Astakeriak kanpainan

Lau egun besterik ez, eta nahikotxo entzun behar izan ditugu dagoeneko.

Behin eta berriro errepikatzen dira, adibidez, Basagoitirenak: ETA gora, ETA behera, Bildu ETA da, EA eta ETA bildu dira, ETA, ETA… Bildu kaka.

Patxi Lopezen txilinbueltak ere oso ospetsuak dira: Bildu kaka baina “ongi etorri Bildu”. Gainera, esan du ez duela sekula Bildurekin hitzarmenik egingo. Bildu kendu eta PP jarri, eta orain dela bi urteko kanpainako esaldiaren hitzez hitzeko kopia aterako zaizue.

Hain ospetsuak ez diren beste bi politikariren perlatxoak dakartzat gaurko:

– Oskar Matute (Alternatiba, gaur egun, Bilduren barruan): “hitzarmen partidistak ikusiko ditugu Bilduri hautesleek emango dioten boterea kentzeko”.  Ez du gogoratu nahi, ordea, Bildu bera “sortu” zutenetik, hitzarmen partidista bat dela berez, EA, Alternatiba eta Ezker Abertzaleak osatutako hitzarmen partidista.

– Javier Maroto (PPren bozeramailea Gasteizko Udalean): “nik euskara maite dut, nire bigarren abizena Aranzabal da”.  Eta listo! Abizenei botere magikoak aitortu dizkie Maroto jaunak. Zer esan behar ote du bere alderdiko zati erlijiosoenak? Heresia bota du, ezta?

Umoreari erreparatu nahi badiozue bakarrik, oraindik hamaika egun geratzen zaizkigu barre batzuk botatzeko. Gauza serio hartu nahi izanez gero, tamalgarria da politikari batzuen hausnarketarako ahalmena.

Zoritxarrez,  to be continued…