Indarkeria imajinarioan

Ia hiru urte igaro dira ETAk borroka armatua utzi zuenetik eta horrek izugarri aldatu du euskal gizartearen bizimodua, baina argi dago bakea egonkortu beharra dagoela. Bakea ez dator borroka armatua uztetik, edo ez hortik soilik behintzat.

Bakea askoz gehiago da. Bakea da aurkari politikoarekiko eta herrikideekiko errespetua, bakea da demokrazian benetan sinestea eta gizartea argudioz konbentzitzen saiatzea. Baina Ezker Abertzalearen imajinarioan, zoritxarrez, indarkeriak badu bere lekua oraindik, indarkeriaren nolabaiteko justifikazioa; berdin pentsatzen ez duena hitzez, irudiz eta ekintzez izutzea ez dagoela gaizki alegia. Eta hori guztia antzeman egiten da, batez ere, Ezker Abertzaleko gazteriak (gazteria “ofiziala” esan dezagun)  gizarteratzen dituen mezuetan.

collage“Zuen burua gure jo puntu”, “eman sua”, gerrillarako (erabili egiten duten hitza) prest dagoen gaztea, beti “tresnaren” bat esku artean. Hori da, oraindik gaur egun, Ezker Abertzalearen balaunaldi berrietan ereiten ari diren hazia. Ez da harritzekoa, beraz, gizarteak eskatzea Eusko Jaurlaritzari bakea jar dezala lehentasunen artean, eta bakearekin batera, konponbidea eta bizikidetza.

Baina adibide horiekin nahiko ez bageneuka, kartel horiek herrietako edozein lekutan itsatsita aurkitzeaz gain, hormetan mehatxuzko leloak ikus ditzakegu asteburuz-asteburu:

Collage2Nola eraikiko dugu bizikidetza hori herri honetan? Horri buruzko tailerrik egingo al dute Burutakzio topaketetan Ezker Abertzaleko gazteek? Ba komeni da.

Kontuz! Herria PAUSEn dago

Benetan diotsuet, zinez, oso zaila da egun bateko atsedena hartzea eta blogean ezer ez idaztea. Gaiak pilatu egiten dira mahai gainean, posta elektronikoan, sare sozialetan…

Hala ere, Blanca Urgellentzat, EAEko Kultura sailburua, ez dago ezer. Tira, bai, zerbait badago, bat eta bakarra, txiste txarra egiteko baimena eskatu barik, urgellte edo larria den gaia, letra larriz: indarkeria, ETA.

Ez dut zertan nire kontzientzia zuritu inoren aurrean, baina argi gera dadila irakurtzen jarraitu aurretik: ETA sobera dago herri honetan eta edonon. Nik ez dut su-etenik nahi, nik armak sumendi batera bota ditzatela aholkatzen diet, eta diru beltza Gobernuz Kanpoko Erakunde bati ematea.

Argibidea eman ostean, zer uste du Kultura sailburuak? Herritarrok aldaketaren anestesiarekin lokartuta gaudela? Picassoren Guernica Euskadira ekartzearekin adarra jo digu Urgellek. Eskaera hori gutxietsi du sailburuak oso argudio xelebrearekin: [Enlace roto.], eta nola ez, garrantzitsuagoa den hori ETArekin amaitzea da.

Ez diot arrazoia ukatuko sailburuari, egia da, ETA gure bizitzetatik ateratzea Guernica Euskadira ekartzea baino garrantzitsuagoa da, erabat, ados. ETA ZER? Zer demontre esan nahi digu horrekin? Ezin dela ezer ere egin ETAren zama bizkar gainean daukagun bitartean?

Krisiaren kontrako neurri doiagoak eta eraginkorragoak eskatzen ditugula? Ez, gai garrantzitsuagoak dauzkagu mahai gainean.

Jantokietako begiraleek hamaika greba antolatzen dituztela? Hori ez da garrantzitsuena.

Urdaibaiko zonaldea berpiztu beharra dagoela? Tira, laaaaaaasai, oraindik ez dugu ETArekin amaitu, eta bertoko biztanleek itsasoko arrainak jan ditzakete, ezta?

Euskal Telebista Publikoaren gainbeherarako balaztarik ez daukagula? Bai, beno, beste telebista kate batzuk daude… eta Espainiako informatiboak dauzkagu,  salbu gaude.

Patxi Lopezek ez diela erantzun onargarririk ematen herritarrek planteatzen dizkioten galderei? Barkatzekoa da, zelan ez, burua bakegintza prozesuan murgilduta dauka (ea itotzen ez zaigun, kontuz).

Azken baten, herria PAUSE egoeran daukagu. Ez aurrera, ez atzera, inportanteenak eta bakarrak betetzen ditu agendak, eta herri honek, bien bitartean, ez du ezertarako eskubiderik.

Hau miseria!