Blanca Urgell, dimisioa

Horren handia da gainean daukadan haserrea ez dudala gehiegi idatzi nahi.

Twitter bidez, Blanca Urgellek (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua) idatzi duenarekin topo egin dut. Hona hemen:

Dominika Etxart, Niko Etxart rock abeslari famatuaren (Euskal Rock and Roll) AITA da, gizona beraz. Nikori bere aitarengandik etorri zitzaion musikarekiko pasioa, Dominika Etxartek sekulako lana egin baitzuen Zuberoako herri kantak berreskuratzen.

Esadazue, Blanca Urgellena ez da zuzenean dimisioa aurkezteko modukoa? Auzo lotsa ematen dit.

Goian bego Dominika Etxart, gure memorian merezi duen bezala gorderik edukiko dugun euskaltzale zuberotarra.

Olentzero nafarra da

Hasi da Barcina bere barcinakeriekin.

"DDUN.Iruñea" blogetik
"DDUN.Iruñea" blogetik

Gosaltzen irratia entzuten ari nintzela, gaileta okerreko lekutik sartu zait Iruñako (eta Nafarroako beste zenbait lekutako) urteroko matrakari aditu diodanean: Yolanda Barcinak, hemen aipatuko ez ditugun hainbat ezizen dituen Iruñako alkateak, hiriko auzo batzuetatik ateratzen diren  Olentzero ospakizunak salatu ditu “por reivindicativas”, aldarrikapenak direlako alegia, lingua navarrorumez esanda.

Aldarrikapena dela??? Nola ez ba? Euskal kultura kutsua daukan ezerk Nafarroan jazarpena pairatu behar badu? Gogora diezaiogun Barcina andreari Olentzero pertsonaia mitologiko nafarra dela, eta nafar kulturaren barruan dagoela. Ez al luke ba Nafarroako eta Erresuma Zaharreko hiriburuko alkate denak kultura horren alde egin beharko?

Oraindik ikusteko hamaika dauzkagu.

Baina behintzat, gaur Deiako 4. orria  irakurri ondoren,  “Bogando por la Red” delakoa, Olentzerori aurten eman dioten alderdi ludikoaren berri izan dut. Antza, doaneko bideojokoa dago EGIren web orrian, EAJko gaztediaren web orrian, eta dibertigarria omen da. Probatu beharko.

Ongi etorriak irribarrea ateratzen diguten ekimenak.

Txapela kendu eta ibili munduan

Adarra jo nahi digute, gero eta garbiago daukat.

Blanca Urgell, EAEko Kultura sailburua, “modernoen” konplexuekin atera zaigu gaur bertan. Euskal kultura ez omen da irekia, ez omen du balio mundura zabaltzeko eta honakoa adierazi du: “Ez da zilegi Euskadi uharte kulturala izatea”

Berbok, horrela hartuta, era bikainean ulertzeko aukera daukagu. Euskadi, orain arte, kulturaren uhartea izan bada, horrek esan nahiko du kulturari balio berezia eman zaiola gure artean, munduko beste lekuetan ez bezala. Nik ez dut hor bekaturik ikusten.

Zoritxarrez, Urgellek esan nahi duena mingarria da, eta benetan atsekabeturik nago.

Baina hel diezaiogun, lehenik eta behin, testuinguruari. [Enlace roto.], eta berriztatze horrek eragile asko utzi ditu kanpoan, denak beren-beregi euskal kulturarekin zerikusia dutenak.

Urgellek, Radio Euskadin egindako adierazpenokin, zera diosku, euskaldunok oso itxiak garela, geure zilborrari bakarrik begiratzen diogula, eta nola ez, badela garaia txapela burutik kentzeko, baserritik ateratzeko eta mundura zabaltzeko.

Lotsagarria ez, IRAINGARRIA. Zer proposatzen digute Urgellek, eta luzapenez, Eusko Jaurlaritzak? Gure nortasunari uko egin behar diogula munduari so egiteko.

Badirudi gobernu honek ahaztu egiten duela mundura begiratzea ez dela nortasuna atzean uztearen sinonimo. Euskaraz egin diezaiokegu munduari, munduan euskara berezia delako, eta kanpotik barrutik baino gehiago estimatzen dutela ematen duelako.

Munduan, esaerak dioen bezala, txapela buruan ibil gaitezke, nor eta zer garen erakutsi, baina besteak ere nor eta zer diren ikasi eta ulertuz. Batak ez du bestea kentzen.

Nola zabalduko dizkiogu ateak munduari gurea dena estimatzen eta maitatzen ez badugu, gurea denaz lotsatzen diren agintariak baldin badauzkagu?

Hain modernoa den “lokaletik globalera” esaldia gogorarazi nahi nioke espazio xume honetatik sailburuari. Fermin Muguruzak, mundu osoko musikari irekia dagoen musikaria, ondo baino hobeto azaldu zuen: “euskalduna naiz, eta harro nago”.

Bueltatxo bat emanda esaldiari, sailburuari oparitu nahi diot nire egokitzapena: euskalduna naiz, eta ez naiz lotsatzen.

