Itunak ala ituak? Eta orain zer?

Hauteskundeak pasatu dira, hauteskundeen ajea pasatu da, eta orain, alderdi politiko guztietako egoitzei kea darie. Hainbeste buru pentsakor ez da ona izango ozono geruzarako, ez horixe.

Bildu indarrez azaldu da panorama politikoan, baina nor da Bildu? EA, Alternatiba eta Ezker Abertzalearen arteko nahaste horretan, zein da baliozko interlokutorea? Dei iezadazue nahi duzuena, baina ikusi al zenituzten Bilduren ospakizuneko irudiak? Bai, mundu guztia “independentzia! Independentzia!” oihukatzen ari zeneko irudi horiek. Ondo erreparatu al zenioten Oskar Matuteri? Antza, lotsa ematen zion horrelako zerbait lau haizeetara botatzeak, eta ez zuen egin.

Saltsa handia dago Bilduren barruan, pil-pil goxo-goxoa, baina pil-pilari azken ukitu eta puntua emateko, ontzia ondo mugitu behar da, behin eta berriro, etengabe. Ikusiko dugu.

Hauteskunde hauetatik, begibistakoa denatik aparte (PSEren porrota), beste ondorio bat atera daiteke: EAJ da itua, EAJ da begi guztien erdigunea. Zer egingo du EAJk? Zer esango du EAJk? Norengana hurbilduko da EAJ? EAJ, EAJ, EAJ…

Bilduk EAJri, etsai numberguan horri, eskua luzatzen dio. Hori bai, ez dakigu nora baina. Itun abertzale handi batez hitz egiten da hortik zehar. Baina zer da herritar soilek nahi dutena? Eguneroko ogia, Aita Santuak ondo zioen bezala. Zilegia da Bildurekin akordioetara iristea, baina jokoan al da orain independentzia edo subiranotasunari dagokion ezer? Orain erakundeak kudeatzea da datorrena eta dagokiena alderdi politikoei.

Zeinek ukatuko du EAJ Bildurekin Estatu edo nazio eraikuntza akordioetara iritsi ezin daitekeenik? Baina, eguneroko gestioan, egiteko moduan, programetan… desberdintasun handiak daude. Horiek limurtzerik balego, agian, akaso… Baina kostatik kostarako distantzia luzea da.

PSEri dagokionez, Patxi Lopez isilik mantendu da orain arte, baina sekulako okurrentziarekin atera zaigu. PSEren emaitzen erruduna krisia da, eta Espainiako politika. Harrikada Zapaterori. Berak Basagoitirekin erakutsi duen anaitasunak ez du zerikusirik izan, antza.

Baina lehendakariak beste bat bota du, potenteagoa agian: nola utziko diogu ba Bilduri agintean egoten? Herria geldiarazi egingo digu-eta! Jodo! Ba ez dakit nik herria orain baino geldiago egon litekeen… Atrebentzia behar da gero.

PPk ur hauetan ederki egiten du igeri, eta beste behin ere, EAJren teilatuan uzten du pilota, lehendakariaren antzera (kurioso), eta patxadaz eseri egingo dira gure kaiotxoak, zer gertatzen den zain.

Aralarrek zer esan gutxi dauka horretan guztian, eta epe ertainera, erabaki bat hartu beharko du: EAJrengana hurbildu ala Ezker Abertzalera jo berriro. Edo hirugarren aukera bati heldu: Nafarroan errotuko den alderdi abertzale gisa funtzionatzen hasi.

Ezker Batua, Hamaika Bat eta UPyD alderdien kasuan ere, antzeko zerbait gertatzen da. Horiek, epe laburragoan gainera, erabaki bat hartu behar izango dute.

Ukaezina da, azkenik, Euskadik inoiz baino kolore abertzaleagoa erakutsi duela. Indar espainiarrak eskas pasatzen dute bozen %30, herena alegia. Zilegi al da oraindik Euskadi bi zati berdinetan banatzea? Abertzaleak astunagoak gara: gehiago zirikatzen dugu eta pisu handiagoa daukagu gizartean.

Baina hori al da bi blokeen artean dagoen benetako diferentzia? Ikusi beharko da zer nolako abstentzioa egon den PSEren baitan, eta hurrengo autonomia hauteskundeetan zertxobait berreskuratzen duten indar konstituzionalistek. Dena dela ere, ziur naiz ez dutela %45 ere hurbiletik ukituko.

Kontuan hartzeko azken faktorea, EAEko hauteskundeak aurreratzean dago. Nola jokatuko du PSEk? Karta bat geratzen zaie jokatzeko, Euskadiko hauteskundeak eta Espainiakoak egun berean izatea alegia. Nola erantzungo luke euskal gizarteak dikotomia horren aurrean?

Ikusten duzuenez, panorama arras interesgarria zabaltzen zaigu. Ez gara batere aspertuko.

Azken txanpa

Astebete baino gutxiago falta da kanpaina bukatzeko, baina hemendik aurrera, gero eta garbiago, azken txanpa datorkio Patxi Lopezi lehendakaritzan.

Asteburuko [Enlace roto.] garbi uzten dute euskal gizartea gutxi aldatu dela azken urteotan, eta norabait aldatu baldin bada, abertzaletasunerantz izan da. Hori da Patxi eta Antonioren gobernuaren garaipena, eta hori da Espainiako ilegalizazio eta ezetzen gobernuen ondorioa. Gaitzerdi Euskadi aske bat nahi dugunontzat.

Maiatzaren 22an datoz benetako emaitzak,  eta bi urte barru dago lehendakaritza jokoan, baina bien bitartean, ilusioa antzematen da euskal gizartean. Ilusioa zergatik? Garai berriak datozelako, eta garai berri horiek forma hartu beharra dute Euskadirentzako egitura politiko berri baten.

Bilduk aire berria lekarke erakundeetara, oraindik zein proiektu dakarren oso garbi jakin barik; eta EAJ egonkortu egiten da, oraindik eta pisu handiagoa hartzen du, eta panorama politikoari esperantzaren berdeaz begiratzeko aukera ematen digu.

Hauteskunde hauek ere beste ondorio bat dakarte: alderdi txikiak ia behin betiko desagertzea. Bi alderdi espainiar handi izango dira hemendik aurrera (agur UPyD), eta bi alderdi abertzale handi (EA eta Alternatiba urtuta Ezker Abertzalearen barruan, Aralarren txanda etor liteke). Ezker Batuak ere, badirudi azken hatsak eman dituela.

Baina, nire kasuan behintzat, ilusio handiz begiratzen diot Antzinako Erreinuaren hiriburuari. Iruñan [Enlace roto.] zirraragarria da, eta Uxue Barkos alkate izango balitz… Nafarroa osoan abertzaletasuna erakusleihoan jartzeko paradaren aurrean geundeke. Egiteko beste modu bat, hobea; eta handik aurrera, zer etor liteke Erriberatik Baztanerako Foru Erkidegoan?

Une politiko garrantzitsu baten aurrean gaudela argi eta garbi ikus daiteke. Tira, argi eta garbi ikusten du ikusi egin nahi duenak. Sozialistak, hainbeste arrosa banatzen, eta zein garesti dauden ikusita, begiak ere utziko zituzten loretxoak erosten.

Alderdi sozialistaren itsukeriaren azken adibidea, Patxi Lopezek eman digu, Twitter bidez:

Demokrazia osoa Ezkerraldean agintzen eta, orain,  gainbehera zelan datorkien ikusten ari dira. Orain arte zer egin dute Ezkerraldea biziberritzeko? Ba odolkiak ordainetan.