Hortik zeharko altxorrak

Denbora luzea neraman ezer idatzi barik. Irakur fidelik baldin badaukat, barkamenak aldez aurretik.

Baina askotan zaila da denbora ateratzea, ardurez beteriko aldiak datozkigu, eta gainera, ez dugu motibatzen gaituen gairik aurkitzen aparteko saiakerarik egiteko bitakora honetan.

Dena dela,  argazki honek merezi zuen, bitxiak baitira hortik zehar aurki ditzakegun gauzak.

Hemendik aurrera, behintzat, asteroko idazkitxora bueltatzea espero dut.

Pedro (burutik) Jota eta bere Mundua

Asmatu dut, azkenean, Pedro Jotak zergatik deitzen dion El Mundo bere egunkariari, eta bada egunkari horrek mundua Pedro Jotaren nahietara irudikatzen duelako. Ez da izen hoberik: Pedro Jotaren Mundua (El Mundo de Pedro Jota). Hala islatzen du atzo Twitterretik bueltaka ibili zen irudi batek, El Mundotik ateratakoa: Esan beharrik ez dago, baina pankartaran leloak ez zuen ETA goraipatzen, pankartak zera zioen, “Inposaketarik ez! Nazioa gara”. Okerrena da El Mundoren manipulazioa Twitterren gai nagusi (trending topic) izatera pasatu zela berehala, baina hala ere, Pedro Jotak ez zuela atzera jo. Baina orduan eta okerrago, hurrengoa bezalako esaldiekin, gehiago apaindu zuen bere jokabidea, aipatu sare sozialean: “La foto en la reunión edit. d EM. Todos d acuerdo: no importa la polémica, tenemos razón. Defenderé esa foto hasta q el infierno se hiele”.

Eta Pedro Jotari probokatzea gustatzen zaionez, argi utzi zuen aspaldi atera zen bideo batean, gaur beste argazki iskanbilatsu bat ikusi ahal izan dugu bere egunkarian:

Titularra irakurrita badirudi argazkian agertzen direnek Bildukoak izan behar dutela, baina… ez horixe! Guardia zibilak dira. Eta ikusi duzue tipoaren besoko tatuajea? Horrek defendatu behar baldin baditu herritar guztion interesak, jai daukagu.

Benemeritan ez al da proba psikologikorik egiten taldean sartzeko? El Mundoren funtzionamendua ere, antza, ez dago oso urrun.

Gutxienez, kasu honetan, Guardia Zibilari astintzen dio argazkiak, arretaz begiratu behar bazaio ere.

Belén Esteban la vuelve a liar petarda

Behin zuen arreta lortuta, azken egunotan euskal politikaren Belen Esteban bihurtu zaigun Carlos Martinez Gorriaranekin natorkizue hirugarren egunez jarraian. Zinez espero dut azken aldia izatea.

Baina oraingoan asuntoa larriagoa da. Tipoak dio esan duena ez duela esan, eta lasai asko geratzen da. Hona hemen:

A! Aitzakia da berak “tuir” deitzen duen horretan, ez duela inondik inora Bilduren izena aipatzen. Baina hara! Unibertsitate irakasle hau baldarra da gero, eta ahaztu egiten du bere blogean idatzita daukana. Sakatu hemen irakurtzek0.

Txapa osoa irakurtzeko gogorik ez baduzue, edo medikuak aholkatu badizue kontuz ibiltzeko sabelarekin, hona hemen esaldi-gakoak:

  • “Con sus 300.000 votos Bildu gobernará a más de 700.000 personas” (hortxe dago 300.000 zenbaki magikoa).
  • “¿no ha demostrado que una parte de la sociedad vasca y navarra está dispuesta a tragar cualquier vileza con tal de estar del lado de los vencedores, de los matones y asesinos, todo lo lejos que puedan de cualquier situación que los convierta en víctimas?” (horra zergatik deitzen dien putaseme Bildu bozkatu dutenei).
  • Argi geratu ez bada, beste bat doakizue: “¿Para qué estropear la fiesta si el heredero político va consiguiendo una tras otra las pretensiones que justificaron 858 asesinatos, miles de heridos y docenas de miles más de perseguidos, desterrados y extorsionados?” (betiko kontua, proiektu politiko bat talde terrorista baten aitzakiapean gutxietsi; abertzale gehienok ere ez dugu ETA gure artean nahi, eta ziur naiz Bildukide gehienak ere berdin antzean dabiltzala).

Beraz, laburbilduz, Gorriaran jauna, putaseme deitu diezu Bildu bozkatu duten 300.000 hautesle, herritar edota euskaldunei.

