Zein da EH-Bilduren independentziarako bidai-orria?

Abertzale guztion helburua da noizbait Euskal estatu aske baten herritar izatea. Horretan ez daukat nik zalantza handirik. Eta independentziarako helburu horrek lehendakaritzarako kanpaina hau busti egin du, nola ez, Katalunia eta Eskoziako oihartzunak bultzatuta.

Baina independentzia berba, horrela erabilita, azalpen handirik gabe, kontzeptu hutsala da gaur egun, ez da deus. Ez dago oso-osorik independentea den estaturik, guztiek dute nolabaiteko dependentzia beste estatu batekiko, lehengairen batekiko, inportazioekiko edo dena delakoarekiko, baita EE.BB-k ere.

Uste dut askoz ere egokiagoa dela Euskal Estatu terminoa erabiltzea, estatu kontzeptuak dependentzia horiek guztiak onartu egiten baititu bere baitan, baina aldi berean, euskal subiranotasun osoa ere gordetzen du. Eta horretaz, egia da, orriak eta orriak idaz litezke, askoz ere analisi edo entsegu politiko sakonagoen bitartez, baina ez nentorren gaur blog honetara independentzia definitzera. Garrantzitsuak diren ideia pare horiek mahai gainean utzi ondoren, EH-Bilduren independentzia (Euskal Estatu) xede horren azpian zer dagoenari begiratu arin bat eman nahi nion.

Eta xede horretarako, EH-Bilduk oraindik argitu ez dituen zenbait galdera planteatu beharko genizkioke gure buruari, ez baitira nolanahiko itaunak:

1. Laura Mintegik lehendakaritza eskuratuko balu, zeinen independentzia planteatuko luke hurrengo egunean? Bizkaia, Araba eta Gipuzkoarena? Zer egingo dugu Nafarroa (biak), Zuberoa eta Lapurdirekin?

2. Independentziak gizartearen babesa behar du, hori argi dago, baina zenbatekoa? Eta berriro ere, zein lurraldetan?

3. Ba al dakigu ziur zer gertatuko den independentzia aldarrikatu eta hurrengo egunean? Nik badakit arazo handirik ez dela egon, orain arte, Europar Batasunetik kanpoko herrialde berriak Europan sartzeko, baina Batasunaren parte den estatu batetik askatzen den estatu berri batek, lekurik izango luke Europan? Jakin badakit, EAJko legebiltzarkide den Izaskun Bilbaok galdera hori planteatu egin duela Bruselan, baina oraindik ez dago erantzun garbirik.

Hiru galdera horien erantzunik ez diot irakurri edo entzun EH-Bildu koalizioari. Europar Batasunarena ere aipatu dut, gainera, Arnaldo Otegi berberari entzun bainion BECen, larunbatean, Europako euskal estatua nahi zuela. Ez neukan Ezker Abertzalearen europar bokazio horren berri, baina ongi etorri, ados bainago horretan, Euskadi aske baten etorkizuna Europatik pasatzen dela alegia.

Laburbilduz, EH-Bilduren independentziarako bidai-orria ikusi nahi nuke, eurek independentzia erdieste hori zelan planteatzen duten. Bien bitartean, Iñigo Urkulluk plazaratu du euskal auziari dagokion proposamenik sinesgarri, egingarri eta bateragarriena: harreman bilaterala Estatuekin, maila berberean, eta maila horretan, akordioak bilatzea eta euskal gizarteari erabakitzeko eskubidea aitortzea. Zenbat eta autogobernu zabalagoa, orduan eta ongizate maila altuagoa. Eta bide horretan, ahalik eta euskal herritar gehien batu ditzagun abertzaletasunaren inguruan, argi baino argiago ikus dezaten eskumen gehiago duen euskal gobernu batek onurak baino ez dakartzala euskaldun ororentzat.

Hitz-gakoa: sinesgarritasuna

[Enlace roto.] Eusko Jaurlaritzaren krakari dagokiona izan da, bere testuinguru jakinarekin: Iñigo Urkullu atera zen esatera Eusko Jaurlaritzaren deiak jaso dituela laguntza eske, eta maneiatzen dituen datuen arabera, egoera oso larria dela.

