Olentzero nafarra da

Hasi da Barcina bere barcinakeriekin.

"DDUN.Iruñea" blogetik
"DDUN.Iruñea" blogetik

Gosaltzen irratia entzuten ari nintzela, gaileta okerreko lekutik sartu zait Iruñako (eta Nafarroako beste zenbait lekutako) urteroko matrakari aditu diodanean: Yolanda Barcinak, hemen aipatuko ez ditugun hainbat ezizen dituen Iruñako alkateak, hiriko auzo batzuetatik ateratzen diren  Olentzero ospakizunak salatu ditu “por reivindicativas”, aldarrikapenak direlako alegia, lingua navarrorumez esanda.

Aldarrikapena dela??? Nola ez ba? Euskal kultura kutsua daukan ezerk Nafarroan jazarpena pairatu behar badu? Gogora diezaiogun Barcina andreari Olentzero pertsonaia mitologiko nafarra dela, eta nafar kulturaren barruan dagoela. Ez al luke ba Nafarroako eta Erresuma Zaharreko hiriburuko alkate denak kultura horren alde egin beharko?

Oraindik ikusteko hamaika dauzkagu.

Baina behintzat, gaur Deiako 4. orria  irakurri ondoren,  “Bogando por la Red” delakoa, Olentzerori aurten eman dioten alderdi ludikoaren berri izan dut. Antza, doaneko bideojokoa dago EGIren web orrian, EAJko gaztediaren web orrian, eta dibertigarria omen da. Probatu beharko.

Ongi etorriak irribarrea ateratzen diguten ekimenak.

Zure burua ezagutu: Gabonetako testa

1. Nor da abenduaren 24ko gauean etxeetan sartzen den gizon potoloa ikatza eta opariak banatzeko?

a) Olentzero, jakina.

b) Santa Klaus, miraquepreguntar

c) Gure etxean paperik gabeko etorkinak sartzen dira bakarrik baimenik gabe.

2. Zein apaingarri erabiltzen duzu zure etxea atontzeko?

a) Eguzkilorea jartzen dut beti etxeko atean.

b) Zuhaitza, bolatxo gorriak, Santaklausa, Belena, eta txinatarren dendetan eros daitekeen edozein pitokeria.

c) Apaingarriak? Francoren erretratuari txanotxo gorria janzten diogu, eta nahiko da.

3. Zein da zure Gabon Kantarik gustukoena?

a) “Hator, Hator” eta “Oi Bethleem” artean zalantzan nago.

b) “Noche de Paz” edo “Holly Night”, bertsio originalean.

c)  “La Marimorena”, Lola Floresek kantatua, ahal bada.

4. Gabonetan inspiratuta dauden filmen artean, zein hautatuko zenuke?

a) ETBren aspaldiko “Olentzaro” film labur musikala, Gontzal Mendibilek kantatzen zuen hura.

b) “El Grinch”. Jim Carrey agertzen zen horretan, ezta?

c) Orain ez dut gogoratzen, baina seguru nago Pajaresek eta Estesok baten bat egin zutela.

5. Gabonei buruz irakurri duzun liburu edo pasarterik onena?

a) Kixmiren jaiotza, dudipez

b) “Cuento de Navidad”, Charles Dickensena.

c) “La Biblia”. AlabadoseaelSeñor.

6. Zer dira zuretzat Erregeak?

a) Espainol galantak.

b) Opari gehiago ekartzen dizkidaten pertsonaia maitakorrak.

c) Hirugarren Errepublikatik salbu uzten gaituztenak.

7. Zelan ospatzen duzu abenduaren 31?

a) Mendira igotzen naiz, normalean Gorbeiara.

b) Egun osoa ematen dut gaueko afaria prestatzen, eta gero xanpaina edaten dut. Baina ez gehiegi, lar tontotzen nau-eta.

c) Normaltasuna ekarri duen lehendakariaren hitzaldia jarriko dut, eta gero Erregearena ikusiko dut berriro, urtero grabatzen dut.

8. Zer opari eskatu duzu Gabonetarako?

a) Gabriel Arestiren antologia.

b) Bakea munduan, eta bueno… iPad bat. Hori garestiegia bada, Lady Gagaren diskarekin poz-pozik geratuko naiz.

c) Barbie Legionaria.

9. Zer edaten duzu Gabonetako afari, bazkari eta bestelako otorduetan?

a) TxakoliNa eta patxarana.

b) Xanpaina edo cava, dena delakoa, Freixenet hori.

c) Jerezeko ardoa, eta batzuetan gazpatxoa, kalefakzioa topera jartzen dugulako eta freskagarritxo bat hartzeko.

10. Zer da Gabonetan faltan botatzen duzuna?

a) Durangoko Azoka urtarrilaren 6 arte luzatzea.

b) Elurra, umeek atez ate Gabon kantak abestea… pelikuletan ikusten dudana.

c) Libertinaje gehiegi dago, duela 50 urte ez zen hori gertatzen.

EMAITZAK:

A erantzun gehiago: zure alboan Perurena espainol hutsa da. Garbi-garbi gordetzen dituzu euskal tradizioak, eta  Aita Barandiaranen lana hedatu eta perfekzionatzeko jaioa zara. Eztulak ere euskaraz ateratzen zaizkizu.

B erantzun gehiago: zu definitzeko badago ingelesezko hitz bat, doi-doia, “happy“. Telebista da zure gida, eta telebistako amerikanoak zure eredu. Modari jarraitzen diozu, edo ustezko modari, eta poz-pozik zabiltza hodei artean.

C erantzun gehiago: ai amatxo! Franco hil zenetik depresioan zaude. Biblia irakurtzen duzu gauero hildakoak berpizteko pasarteren baten bila. Fatxa galanta zara, burutik oinetara, eta Espainiaren kutsurik ez duen ezer erraietatik gorroto duzu. Zure baitan Gabonetako izpiritua bilatzea alferrik da.

OHARRA 1: ez baduzu umorez eta irribarrez irakurri sarrera hau, ez utzi iruzkinik, ez baita inor haserretzeko idatzi.

OHARRA 2: zure burua aurreko hiru kategorietariko baten islatuta ikusi baduzu… azkar! idatzi zerbait! Topiko baten alegoria zara.