Eta bukatzeko, Gorriaran jaunari, ETAkide ohi jaunari (LKI-ETA VI), bere garaian hainbeste traba jarri izan balizkiote ordezkaritza politikoan egoteko, non egongo litzateke gaur egun? Damutzea, hausnartzea, eboluzionatzea… guztion eskubideak dira, ez bakarrik Martinez Gorriaran jaunarenak.

“Hijoputismo” ilustratua

Carlos Martinez Gorriaran jauna UPyD alderdiaren sortzaileetariko bat da, eta gainera, filosofia irakaslea da EHU-UPVn. Antzekotasunak nabariak dira Fernando Savaterrekin.

Gauza da filosofia irakasle honek ez duela ikasi oraindik ideiak inposatzerik ez dagoela. Ematen du horretaz apur bat badakitela hauek guztiek ETA baldin bada ideia horiek inposatu nahi dituena, baina euren gustukoak ez direnen emaitzak eta joerak ikusten hasten direnean, halakoak botatzen dituzte:

“Asturias Euskadi bezalakoa da, baina 300.000 putaseme gutxiagorekin”.

Zenbakiak borobildu dituenez, ez dakigu PPSOE koalizioari botoa eman diotenez ari den, Bilduren hautesleez, edota EAJren hautesleez.  Susmoa daukat Bildukoei buruz ari dela.

Hala ere, 300.000 putaseme? Botoa duten herritarren artean, bostetik putaseme bat suposatzen du horrek, %20. Gizaseme honen familia hurbileko laupabost kideetatik, nor izango ote da putaseme estatistikoa?

Carlos Martinez Gorriaranek putaseme asko heziko zituen EHUren ikasgeletan, eta antza denez, filosofia irakasle honek ez du jakin onak eta eredugarriak diren baloreak haiei transmititzen.

Nik uste, sakonean, Euskadi bi zatitan banatuta dagoela, oinarri oinarrian: gure herria maite dugunon aldean kokatzen garenak, akats eta guzti, eta gure herria mespretxatzen eta gorrotatzen duten euskal herritarrak.

Lehen taldean gaudenok eraikiko dugu hesirik edukiko ez duen Euskal Herri berria. Ziur naiz.

Itunak ala ituak? Eta orain zer?

Hauteskundeak pasatu dira, hauteskundeen ajea pasatu da, eta orain, alderdi politiko guztietako egoitzei kea darie. Hainbeste buru pentsakor ez da ona izango ozono geruzarako, ez horixe.

Bildu indarrez azaldu da panorama politikoan, baina nor da Bildu? EA, Alternatiba eta Ezker Abertzalearen arteko nahaste horretan, zein da baliozko interlokutorea? Dei iezadazue nahi duzuena, baina ikusi al zenituzten Bilduren ospakizuneko irudiak? Bai, mundu guztia “independentzia! Independentzia!” oihukatzen ari zeneko irudi horiek. Ondo erreparatu al zenioten Oskar Matuteri? Antza, lotsa ematen zion horrelako zerbait lau haizeetara botatzeak, eta ez zuen egin.

Saltsa handia dago Bilduren barruan, pil-pil goxo-goxoa, baina pil-pilari azken ukitu eta puntua emateko, ontzia ondo mugitu behar da, behin eta berriro, etengabe. Ikusiko dugu.

Hauteskunde hauetatik, begibistakoa denatik aparte (PSEren porrota), beste ondorio bat atera daiteke: EAJ da itua, EAJ da begi guztien erdigunea. Zer egingo du EAJk? Zer esango du EAJk? Norengana hurbilduko da EAJ? EAJ, EAJ, EAJ…

Bilduk EAJri, etsai numberguan horri, eskua luzatzen dio. Hori bai, ez dakigu nora baina. Itun abertzale handi batez hitz egiten da hortik zehar. Baina zer da herritar soilek nahi dutena? Eguneroko ogia, Aita Santuak ondo zioen bezala. Zilegia da Bildurekin akordioetara iristea, baina jokoan al da orain independentzia edo subiranotasunari dagokion ezer? Orain erakundeak kudeatzea da datorrena eta dagokiena alderdi politikoei.

Zeinek ukatuko du EAJ Bildurekin Estatu edo nazio eraikuntza akordioetara iritsi ezin daitekeenik? Baina, eguneroko gestioan, egiteko moduan, programetan… desberdintasun handiak daude. Horiek limurtzerik balego, agian, akaso… Baina kostatik kostarako distantzia luzea da.

