Apal-apalik

Herri baten historia islatzen dute erakundeek, eta erakundeen historia gordetzen dute ikurrek. Atzo, apal-apalik, Gernikako arbolapean, historia, erakunde eta ikur horiek maite dituen gizon bat lehendakari karguaz jabetu zen, zin egin zuen; gizartearen aurrean, hari esker izango delako lehendakari, eta Jaungoikoaren aurrean, bere sakoneko sinesmen eta tradizioaren isla, errespetu osoz.

Urrun geratu dira, zorionez, honakoa bezalako irudiak:

Patxi Lopezentzat makilak ez zeukan esanahi sinbolikorik, Patxi Lopezentzat makila garaikurra zen, bere konkistaren saria, kirol final bat irabazi ostean altxatzen den trofeoa, garaipen pertsonala.

Zer desberdina izan zen Iñigo Urkulluk atzo erakutsi zuen jarrera, aurpegi serioz emozioak barruan gorde nahian, ezin lorturik, asmatzen baitzitzaizkion bihotzaren taupadak, eztarriko korapiloa, kanpora atera nahi zuen baina gorde gurean zebilen malko bihurria.

Errespetua, arbasoak, tradizioa, odolez eta lanez eraikitako herri baten erakundeak, Agirre, Leizaola, Garaikoetxea, Ardanza, Ibarretxe… horiexek guztiak gordetzen zituen Iñigo Urkulluren jarrera serio, abegitsu eta apal-apalak.

Eta behar genuen, bai, horietaz guztiaz jakitun den agintari berri bat, herri hau ez dugulako egun batetik bestera mapan jarri, herri honek ez duelako merezi bere historia, erakundeak eta ikurrak errespetatu eta miresten ez dituen lehendakaririk, herri hau horien guztien gainetik baitago, eta hantxe egon zen Iñigo Urkullu atzo, Gernikan, apal-apalik, gizartearen aurrean, ikurren eta erakundeen pean.

Eta horrek ni ere emozioz betetzen nau, lanaz eta dedikazioaz gain, errespetua baitago horien bien gainetik, Euskadiren ikur eta ondare direnekiko errespetua.

Bereziki pozten naiz, gainera, lau egunetan euskaraz entzun diodalako berriro lehendakariari. Ez naiz pozten lehendakari euskalduna daukagulako, poztu egiten naiz lehendakari euskaldun horrek euskara erabili egin, egiten eta egingo duelako. Urrun geratzen ez direnak, ordea, Mintegiren gaztelania hutsezko erantzunak dira Legebiltzarreko inbestidura-bilkuran, edo atzo bertan Gernikan ez agertu izana. Errespetua…

“Apal apalik,
Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean,
eusko lur gainean zutik,
eta Gernikako haritzaren azpian,
herri ordezkari zareten zuen aurrean,
nere agintea zintzo beteko dudala zin dagit”.

Iturria: El Correo Español