Espainiaren demokrazia-iruzurra

García Margallok, Espainiako kanpo ministroa, “España promete no interferir en Escocia” izeneko artikuluan zera esan du, laburbilduz, ez dutela muturra Erresuma Batuko gaietan sartuko; Eskozian kontsulta legal bat egiten bada, eurek errespetatuko omen dute. Hitzez-hitz, zalantzarik gera ez dadin, hizkuntza zerbantinoan honelaxe adierazten zuen ministro jaunak: “Si Escocia se independiza de acuerdo con los procedimientos legales e institucionales, pedirá su adhesión (a la UE). Si ese proceso ha sido realmente legal, esa petición puede ser considerada. Si no, entonces no”.

IzengabeaHausnarketa sakonik egiten ezean, tranpan jaus gintezke eta esan, zer ondo! Zenbat aldatu diren hauek! Kanpo ministroak, orain, onartu egiten du independentziarako prozesurik egon daitekeela, eta babes zuzena ematen ez dion arren, Espainiako Gobernuak emaitza errespetatuko duela dio.

Baina non dago iruzurra orduan? Tranpa da ministroak ez dituela adierazpen horiek baldintza demokratikoetan oinarritzen, baldintza legaletan baizik. Hau da, prozesu hauek errespetatuko omen dituzte legalak diren bitartean (eta “omen” jartzen dut behin eta berriro Erresuma Batuaz ari garelako, baina beste herrialde bat izango balitz…).

Gizarteen borondate demokratikoaren gainetik, legea jartzen du berriro García Margallo jaunak. Hortaz, Espainian, autodeterminazioa onartzen ez den bitartean, edo alde biko akordiorik ez dagoen bitartean, kontsultek legez kanpokoak izaten jarraituko dute.

Oso ondo daki Inperioko gobernuak zer esan duen. Espainian ez dute legea aldatzeko asmorik, eta beraz, besteek egin dezatela nahi dutena, baina eurek oso ondo zainduko dute Estatuaren (“nazioaren”) batasuna legearen eta legeak ahalbidetzen dituen baliabide guztien bitartez.

Ez da ezer aldatu. Berdinetan gaude.