Zorionak, Isabel Celáa

Ba bai, trikimailurik gabe, ez dago tranparik. Zorionak eman nahi dizkiot Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuari.

Atzo iragarri egin zuen 2013rako hezkuntza sistemako hizkuntza ereduak  desagertu egingo direla modelo hirueledunari bidea uzteko (zoritxarrez, EiTBren web orrian ez dut berria euskaraz aurkitu).

Erabaki horrek  aintzatespena merezi duela uste dut, eta legezkoa da hala onartzea. Euskararen biziberritzean, hizkuntza ereduak oztopo izan dira azken urteotan. Hasiera baten, trantsizioan, zentzurik izan zezaketen, hain zuzen ere horregatik, trantsizio fase baten geundelako herri honetan. Baina gaur egun, guraso gehienek D eredua (euskarazkoa) aukeratzen dutela ikusita, posible da eredu bakarra ezartzea behingoz.

Belaunaldi berriek euskara ikastea da hizkuntzaren etorkizunerako oinarrietako bat. Ofiziala da, gaztelania den bezalaxe, eta ez dago aitzakiarik gazte edo ume bati bere euskara ikasteko eskubidea ukatzeko. Elkarbizitzarako, eta hizkuntza komunitateen berdintasuna ere bermatzeko, ezinbesteko pausua da.

Euskara eta gaztelaniarekin batera, ingelesa ere irakatsiko zaie (ikastola gehienetan gaur egun egiten ari direna), eta horrek tresna bikaina suposatzen du egunen baten lan-merkatura jauzia ematerako orduan.

Oraindik, dena dela, ikusi beharra dago eredu berri hau zelan egikaritzen den, zenbat ordu eskainiko zaizkion hizkuntza bakoitzari, eta benetan, zelako eraginkortasuna izango duen hizkuntzen irakaskuntzan. Baina lehen urratsa emanda dago.

Hala ere, Gobernu talde honi euskaldunon hizkuntzarekin dituen kontraesan batzuk atzean uztea geratzen zaio oraindik ere, hala nola, Osakidetzan euskarari eman zaion ostikoa, edo forman geratzen diren beste zenbait gai: Jaurlaritzaren bozeramaile den Idoia Mendiak Twitter kontua zein hizkuntzatan erabiltzen duen (%98 gaztelaniaz, %2 ingelesez, %0 euskaraz), hizkuntzaren kalitatea hainbat kasutan (Osakidetzaren web orria, Irekia…), e.a.

Eta azkenik, ahaztu ezin dugun beste kontu garrantzitsu bat: Euskal Herrian hirugarren hizkuntza bat dago, frantsesa. Iparraldea eta Hegoaldea hurbiltzeko, aintzat hartzekoa da ea bide horretan ere erabakirik hartu nahi dugun.

Dena dela, arazoak arazo, eta proposamenak proposamen, esandakoa, zorionak eredu bakarrerako behin betiko urratsa ematearren.

Lehendakari ikusezina

Aurreko artikuluren baten, Patxi Lopezen superbotereez aritu izan naiz. Bada aipatu botere horiei beste bat gehitu beharko diot, ahaztuta neukana edo: ikusezina da berak nahi duenean.

Non dago Patxi?

Ezaguna zen arazoen aurrean ostrukarena egiten zuela, burua lurpean sartu alegia. Estrategia horri jarraiki, Eusko Legebiltzarrean berari zuzendutako galderei ez die erantzun, eta besteren batek jarri izan behar die ahotsa adierazpenoi (arrakasta eskasarekin gainera).

Oraingoan, hain espainola den gure lehendakari honek, edo behintzat espainola dela esateko lotsatzen ez den honek, badirudi lotsa sentitu duela Hispanitatearen Eguneko desfile militarrean agertzeko. Lotsa sentitu, edo ikusezin egin dela bertaratzeko eta jaiaz gozatzeko, orgia nazionalista horretaz gozatzeko.

Dena dela, ikusezintasun boterea erabiliz joan bada, eman dezake lotsagatik ere izan litekeela. Baina okerrena ez da hori, okerrena da beste batzuk bidaltzen dituela aurpegia ematera, bere irudiak higadurarik sufri ez dezan. Iazkoan Aresi egokitu zitzaion saria, eta aurtengoan, Isabel Celáak agertu behar izan du Madrilen ospatzen den egun “patrioan”, indar armatuen ahuntza eta beste animalia espezie batzuk desfilatzen ikusteko.

Lopez jaunak, beste behin ere, ez du nortasun izpirik erakutsi.

Jauregia eraikitzen, hitzetik ekintzara

Harriduraz irakurri ahal izan dut gaur Ramón Jaureguik El Correon idatzitako [Enlace roto.].

Txalotu nahiko nuke Europako parlamentari sozialistak euskararen alde egiten duen hausnarketa. Goibeltzen nau, hala ere, hitz polit hauek estaltzen duten ezerezak, alderdi sozialistak oraindik ere asko baitauka erakusteko euskalgintzan.

Jaureguik, bere testuan, Ruiz de Soroaren iruzkin bat kritikatzen du, “euskal herritar elebakarrei bigarren hizkuntz komun bat ikastera behartzeak ez du zentzurik, beste hizkuntz komun bat ezagutzen dutela aintzat hartuta (gaztelania alegia)”. Sozialista batek baieztapen hori salatzeak dituen inplikazioak esperantzarako bidea zabaltzen digu euskaltzaleoi. Ematen du euskararen aldeko apustu sendoa egiteko asmoa omen darabiltela arrosaren alderdikoek. Ikusteko dago.

Artikuluan, nola ez, abertzaleoi egurra ere ematen digu: hizkuntzaren politizazioa, euskara independentziarako erabili nahi izatea, e.a. Propagandarako bota beharreko cliché gisa ulertuko ditut momentuz, mezu postiboarekin geratzea nahiago baitut. Baina izenburuan diodan legez, jauregia eraikitzeko ez da nahikoa hitz politak isurtzearekin, lan egin beharra dago, eta horretan momentuz, alderdi sozialistak kale egiten du.

Atzo bertan Ibilaldia izan genuen Bermeon, jendetza bildu zen han euskara eta ikastolei behar duten bultzada eta berotasuna eskaintzeko. [Enlace roto.] entzun behar izan zituen, baita lekuz kanpoko irainen bat, baina euren esku dago euskararekin aldarrikatzen duten konpromisoa erakustea, frogatzea, gauzatzea, hezurmamitzea.

Faltan botatzen ditut, zilegi bekit esatea, euskara ikasle aplikatu batek atzokoa bezalako jaiaren gainekoari buruzko balorazioren bat, esker ona erakustea, poztasuna agertzea, edo dena delakoa. Patxi Lopezez ari naiz, mutu geratu zaigu. Idazlanetan ez dakit zelan ibiliko den, ahozkoan bederen, “hobetu beharra”.

Guztiok erakutsi behar dugu herri honetan euskara guztiona dela, eta euskararen aldeko apustu sendo eta tinkoa egiten dugula. Ongi etorriak Jaureguirenak bezalako adierazpenak, ea hurrengoak Aitorren hizkuntz zaharrean emanak datozkigun.