daude hain garbi. Politikan, edozein arlotan baino gehiago agian, esaten dena tentu handiz zaindu beharra dago.

Baina antza, politikan aritzeko modu berriak jarri dira modan. Irribarretsu eta hizkuntza hurbila erabiliz, gaztelaniaz “buenrollismo” izena har dezakeena, edozer gauza esateko lizentzia erosita daukagula dirudi.

Ezinezkoa da pertsona bakoitzaren buru barruan nabigatzea eta benetan zer pentsatzen duen asmatzea, baina argi dago ezin dugula beti lasaitasun osoz esan pentsatzen duguna.

Antonio Basagoitiren ahozko beherakoa larria da oso. Bere azken adierazpenak ezkutuan pasatu dira gaurko prentsako [Enlace roto.] bateko azken paragrafoetatik, baina nire alarma guztiak biztu egin dira: “EAJ beti jarri da terrorismoaren kontra eraginkorra izan den ororen aurka”. To! Hori da gibel-handia izatea!

Esan duena benetan pentsatu egiten badu, salaketa garbia da, terrorismoarekiko elkar-hartzea, sustapena. Bihoa epaitegietara. Baina epaitegietara salaketa jartzera joango ez balitz, eta barkamenik eskatuko ez balu, ondo baino hobeto dakit nork jarri beharko lukeen salaketa, EAJk hain zuzen ere, irain garbia baita. Eta iraina da ez bakarrik alderdi politiko horrentzat, iraina luzagarria da abertzale asko eta askorentzat, terrorismoaren kontrako jarrera garbia daukagun eta erakutsi dugun abertzaleontzat.

Ez da onargarria. Nik ez dut horrelako politikaririk nahi, horrek ez baitu elkar ulertzerako jarrerarik erakusten, horrek erakusten duena da harropuzkeria eta garbizalekeria morala, edonor eta edozeren gainetik nola edo hala gailendu nahia, edo gainetik sentitzea.

Basagoiti jauna, ¡váyase!

Kontuz! Herria PAUSEn dago

Benetan diotsuet, zinez, oso zaila da egun bateko atsedena hartzea eta blogean ezer ez idaztea. Gaiak pilatu egiten dira mahai gainean, posta elektronikoan, sare sozialetan…

Hala ere, Blanca Urgellentzat, EAEko Kultura sailburua, ez dago ezer. Tira, bai, zerbait badago, bat eta bakarra, txiste txarra egiteko baimena eskatu barik, urgellte edo larria den gaia, letra larriz: indarkeria, ETA.

Ez dut zertan nire kontzientzia zuritu inoren aurrean, baina argi gera dadila irakurtzen jarraitu aurretik: ETA sobera dago herri honetan eta edonon. Nik ez dut su-etenik nahi, nik armak sumendi batera bota ditzatela aholkatzen diet, eta diru beltza Gobernuz Kanpoko Erakunde bati ematea.

Argibidea eman ostean, zer uste du Kultura sailburuak? Herritarrok aldaketaren anestesiarekin lokartuta gaudela? Picassoren Guernica Euskadira ekartzearekin adarra jo digu Urgellek. Eskaera hori gutxietsi du sailburuak oso argudio xelebrearekin: [Enlace roto.], eta nola ez, garrantzitsuagoa den hori ETArekin amaitzea da.

Ez diot arrazoia ukatuko sailburuari, egia da, ETA gure bizitzetatik ateratzea Guernica Euskadira ekartzea baino garrantzitsuagoa da, erabat, ados. ETA ZER? Zer demontre esan nahi digu horrekin? Ezin dela ezer ere egin ETAren zama bizkar gainean daukagun bitartean?

Krisiaren kontrako neurri doiagoak eta eraginkorragoak eskatzen ditugula? Ez, gai garrantzitsuagoak dauzkagu mahai gainean.

Jantokietako begiraleek hamaika greba antolatzen dituztela? Hori ez da garrantzitsuena.

Urdaibaiko zonaldea berpiztu beharra dagoela? Tira, laaaaaaasai, oraindik ez dugu ETArekin amaitu, eta bertoko biztanleek itsasoko arrainak jan ditzakete, ezta?

Euskal Telebista Publikoaren gainbeherarako balaztarik ez daukagula? Bai, beno, beste telebista kate batzuk daude… eta Espainiako informatiboak dauzkagu,  salbu gaude.

Patxi Lopezek ez diela erantzun onargarririk ematen herritarrek planteatzen dizkioten galderei? Barkatzekoa da, zelan ez, burua bakegintza prozesuan murgilduta dauka (ea itotzen ez zaigun, kontuz).

Azken baten, herria PAUSE egoeran daukagu. Ez aurrera, ez atzera, inportanteenak eta bakarrak betetzen ditu agendak, eta herri honek, bien bitartean, ez du ezertarako eskubiderik.

Hau miseria!