ZUEK ZARETE

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarteak mezu garbi eta gardena bidali dio Euzko Alderdi Jeltzaleari: zuek zarete ataka larri honetarako irtenbideak aurkitzeko gai zaretenak. Hala uste dute %34,17k, hautesleen herenak baino gehiagok. Zeharkako mezua ere bada gainerako indar politikoentzat.

Hogeita zazpi (27) jesarleku atera ditu EAJk hauteskundeetan, 2009ko hauteskundeetako %1,15eko parte hartze altuagoarekin. Datu horrekin bakarrik, boteprontoan, ondorio batzuk atera daitezke:

  • PSEk eta PPk ez dute aitzakiarik, parte hartzea altuagoa izan da eta euren boto-galerak ikaragarriak izan dira.
  • EAJk bakarrik, PP-PSE-UPyD batuketak bezain beste jesarleku dauka.
  • EH-Bildu Legebiltzarrean sartu den arren, ez da nabaritu EAJren higadurarik. Alderdi sendo eta liderra dela erakutsi du.

Zenbaki absolutuetara jaitsiz, aintzat hartu behar den lehenengo gauza da bozka eman zezaketenen kopurua 2009an baino baxuagoa zela. 2009an, 1.776.059 pertsonek zuten botoa emateko eskubidea eta 2012an, aldiz, 1.718.696 herritarrek. Azkenean, guztira, parte hartzearen ehunekoa igo bada ere, hautesle gutxiago egon da. Hori ala izanik, EAJk 16.000 boto “galdu” ditu bakarrik 2009ko hauteskundeen erreferentzia hartuta, eta hori oraingoan EH-Bildu (Ezker Abertzalea) bozkatzeko aukera zegoela. Datu horiek osatze aldera, aurtengo hauteskundeetan, EAJk alde handiagoa atera dio EH-Bilduri, 2009an PSEri baino. Hori ez da emaitzei eustea, hori da ikaragarrizko sendotasuna erakustea, herriaren erreferente moduan agertzea alegia.

Apimarratzekoa da, gainera, Araban lehen indarra izatea eta Gipuzkoako (azken emaitza oraindik airean badago ere), EH-Bilduren 482 botoko alde estua. Ezker koalizio subiranistako kideek esan dute dagoeneko hausenarketaren bat dagokiela egitea, eta ea hausnarketa horrek nora daramatzan, SORTU alderdiarekin zer egingo duten ere airean baitago, eta koalizio barruko tentsioak areagotzeko arriskua baitaukate.

Eusko Alkartasuna eta Aralar barruan, bere aldetik, hausnarketatxo bat egitea ere ez legoke sobera. 2011n, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan eta Amaiur markapean, EH-Bildu integratzen duten indar berberak aurkeztu ziren elkarrekin, eta oraingoetan ia 10.000 boto galdu dituzte hauteskunde horiekin konparatuta. EAJk, ostera, hauteskunde horien erreferentzia hartuta, ia 60.000 boto gehiago atera ditu. Ez da makala!

Hortaz, eta egoera ekonomiko larriaren ondorioz EAE gobernatzeko zailtasunak nabariak badira ere, EAJk eszenatoki amestua lortu du Legebiltzarrean. Gehiengo osoa eskuratzen du EH-Bildurekin, PSErekin edo PP+UPyDrekin. Baina EH-Bilduk eta PSEk ez dute gehiengo osorik lortzen, are gutxiago PP eta PSEk. Horrek joko politikoaren aukerak zabalik uzten ditu, eta Autonomia Erkidegoa guztion onurarako eta inor bidean utzi gabe aurrera ateratzeko parada. Gainera, EAJren garaipena hain garbia izanik eta egoera ekonomikoa hain larria, uste dut ez dagoela kabidarik muturreko jarreretarako eta alderdi guztiek jarri beharko dutela euren harri koskortxoa, herriaren mesederako.

Ez dago gaizki orain eta hemen gogoratzea, EAJ bere kabuz aurkeztu zen azken Legebiltzarrerako hauteskundeetan (1998), eta Ezker Abertzalearen partaidetzarekin, EAJk 21 eserleku eskuratu zituela, EAk 6 eta Ezker Abertzaleak (Euskal Herritarrok) 14. Eserleku bakarreko aldea geratu zen EAJ eta gaur egun EH-Bildu osatzen dutenen artean, Lizarra-Garaziko akordioak sortu zuen ilusioaren markoaren eraginpean. 2012ko hauetan, ETAk borroka armatua behin-betiko utziko zuela urte bete pasatu denean, alde hori 6 eserlekukoa da, bost gehiago.

Zer esanik ez dago, bukatzeko, Iñigo Urkulluren lidergoa indartu egin dela. Euzko Alderdi Jeltzaleak, Ezker Abertzalea legeztatu ondoren, lehen alderdi abertzalea izaten jarraitzen du nabarmen, eta gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaritzaren ateak zabalik ditu.

Orain lan egiteko eta Euskadi aurrera ateratzeko unea heldu da, DENON ARTEAN.