Zezenen modura atera dira, horren ostean, Idoia Mendia, Rodolfo Ares, Basagoiti (antza bai, gobernuan dago) eta inguruko beste batzuk. Baina airean somatzen zen sentsazioa ez zen hori, gizarteak sinetsi egiten zituen Iñigo Urkulluren hitzak.

Horregatik, hain zuzen ere, gezurra luza ezin zitekeela ikusirik, EBBren presidenteak Ares berak deitu ziola zehaztu ondoren, ez dio inork informazio hori ukatu, eta barne sailburuak egiaztatu egin zuen. Ostera, beste hitz batzuk erabili dituzte horri aurre egiteko: erantzukizun falta, arduragabekeria… Hau da, eraso pertsonala, oinarri handirik gabekoa.

Zer da, beraz, horretatik guztitik ondoriozta dezakeguna? EBBren presidenteak etsai politikoak izango ditu, batzuen gustukoago izango da eta beste batzuen ez horren gustuko, baina gauza bat argi eta garbi geratu da: Iñigo Urkullu zeharo sinesgarria da. Ez du inork esango, edo oso arerio hiperlerrokatu gutxi batzuek bakarrik, gezurretan ibiltzeko gai denik.

Gaur egungo politikagintzan, hori zaindu beharreko aktibo bat da. Rubalcabak harro asko esan dezake Patxi Lopez aktibo bat dela PSOE barruan, baina benetako aktiboa, jendeak estimatzen duena, beste hori da, sinesgarritasuna, seriotasunarekin eta lan irmoarekin landutako sinesgarritasuna alegia.

Ba al da hori baino balio inportanteagorik hain kutsatuta dagoen politikagintzan?

Nortasun kontua

Gernikako Estatutuaren efemerideak, bakearen testuinguruan, analisirako parada goxo eta ezin hobea utzi digu.

Alde batetik, eta Espainian lerrokatuta dauden alderdiei dagokienez (PP eta PSE), jokoz kanpo daudela argi eta garbi dago. Marko politikoa aspaldi zegoen gaindituta Euskadin, baina orain, ETA azkenik  tiroka ez dabilenean, oraindik ez dute jakin aro berrira egokitzen. Ez daukate proposamen berririk. Gutxienez, asmo eta begi onez hartu dute notizia.

Abertzaleei dagokienez, bestetik (EAJ eta Ezker Abertzalea, bere izendapen guztiekin), ilusioz beterik datoz oraina eta etorkizuna, eta ilusio hori gizarteari kutsatzen zaio. Futbol talde batek txapelketak irabazten dituenean zaleak ateratzen zaizkion bezalaxe, bake egoeran eta proiektu berriak mahai gainean, abertzaleak aterako dira kalera eta hautestontzietara zokoratuta zeuden izkinetatik.

EAJk, Iñigo Urkulluren hitzetan, [Enlace roto.] proposatu du 2015erako, erreferendumarekin. Konstituzioa estatu independente batek bakarrik izan dezake, eta atzo, Gernikako haritzpean, sinbologia karga guztiarekin, independentziaz hitz egin zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak. Estonia eta Kroazia Europan diren bezalaxe, adibide eta guzti.

Amaiur osatzen duten alderdien kasuan, Bildu osatzen dutenek eta Aralarrek bi adierazpen ezberdin egin zituzten, baina mezua antzekoa: autodeterminazioa eta guztien arteko elkarrizketa, laburbilduz. Ildo horretan, badirudi, askori arraro egingo bazaie ere, EAJ haratago joan zela mezu politikoan eta zehaztasunean, ausartago azaldu zen. Hori bai, ez dago zalantzarik independentzia dela Ezker Abertzalearen helburua, nahiz eta atzo ez zen mezu nagusia izan.

Eta hor tartean, Rubalcabari zera esatea bururatu zitzaion, independentzia ez dela ezinezkoa.

Giro da, politikaz hitz egiten ari gara herri honetan, Euskadiren etorkizun politikoaz, nazioa zelan egituratuko dugun. Eta abertzaleen artean, helburua bat eta bakarra da, baina bideak zehaztu behar dira, moduak, nortasuna.  Hortxe egongo da desberdintasun nagusia, eta herri hau nondik zuzenduko den erabakiko duen xehetasuna.

