Sortuk ez daki independentzia zelan lortu

Eta ez da bakarrik Ezker Abertzalekoek ez dakitela zelan lortu, ez, gainera aditzera eman nahi dute oso seguru daudela euskal bideaz eta eurek bakarrik daukatela herri honen erabateko burujabetzarako giltza. Baina errealitatetik ezin urrunago.

Atzo bertan, Hasier Arraizek, Ezker Abertzalearen alderdi ofizialaren presidentea, esaten zuen independentzia nahi duten eragile sozial eta politiko guztien arteko akordioa bilatuko dutela, alde bakarrekoa, eta jakina, nola ez?, “la confrontación es inevitable e imprescindible”. Horrela, adibidez, eredu eskoziarretik aldentzen dira. (Ikusi albistea [Enlace roto.]).

Baina duela gutxi, bi hilabete eskas hain zuzen ere, iazko abenduaren 15ean, Pernando Barrenak zera esaten zigun, Euskal Herrian[Enlace roto.] independentzia erdiesteko. Hori esan zutenean, denok ulertu genuen, eta ez zuten ukatu, azpian pakturako izpiritua zegoela, akordio ireki eta zabalak bilatzearena, anitzak, guztien artekoak, desberdinen artekoak alegia. Independentistok bakarrik ez dugulako herri hau osatzen, herri hau anitza da, eta independentzia nahi izanez gero, alde bakarretik eraikitako independentzia hori, seguru asko, eraikin ahula izango da, lurrera arin erortzeko arriskua izango lukeena.

IzengabeaLehen ez bagenekien zein zen Ezker Abertzalearen proiektua, orain gutxiago. Zer nahi dute? Independentziarako bide solido bat, zaila eta malkartsua izango dena, baina eraikin sendoa altxatzea ahalbidetuko ligukeena? Ala nahiago dute propaganda hutserako bakarrik balio duen indar independentisten aldeko akordio hori zarata apur bat ateratzeko, eta bide batez, euskal biktimismoaren diskurtsoa gehiago higatu?

Nik ez daukat hegaxka magikorik, baina Ezker Abertzaleak are gutxiago, diskurtso publikoa ere ez daukatelako batere garbi. Argi ditzatela gauzak etxe barruan lehenago, bederen.

Sortu, EAJren kopia merke hori

1. “Kataluniarrek eta euskaldunek amets berbera dute, baina ezin da ukatu herri bien errealitatea desberdina denik, eta batean ematen diren urratsak ezin direla bestean mimetikoki eman”.

Sortu-Euskal-Herria-resolucion-conflicto_EDIIMA20131215_1010_42. “Hori egitea (pausu berberak ematea) akats larria litzateke”.

3. Kataluniako herritarrek bere bidetik joan behar dute, eta euskal herritarrek beretik”.

4. “Adostasun zabala lortu behar da Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen inguruan, gatazkari irtenbide integrala emateko”. (Erabakitzeko eskubidea dio, ez independentzia).

Zer uste duzue? Esaldi horiek Iñigo Urkullu, Andoni Ortuzar, Itxaso Atutxa, Joseba Egibar edo EAJko beste burukideren batenak direla? Ba ezin erratuago egon. Esaldi horiek [Enlace roto.], Sortuko (Ezker Abertzalearen alderdia) bozermaileak.

Argitzapen gehiagoren beharrik ez badago ere, zerbait esan beharra dago. Zelako kaparrada eman duten EAJk behin eta berriro errepikatzen zuelako Katalunia eta Euskadi ez direla berdin. Eta klaro! Horregatik espainolak, traidoreak, koldarrak eta ez dakit zer gehiago ginen. Eta orain? Orain zer dira eurak? Zentzudunak? Bai, ezta?

Bitartean, jarrera erasokor hori mantendu egiten dute Jaurlaritza, Aldundi eta udalerrietako arruekontuetan. EAJk aurkezten duen guztia txarto dago, baina Garitanok ez du beste erremediorik izan eta eskua luzatu behar izan dio Markel Olanori, Gipuzkoak aurrekontuak izan ditzan EAJk izan duen jarrera garbi eta zintzoagatik.

Zein da EH-Bilduren independentziarako bidai-orria?

Abertzale guztion helburua da noizbait Euskal estatu aske baten herritar izatea. Horretan ez daukat nik zalantza handirik. Eta independentziarako helburu horrek lehendakaritzarako kanpaina hau busti egin du, nola ez, Katalunia eta Eskoziako oihartzunak bultzatuta.

Baina independentzia berba, horrela erabilita, azalpen handirik gabe, kontzeptu hutsala da gaur egun, ez da deus. Ez dago oso-osorik independentea den estaturik, guztiek dute nolabaiteko dependentzia beste estatu batekiko, lehengairen batekiko, inportazioekiko edo dena delakoarekiko, baita EE.BB-k ere.