PSEri dagokionez, Patxi Lopez isilik mantendu da orain arte, baina sekulako okurrentziarekin atera zaigu. PSEren emaitzen erruduna krisia da, eta Espainiako politika. Harrikada Zapaterori. Berak Basagoitirekin erakutsi duen anaitasunak ez du zerikusirik izan, antza.

Baina lehendakariak beste bat bota du, potenteagoa agian: nola utziko diogu ba Bilduri agintean egoten? Herria geldiarazi egingo digu-eta! Jodo! Ba ez dakit nik herria orain baino geldiago egon litekeen… Atrebentzia behar da gero.

PPk ur hauetan ederki egiten du igeri, eta beste behin ere, EAJren teilatuan uzten du pilota, lehendakariaren antzera (kurioso), eta patxadaz eseri egingo dira gure kaiotxoak, zer gertatzen den zain.

Aralarrek zer esan gutxi dauka horretan guztian, eta epe ertainera, erabaki bat hartu beharko du: EAJrengana hurbildu ala Ezker Abertzalera jo berriro. Edo hirugarren aukera bati heldu: Nafarroan errotuko den alderdi abertzale gisa funtzionatzen hasi.

Ezker Batua, Hamaika Bat eta UPyD alderdien kasuan ere, antzeko zerbait gertatzen da. Horiek, epe laburragoan gainera, erabaki bat hartu behar izango dute.

Ukaezina da, azkenik, Euskadik inoiz baino kolore abertzaleagoa erakutsi duela. Indar espainiarrak eskas pasatzen dute bozen %30, herena alegia. Zilegi al da oraindik Euskadi bi zati berdinetan banatzea? Abertzaleak astunagoak gara: gehiago zirikatzen dugu eta pisu handiagoa daukagu gizartean.

Baina hori al da bi blokeen artean dagoen benetako diferentzia? Ikusi beharko da zer nolako abstentzioa egon den PSEren baitan, eta hurrengo autonomia hauteskundeetan zertxobait berreskuratzen duten indar konstituzionalistek. Dena dela ere, ziur naiz ez dutela %45 ere hurbiletik ukituko.

Kontuan hartzeko azken faktorea, EAEko hauteskundeak aurreratzean dago. Nola jokatuko du PSEk? Karta bat geratzen zaie jokatzeko, Euskadiko hauteskundeak eta Espainiakoak egun berean izatea alegia. Nola erantzungo luke euskal gizarteak dikotomia horren aurrean?

Ikusten duzuenez, panorama arras interesgarria zabaltzen zaigu. Ez gara batere aspertuko.

Iparraldearen egunsentia

Ba bai, Ipar Euskal Herria existitzen da, eta euskaldunez lepo dago. Egia da abertzaletasunak oraindik bide luzea duela Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan, baina pausuz-pausu zubi sendoa eraikitzen ari gara Hegoaldea eta Iparraldearen artean.

Gaur, hauteskunde kantonaletan buru belarri sartuta daudela, EAJko hautagaia den Jean Telletxeari Berria egunkariak eginiko elkarrizketa irakurri dut.  Bertan, oso hausnarketa interesgarriak uzten dizkigu Baionako zerrendaburuak, baina nere ustez, garrantzitsuena da behingoagatik bada ere, alderdi abertzale batek zein gizarte klasetan aurkezten den ondo antzeman duela, apurka hazten joateko.

Garbi hitz egiten du Telletxeak, euskalduntasuna beste era batera bizi dute mugatik haratago, eta onartzen du, “Gaur egun, abertzalea naizela diodanean, Baionakoek ez naute ulertzen”. Premisa horretatik abiatuta, eguneroko ardurei heldu nahi die EAJk Iparralden, apurka-apurka herritarrak abertzaletasunarekin lotzeko: “Abertzaleen alde bozkatzen ez duten %90ak ditut begi bistan”.

Telletxea ezkerrean.

Kudeaketa da oinarria, eta handik aurrera, herria eraiki. Hortaz, gainerako alderdi abertzaleekin koalizioan joatea ez du begi onez ikusten, EAJk bere proiektua baitauka, bere bidea jorratu nahi du, eta herritarrak bere proiektura bildu proposamen zehatz eta desberdinduarekin.

Herritarrak ondo bereizi behar du bere hautu politikoa. Iparralden ere abertzaleen eskaintza plurala bada, hauteslegoari hobeto egokituko zaio, eta agian, bide horretatik, zenbait pausu aurrera eman ahal izango dira Iparralderako proiektu komunean: euskararen ofizialtasuna, Euskal departamendua, e.a.

Aitzina beti.