Izan gara, bagara eta izango gara

Aipa ditzagun, hasteko, azken egunotako egia eztabaidaezin batzuk:

1. Inoiz baino hori-gorri gehiago ikusi ditugu gure inguruan.
2. Jende asko kalera atera da ez bakarrik kirol garaipen bat ospatzera, baita euren espainiartasuna aldarrikatzera ere.
3. Frogatuta geratu da kirola ez dela kirola bakarrik, Espainiatik askotan entzuten den “ez nahastu kirola politikarekin” konatua lokatzean utziz.

AUSTRIA FÚTBOL EUROCOPA'08Beste alde batetik egia horien maila berean koka ditzakegun beste baieztapen batzuk dauzkagu:
1. Aldarrikapen hori-gorri horiek egin dituztenak ez dira gehiengoa izan, ezta hurrik ere.
2. Estatuko komunikabideek euren tesiak berrindartzeko erabili dute Euskadin kalera atera den gutxiengo hori. Euskadi ere gorriarekin dago, hau da, Espainiarekin.
3. Bagenekien Euskadin bizi direnen zati handi batek Espainian kokatzen duela bere bihotza, hauteskundez hauteskunde islatzen da hori. Zer berri ekarri digu Mundialak errealitate politikoari begira? Bat ez.

Eta egia horiek azalarazita, gogoetarako gaiak, galderak, esaldiak… baino ez zaizkigu geratzen:
1. Zer dugu nahiago? Nork bere sentimenduak plazaratzeko askatasuna sentitzen duen herria ala beldurra arnasten duena?
2. Nola eraikitzen da gizabanakoaren identitatea? Ez al da unean-uneko garaipenetik harago doan zerbait?
3. Erakargarritasunik galdu al dute Euskadirekin soilik lotzen gaituzten ikurrek? Ikurrina, euskara…
4. Euskadik ez al du bere garaipenak “saltzeko” ahalmenik? Nola berrindartu?

Bukatzeko baina, azken egunotan bueltaka izan dudana. Berrogei urteko diktadurak “xarma” kendu zion Espainia gogora zekarren orori. Horrenbeste urtetan bizitzen ari garen terrorismoak edo terrorismoaren mehatxuak ez al du gauza bera egin Euskadi gogora dakarren ororekin belaunaldi berrientzat?

Indarkeriak eta terrorismoak gure herriari egiten dioten kaltea eta egin diezaioketen kaltea ez da bakarrik begiekin ikusten dugunarekin neurtzen.

Dena dela, ez dezagun itxaropenik gal: izan gara, bagara eta izango gara, ez izan zalantzarik.