Hauteskunde debateak

Atzo ETB1eko debatea izan zen, euskaraz, eta Patxi Lopez, duela hiru urte eta erdi agindu egin bazuen ere, ez zen bertan izan. Ezta Basagoiti ere, baina hura ez genuen espero.

Euskarazko debatea ikusi ostean, pentsatu nuen lehen gauza zera izan zen, pena ematen zidala euskaldunak ez diren euskal herritarrek eztabaida jarraitu ezin izana, benetan arina, mamitsua eta emankorra izan zelako, gaztelaniazkoa ez bezala.

Oso irudi ona eman zuten bai Urkulluk, bai Mintegik, lasai, solturaz, eta esan nahi zutena ondo azalduz, mahaikideen solasaldien interbentzioak baldintzatuaz. Urkulluri estadista handiko trazak ere antzeman nizkion, eta Laura Mintegik berak ere bere adostasuna adierazi behar izan zion euskal subiranotasunaren gaia atera zenean. Basagoitik eta Lopezek jarri dute kanpaina honetako joko zikina, eta ETB1en falta izan zirela nabaritu zen ere aspektu horretan, eztabaida lasaia izan zelako, mamitsua bai, baina lasaia, harropuzkeriarik gabekoa.

Baina batez ere, ETB1eko formatuaren emankortasunari begira, galdera bat bururatu zitzaidan: zergatik aurreko eguneko debatea ez zen hain erakargarria izan? Astuna ere suertatu zen tarte askotan. Ba erantzun bat eta bakarra aurkitzen diot galdera horri. Jakina da eztabaidetako arauak eta moldeak solaskideen artean adostu behar dituztela, eta hala ez bada, ez dago debaterik. Jakinda Lopez eta Basagoiti falta izan zirela ETB1ekoan, erraz ondoriozta daiteke bietariko batek (edo biek, akaso) ekidin zutela bart izan zen debatearen formatua ETB2koan ere ikusi ahal izatea. Esateko ezer gutxi duenak bakarrik jar liezazkioke hainbesteko mugak eztabaida sakon, serio, eramangarri eta mamitsu bati, programa duena, ostera, esateko gauza asko dituena, ez da zertan horren beldur izan.

Mintegi (hasiera batean egongo ez zela esan arren) eta Urkullu indartuta atera dira ETBko debateetatik, biei bere osotasunean erreparatuta. Eta atzokoan, aurrekoan bezalaxe, Urkullu izan zen erdigunea, denak zeuden hari begira.

Euskal gizartea ere horretaz jabetuko delakoan nago. Garai berriak datoz.

Hitz-gakoa: sinesgarritasuna

[Enlace roto.] Eusko Jaurlaritzaren krakari dagokiona izan da, bere testuinguru jakinarekin: Iñigo Urkullu atera zen esatera Eusko Jaurlaritzaren deiak jaso dituela laguntza eske, eta maneiatzen dituen datuen arabera, egoera oso larria dela.

Zezenen modura atera dira, horren ostean, Idoia Mendia, Rodolfo Ares, Basagoiti (antza bai, gobernuan dago) eta inguruko beste batzuk. Baina airean somatzen zen sentsazioa ez zen hori, gizarteak sinetsi egiten zituen Iñigo Urkulluren hitzak.

Horregatik, hain zuzen ere, gezurra luza ezin zitekeela ikusirik, EBBren presidenteak Ares berak deitu ziola zehaztu ondoren, ez dio inork informazio hori ukatu, eta barne sailburuak egiaztatu egin zuen. Ostera, beste hitz batzuk erabili dituzte horri aurre egiteko: erantzukizun falta, arduragabekeria… Hau da, eraso pertsonala, oinarri handirik gabekoa.

Zer da, beraz, horretatik guztitik ondoriozta dezakeguna? EBBren presidenteak etsai politikoak izango ditu, batzuen gustukoago izango da eta beste batzuen ez horren gustuko, baina gauza bat argi eta garbi geratu da: Iñigo Urkullu zeharo sinesgarria da. Ez du inork esango, edo oso arerio hiperlerrokatu gutxi batzuek bakarrik, gezurretan ibiltzeko gai denik.

Gaur egungo politikagintzan, hori zaindu beharreko aktibo bat da. Rubalcabak harro asko esan dezake Patxi Lopez aktibo bat dela PSOE barruan, baina benetako aktiboa, jendeak estimatzen duena, beste hori da, sinesgarritasuna, seriotasunarekin eta lan irmoarekin landutako sinesgarritasuna alegia.

Ba al da hori baino balio inportanteagorik hain kutsatuta dagoen politikagintzan?

2.0 lehendakaria

Gaur 2.0 urte betetzen dira Patxi Lopezek Ibarretxeren gainetik jauzia eman zuenetik, Antonio Basagoitiren pertikaren laguntzari esker.

2.0 urte, eta hala ere, Idoia Mendia entzun izan dugu patxi Lopez bera baino askoz sarriago.