NORTASUN kontua da.

PP eta Ezker Abertzalearen leku egokia

Lehenik eta behin, beste ezer esan baino lehen, bidezkoa da Bake Konferentziatik atera diren bost puntu nagusiak hemen jasotzea, bake iraunkor eta bidezkoa lortzeko beharrezkotzat jotzen direnak:

1. ETAri dei egiten diogu bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko eta soilik gatazkaren ondorioez aritzeko Espainia eta Frantziako gobernuei elkarrizketarako deia egiteko

2. Adierazpen hori egingo balitz, dei egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei baiezkoa eman eta gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko

3. Adiskidetzean aurrera egiteko urrats sendoak ematera dei egiten dugu, biktima guztiak ezagutu, konpentsatu eta lagundu. Onartu emandako mina eta lagundu zauri sozialak eta pertsonalak sendatzen.

4. Gure esperientziak azaltzen digunez, askotan gatazkak konpontzeko orduan badira bake iraunkorra eskuratzeko lagungarriak diren aztertu beharreko beste gaiak. Ildo horretan, eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako. Gure esperientziak azpimarratzen duenez, hirugarren parte hartzaileek, begiraleek edota laguntzaileek, elkarrizketa bideratzen laguntzen dute. Hemen ere, gatazkarekin zer ikusirik duten parteek horrela erabakiko balute, elkarrizketa nazioarteko laguntzaileen bidez ere bidera liteke

5. Iradokizun hauentzako jarraipen batzorde bat osatzeko prest azaltzen gara.

Euskal gizartean ilusioa piztu eta tunelean argia ikusten hastea ahalbidetzen digun horrek guztiak, mesfidantza baino ez du sortzen Estatuko sektore batzuetan, eta Euskadin sektore horien ordezkari direnen artean. Erakusgarri bezala, gaurko egunkari edo komunikabide batzuen azalaetatik ateratakoak doazkizue jarraian (ABC, La Gaceta, Intereconomía eta La Razón):

Titular horiek protagonista izan nahi duten batzuen hitzekin janzten baditugu, antzerkiaren parte handi bat eginda daukagu:

  • Mayor Oreja: “ETAk erailtzen ez badu, irabazten ari delako da” . Bere betiko adierazpen-tranpak.
  • Iturgaiz: [Enlace roto.].  Antza ez diote kasu handirik egiten eta momentua baliatu nahi du. Nürembergen jazotako zerbait gertatuz gero, ea Pandoraren kaxa irekitzen ari den eta bere alderdiari eragiten dion Frankismoaren garaiagatik.
  • Basagoiti: Konferentziak “oztopatu, zaildu eta atzeratu egiten du” ETAren porrota.
  • Patxi Lopezen kasuan, gogoratu behar dugu [Enlace roto.] dagoela. Antza ez dio garrantzia handirik eman atzoko gertakizunari. Ez dago egon  behar duen lekuan, baina tristeena berarentzat zera da, ez duela inork faltan bota.

Hortaz, ikus daitekeen bezala, horiek guztiak lekuz kanpo daude. Baina zalantzak dauzkat nik Ezker Abertzalea ere ez ote dagoen leku desegokian. Gaur Floren Aoizek Gara egunkarian idatzi duen artikulua irakurtzen ari nintzela, tripek abisua eman didate: kontuz!!! Bake konferentzia al zen ala etekin politikoa ateratzeko aitzakia? “La era está pariendo un corazón vasco” izenburua jarri dio Floren Aoizek bere artikuluari.

ETAren amaieraren momentua da, ETAk armak uzteko momentua, ETAk gu bakean uzteko momentua. Gero gerokoak. Orain ETAren amaieraz bakarrik hitz egiten badugu, etorkizun laburrean politikaz hitz egin ahal izateko oinarri sendoak jarriko ditugu, zalantzarik gabe.

Hori dela-eta, berriro ere, Iñigo Urkulluren jarrerarekin geratzen naiz: [Enlace roto.].