Gaztelaniaren Gaitasun Agiria. Urgellentzako ideiak

Lasai eta patxadaz idazten saiatuko naiz, barruko pozoina lar irakin gabe.

Dagoeneko, guztiok jakingo zenuten Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, D ereduan ikasi dutenei EGA homologatzeko IDEIA plazaratu duela, Urgellen hitzetan. Ez bazenekiten, hementxe irakurri eta listo.

Nire kasuan, halaxe ikusten dut gertaera-segida, euskara sustatzen duela dioen gobernuaren testuinguruan:

1. Jaitsi dira euskaltegientzako dirulaguntzak (%12), eta erruak EUDEL, udal eta Jokin Bildarratzen artean banatzen dira, haiek demonizatuz.

2. Hezkuntzako aurrekontua ere jaitsi da, baina behera doan A ereduari emandako laguntza, aldiz, igo egin da, B eta D ereduetakoa jaitsi den bitartean.

3. Kanpo-irudia zuritu beharra ikusten zuen Gobernuak aurreko puntu biei erreparatuz eta homologazioaren zunda-baloia bota dute. Eta zunda-baloia diot, hain zuzen ere ideia mailan dagoelako oraindik, proiektua ez da existitzen, ez dago idatziz, ez dago buletinean, ezta legebiltzarrean ere. Hitzen airean soilik geratu da grabaturik.

Dena dela, Urgellek proposamena aurrera eramateko asmoa baldin badu, lehenik eta behin zenbait gauza aztertzea eskatuko nioke:

– Batxilergoa D ereduan amaitzen duten ikasle guztiek EGA maila ematen al dute?

– Zer gertatzen da A ereduarekin? euskara ikasteko eskubidea zapuzten zaien ikasle horiekin alegia? Are gehiago, zergatik igo da hezkuntza eredu horretara zuzenduta dagoen aurrekontu-partida?

– Helduen alfabetatzea zer? Pertsiana jaitsiko dugu? Eta kanpotik datozenak zelan euskaldunduko ditugu? Hemen egonda euskara ikasi nahi dutenei zelan irakatsiko diegu? Dirutza ordaindu beharko dute gaztelania ikastea dohainik den bitartean?

Galdera asko, erantzun gutxi, eta ideia on gutxiago.

Baina titulitis honen guztiaren sastrakan preso, nik bi aukera proposatzen dut:

1. Titulitisarekin jarraitu eta Gaztelaniazko Gaitasun Agiria sortu. Horrela, gaztelania ere nolabaiteko mailan menperatzen dugula ziurtatu ahal izango genuke, eta ez litzateke iruzurrik suertatuko lanpostu batera heldu eta hizkuntza horretan akats barik erredaktatzeko eskatzean. Ikusiko genuke zenbatek aterako lukeen titulutxoa.

2. Tituluak kendu eta edozein lanpostu lortzeko garaian, hizkuntza frogak egin diezazkigutela, maila akreditatzeko, bai gaztelaniaz, baita euskaraz ere. Orduan ikusiko genituzke gaur egun EGA ateratzeagatik kexaka dabiltzanen oihuak eta negarrak aurreko eredura itzultzeko eskeaz, ez baita atsegina behin eta berriro azterketak egiten ibiltzea ezagutza hori ziurtatzen duen tituluaren jabe izanez gero.

Ikusiko duzuenez, gaia ez da hain erraza, baina gaur egun Gobernuan dauzkagun agintariek fribolitatea eta demagogia erabiltzea gustuko dute. Hori bai, maldan behera doaz, argi eta garbi.

Mesedez, euskararen gaiari erantzukizunez hel diezaiokeen inor al da hortik?