Uste dut askoz ere egokiagoa dela Euskal Estatu terminoa erabiltzea, estatu kontzeptuak dependentzia horiek guztiak onartu egiten baititu bere baitan, baina aldi berean, euskal subiranotasun osoa ere gordetzen du. Eta horretaz, egia da, orriak eta orriak idaz litezke, askoz ere analisi edo entsegu politiko sakonagoen bitartez, baina ez nentorren gaur blog honetara independentzia definitzera. Garrantzitsuak diren ideia pare horiek mahai gainean utzi ondoren, EH-Bilduren independentzia (Euskal Estatu) xede horren azpian zer dagoenari begiratu arin bat eman nahi nion.

Eta xede horretarako, EH-Bilduk oraindik argitu ez dituen zenbait galdera planteatu beharko genizkioke gure buruari, ez baitira nolanahiko itaunak:

1. Laura Mintegik lehendakaritza eskuratuko balu, zeinen independentzia planteatuko luke hurrengo egunean? Bizkaia, Araba eta Gipuzkoarena? Zer egingo dugu Nafarroa (biak), Zuberoa eta Lapurdirekin?

2. Independentziak gizartearen babesa behar du, hori argi dago, baina zenbatekoa? Eta berriro ere, zein lurraldetan?

3. Ba al dakigu ziur zer gertatuko den independentzia aldarrikatu eta hurrengo egunean? Nik badakit arazo handirik ez dela egon, orain arte, Europar Batasunetik kanpoko herrialde berriak Europan sartzeko, baina Batasunaren parte den estatu batetik askatzen den estatu berri batek, lekurik izango luke Europan? Jakin badakit, EAJko legebiltzarkide den Izaskun Bilbaok galdera hori planteatu egin duela Bruselan, baina oraindik ez dago erantzun garbirik.

Hiru galdera horien erantzunik ez diot irakurri edo entzun EH-Bildu koalizioari. Europar Batasunarena ere aipatu dut, gainera, Arnaldo Otegi berberari entzun bainion BECen, larunbatean, Europako euskal estatua nahi zuela. Ez neukan Ezker Abertzalearen europar bokazio horren berri, baina ongi etorri, ados bainago horretan, Euskadi aske baten etorkizuna Europatik pasatzen dela alegia.

Laburbilduz, EH-Bilduren independentziarako bidai-orria ikusi nahi nuke, eurek independentzia erdieste hori zelan planteatzen duten. Bien bitartean, Iñigo Urkulluk plazaratu du euskal auziari dagokion proposamenik sinesgarri, egingarri eta bateragarriena: harreman bilaterala Estatuekin, maila berberean, eta maila horretan, akordioak bilatzea eta euskal gizarteari erabakitzeko eskubidea aitortzea. Zenbat eta autogobernu zabalagoa, orduan eta ongizate maila altuagoa. Eta bide horretan, ahalik eta euskal herritar gehien batu ditzagun abertzaletasunaren inguruan, argi baino argiago ikus dezaten eskumen gehiago duen euskal gobernu batek onurak baino ez dakartzala euskaldun ororentzat.

Nortasun kontua

Gernikako Estatutuaren efemerideak, bakearen testuinguruan, analisirako parada goxo eta ezin hobea utzi digu.

Alde batetik, eta Espainian lerrokatuta dauden alderdiei dagokienez (PP eta PSE), jokoz kanpo daudela argi eta garbi dago. Marko politikoa aspaldi zegoen gaindituta Euskadin, baina orain, ETA azkenik  tiroka ez dabilenean, oraindik ez dute jakin aro berrira egokitzen. Ez daukate proposamen berririk. Gutxienez, asmo eta begi onez hartu dute notizia.

Abertzaleei dagokienez, bestetik (EAJ eta Ezker Abertzalea, bere izendapen guztiekin), ilusioz beterik datoz oraina eta etorkizuna, eta ilusio hori gizarteari kutsatzen zaio. Futbol talde batek txapelketak irabazten dituenean zaleak ateratzen zaizkion bezalaxe, bake egoeran eta proiektu berriak mahai gainean, abertzaleak aterako dira kalera eta hautestontzietara zokoratuta zeuden izkinetatik.

EAJk, Iñigo Urkulluren hitzetan, [Enlace roto.] proposatu du 2015erako, erreferendumarekin. Konstituzioa estatu independente batek bakarrik izan dezake, eta atzo, Gernikako haritzpean, sinbologia karga guztiarekin, independentziaz hitz egin zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak. Estonia eta Kroazia Europan diren bezalaxe, adibide eta guzti.

Amaiur osatzen duten alderdien kasuan, Bildu osatzen dutenek eta Aralarrek bi adierazpen ezberdin egin zituzten, baina mezua antzekoa: autodeterminazioa eta guztien arteko elkarrizketa, laburbilduz. Ildo horretan, badirudi, askori arraro egingo bazaie ere, EAJ haratago joan zela mezu politikoan eta zehaztasunean, ausartago azaldu zen. Hori bai, ez dago zalantzarik independentzia dela Ezker Abertzalearen helburua, nahiz eta atzo ez zen mezu nagusia izan.

Eta hor tartean, Rubalcabari zera esatea bururatu zitzaion, independentzia ez dela ezinezkoa.