2.0 lehendakaria dugu Lopez jauna, zentzudun pentsatuta, 2.0 delako eman dakiokeen notarik onena:

  • 2.0 lehendakariak ez du Twitterrik erabiltzen, erabiltzen diote (zenbat txiste atera daitekeen esaldi horretatik!)
  • 2.0 lehendakariak ia bi hilabete eman ditu bere Facebook kontua eguneratu barik. Eta gaur egun ere, oso gutxitan egiten du.
  • 2.0 lehendakari honek Gobernu Irekia deritzon autobonborako egitasmoa jarri du abian.
  • 2.0 lehendakaria da ezin duelako 1.0 izan, Basagoitiren atzaparra behar du gobernatzen jarraitzeko. 1.0 + 1.0 = 2.0, matematika erraza.
  • 2.0 lehendakaria dugu ere mugak gainditu egiten dituelako: Madrilen Gasteizen baino askoz gehiago maite dute. Eta a zelako arrakasta izan duen [Enlace roto.]!

Beste 2.0 urte geratzen zaizkio (legez) Superlopezi, eta behintzat, aurretik esan dudana, lortu egin du Madrilen Euskadin baino gehiago maite dezaten, aurreko lehendakariek lortu ez zutena. Euskal gizartea zertarako aintzat hartu abertzaleon gehiengoaren kontrako lehendakari batek karrerarekin jarraitu ahal badu Inperioaren hiriburuan? Jasango lukete Lopez Espainiako presidente balitz? Orain argazkirako oso ondo geratzen zaie espainolei kanpotik begiratuta, baina eurentzat gonernatu behar izango balu, zer?

Bien bitartean, bere lagun mina den Basagoitik ere ez dio Lopezen gestioari aprobatua ematen, 2.0, penko.  Baina hor jarraitzen dute, buruz buru, Espainia Euskadiren gainetik dagoelako.

Helduko da horrela pentsatzen ez duen lehendakaria, giza legez.

Gezurra husteak erdia ustel

Bitxia da politikari batzuek errealitatea euren gustura zelan malgutzen duten ikustea. Bitxia, tristea… edo herritarrok lerdotzat jotzen gaituztela.

Atzo, martxoak 1, urtebete konplitu zen Patxi Lopezek hauteskundeak galdu zituenetik. Hala ere, lehendakaritzarako jauzia eman zuen.

Ez ditugu hemen errepasatuko emaitzak zeintzuk izan ziren, zein baldintzatan eman ziren hauteskunde horiek eta abar. Hizkuntzaren erabileran geratuko gara, gaurkoan hitzei ematen zaien esanahiari so egingo diogu.

Gezurra: iz. Egia ez dela jakinda edo uste izanda eta besteek egia dela sinets dezaten esandakoa; egia ez dena. Ea noiz den zilegi gezurra esatea. GEZUR(RA) EGIN. Huts egin, emandako hitza bete ez. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikotik hartua)

Hortaz, gezurra, hitz laburretan, emandako hitza ez betetzeari deritzo. Iazko hauteskunde kanpaina gogora ekarrita, edonork oroit litzake gaur egun lehendakari den jaunaren adierazpenak: “ez dut PPrekin pakturik egingo”.

Martxoaren 1ean bertan, lehendakari izateko legitimitatea zuela adierazi zuen, hauteskundeak galdu eta hurrengo segundoan. Abian jarri zen hitzarmena PPrekin.

Gaur bertan, Idoia Mendiak, Gobernuko bozeramailea, esandakoak entzun ahal izan ditugu, Patxi Lopezek bere hitza bete duela, lehendakariorde ez izateko egin zuen zina alegia.

Ba bai, hala da, hitza bete du, ez da lehendakariordea, lehendakaria baizik. Baina berdin berdin bete zezakeen bere hitzaren parte hori, beste partea ere konplituta, hots, lehendakaria ez izatearena.

Hala egin izan balu, gaur egun esan genezakeen Patxi Lopez euskaldun peto-petoa dela (izanez, ez elez), hitzeko gizona zatekeelako. PPrekin pakturik sinatu izan ez balu, ez genukeen gezurretan harrapatu izango PPrekin pakturik egingo ez zuela esan eta gero. Eta jakina, lehendakariorde ez izateko aukera ere bere esku geratzen zen. Zelako abagunea!

Bagenekien Patxi Lopez gezurraren uretan igerian oso ondo moldatzen dela, baina beste gauza batez hasi gara ohartzen: Idoia Mendiak herria tontoa (edo gor-itsua) dela uste du. Gezur bat egi baten azpian estaltzeak ez du gezurra ezabatzen. Kasu honetan, bat ken bat ez da zero. Hitzak ez dira matematika, eta esandakoak erantzukizuna dakar, eta erantzukizun horri erantzuten ez diozunean errudun zara.

Horretara dator, beraz, idatzi honen izenburua: gezurra egi batekin husteak, ustelaren kiratsa baino ez dakar.