Giro da, politikaz hitz egiten ari gara herri honetan, Euskadiren etorkizun politikoaz, nazioa zelan egituratuko dugun. Eta abertzaleen artean, helburua bat eta bakarra da, baina bideak zehaztu behar dira, moduak, nortasuna.  Hortxe egongo da desberdintasun nagusia, eta herri hau nondik zuzenduko den erabakiko duen xehetasuna.

NORTASUN kontua da.

Itunak ala ituak? Eta orain zer?

Hauteskundeak pasatu dira, hauteskundeen ajea pasatu da, eta orain, alderdi politiko guztietako egoitzei kea darie. Hainbeste buru pentsakor ez da ona izango ozono geruzarako, ez horixe.

Bildu indarrez azaldu da panorama politikoan, baina nor da Bildu? EA, Alternatiba eta Ezker Abertzalearen arteko nahaste horretan, zein da baliozko interlokutorea? Dei iezadazue nahi duzuena, baina ikusi al zenituzten Bilduren ospakizuneko irudiak? Bai, mundu guztia “independentzia! Independentzia!” oihukatzen ari zeneko irudi horiek. Ondo erreparatu al zenioten Oskar Matuteri? Antza, lotsa ematen zion horrelako zerbait lau haizeetara botatzeak, eta ez zuen egin.

Saltsa handia dago Bilduren barruan, pil-pil goxo-goxoa, baina pil-pilari azken ukitu eta puntua emateko, ontzia ondo mugitu behar da, behin eta berriro, etengabe. Ikusiko dugu.

Hauteskunde hauetatik, begibistakoa denatik aparte (PSEren porrota), beste ondorio bat atera daiteke: EAJ da itua, EAJ da begi guztien erdigunea. Zer egingo du EAJk? Zer esango du EAJk? Norengana hurbilduko da EAJ? EAJ, EAJ, EAJ…

Bilduk EAJri, etsai numberguan horri, eskua luzatzen dio. Hori bai, ez dakigu nora baina. Itun abertzale handi batez hitz egiten da hortik zehar. Baina zer da herritar soilek nahi dutena? Eguneroko ogia, Aita Santuak ondo zioen bezala. Zilegia da Bildurekin akordioetara iristea, baina jokoan al da orain independentzia edo subiranotasunari dagokion ezer? Orain erakundeak kudeatzea da datorrena eta dagokiena alderdi politikoei.

Zeinek ukatuko du EAJ Bildurekin Estatu edo nazio eraikuntza akordioetara iritsi ezin daitekeenik? Baina, eguneroko gestioan, egiteko moduan, programetan… desberdintasun handiak daude. Horiek limurtzerik balego, agian, akaso… Baina kostatik kostarako distantzia luzea da.

PSEri dagokionez, Patxi Lopez isilik mantendu da orain arte, baina sekulako okurrentziarekin atera zaigu. PSEren emaitzen erruduna krisia da, eta Espainiako politika. Harrikada Zapaterori. Berak Basagoitirekin erakutsi duen anaitasunak ez du zerikusirik izan, antza.

Baina lehendakariak beste bat bota du, potenteagoa agian: nola utziko diogu ba Bilduri agintean egoten? Herria geldiarazi egingo digu-eta! Jodo! Ba ez dakit nik herria orain baino geldiago egon litekeen… Atrebentzia behar da gero.

PPk ur hauetan ederki egiten du igeri, eta beste behin ere, EAJren teilatuan uzten du pilota, lehendakariaren antzera (kurioso), eta patxadaz eseri egingo dira gure kaiotxoak, zer gertatzen den zain.

Aralarrek zer esan gutxi dauka horretan guztian, eta epe ertainera, erabaki bat hartu beharko du: EAJrengana hurbildu ala Ezker Abertzalera jo berriro. Edo hirugarren aukera bati heldu: Nafarroan errotuko den alderdi abertzale gisa funtzionatzen hasi.

Ezker Batua, Hamaika Bat eta UPyD alderdien kasuan ere, antzeko zerbait gertatzen da. Horiek, epe laburragoan gainera, erabaki bat hartu behar izango dute.

Ukaezina da, azkenik, Euskadik inoiz baino kolore abertzaleagoa erakutsi duela. Indar espainiarrak eskas pasatzen dute bozen %30, herena alegia. Zilegi al da oraindik Euskadi bi zati berdinetan banatzea? Abertzaleak astunagoak gara: gehiago zirikatzen dugu eta pisu handiagoa daukagu gizartean.

Baina hori al da bi blokeen artean dagoen benetako diferentzia? Ikusi beharko da zer nolako abstentzioa egon den PSEren baitan, eta hurrengo autonomia hauteskundeetan zertxobait berreskuratzen duten indar konstituzionalistek. Dena dela ere, ziur naiz ez dutela %45 ere hurbiletik ukituko.

Kontuan hartzeko azken faktorea, EAEko hauteskundeak aurreratzean dago. Nola jokatuko du PSEk? Karta bat geratzen zaie jokatzeko, Euskadiko hauteskundeak eta Espainiakoak egun berean izatea alegia. Nola erantzungo luke euskal gizarteak dikotomia horren aurrean?

Ikusten duzuenez, panorama arras interesgarria zabaltzen zaigu. Ez gara batere aspertuko.