Duintasuna, traizioa eta gainbehera

Hiru hitz eta hiru azalpen azken egunotan ezer idatzi barik egon ostean ateratako ondorio batzuei buruz.

Duintasuna: Ramon Etxezarretak izan duena, duela gutxi arte Hizkuntz Politikarako sailburuorde izan dena. Kargua utzi du. Zenbaiten curriculuma hor dago, eta Etxezarretaren euskaltzaletasuna ezin dugu kolokan jarri. Zergatik utzi ote du ba Gobernua? Duintasunagatik.

Euskaldunon hizkuntza maite ez duen gobernua ezin da euskaldunon gobernua luzaroan izan. Zure helburuen etsai dituzun “lagunen” artean lan egiteak zeharo nekagarria izan behar duelako, orain arte erakutsitako ibilbidea suntsitu baino lehen, hobe delako barkua garaiz uztea.

Sozialisten lelo lerdoak zioenari jarraiki, “Euskara eta libertadea“, ahalik eta azkarren euskara eurengandik aldentzeko askatasuna da hauek gordetzen dutena.

Traizioa: duintasuna erakutsi arren, Etxezarretak [Enlace roto.] ematea espero genuen batzuek. Ez zela ondo ahokatzen, baina sakoneko desberdintasunik ez zegoela bere lankideekin azaldu zigun. Jatekoa ematen dizun eskuari haginka egitea badakigu ez dagoela oso ondo, baina ez badago sakoneko desberdintasunik ez da dimititzen, lan egiten da eta kideak konbentzitzen saiatu. Traizioa ekidin nahi izan du hortaz. Hala ere, seguru nago bere alderdi ingurukoek Etxezarretaren konbikzio eta usteei traizio galanta erakutsi dietena.

Gainbehera: Lopezen gobernuarena. Azukre koskortxo bat lez urtzen ari zaio [Enlace roto.]. Jendeak alde egiten dio, lekualdatzeak daude, berregituraketa nahikotxo akaso, e.a. Hori gutxi ez balitz, inkestak gero eta okerrago doazkio, eta Aste Santuan atera behar izan dute azkena, informazioa herritarroi ahalik eta gehien ezkutatzeko asmoz. [Enlace roto.] ere horretaz konturatu dira, fidel jarraitzen dute, baina korneta tokeak hasi egin dira.

Baina zer demontre! Beste batek esango zukeen moduan “El País Vasco va bien”. Eta nik zera gehituko nioke: “sabórealo”.

Kontuz! Herria PAUSEn dago

Benetan diotsuet, zinez, oso zaila da egun bateko atsedena hartzea eta blogean ezer ez idaztea. Gaiak pilatu egiten dira mahai gainean, posta elektronikoan, sare sozialetan…

Hala ere, Blanca Urgellentzat, EAEko Kultura sailburua, ez dago ezer. Tira, bai, zerbait badago, bat eta bakarra, txiste txarra egiteko baimena eskatu barik, urgellte edo larria den gaia, letra larriz: indarkeria, ETA.

Ez dut zertan nire kontzientzia zuritu inoren aurrean, baina argi gera dadila irakurtzen jarraitu aurretik: ETA sobera dago herri honetan eta edonon. Nik ez dut su-etenik nahi, nik armak sumendi batera bota ditzatela aholkatzen diet, eta diru beltza Gobernuz Kanpoko Erakunde bati ematea.

Argibidea eman ostean, zer uste du Kultura sailburuak? Herritarrok aldaketaren anestesiarekin lokartuta gaudela? Picassoren Guernica Euskadira ekartzearekin adarra jo digu Urgellek. Eskaera hori gutxietsi du sailburuak oso argudio xelebrearekin: [Enlace roto.], eta nola ez, garrantzitsuagoa den hori ETArekin amaitzea da.

Ez diot arrazoia ukatuko sailburuari, egia da, ETA gure bizitzetatik ateratzea Guernica Euskadira ekartzea baino garrantzitsuagoa da, erabat, ados. ETA ZER? Zer demontre esan nahi digu horrekin? Ezin dela ezer ere egin ETAren zama bizkar gainean daukagun bitartean?

Krisiaren kontrako neurri doiagoak eta eraginkorragoak eskatzen ditugula? Ez, gai garrantzitsuagoak dauzkagu mahai gainean.

Jantokietako begiraleek hamaika greba antolatzen dituztela? Hori ez da garrantzitsuena.

Urdaibaiko zonaldea berpiztu beharra dagoela? Tira, laaaaaaasai, oraindik ez dugu ETArekin amaitu, eta bertoko biztanleek itsasoko arrainak jan ditzakete, ezta?

Euskal Telebista Publikoaren gainbeherarako balaztarik ez daukagula? Bai, beno, beste telebista kate batzuk daude… eta Espainiako informatiboak dauzkagu,  salbu gaude.

Patxi Lopezek ez diela erantzun onargarririk ematen herritarrek planteatzen dizkioten galderei? Barkatzekoa da, zelan ez, burua bakegintza prozesuan murgilduta dauka (ea itotzen ez zaigun, kontuz).

Azken baten, herria PAUSE egoeran daukagu. Ez aurrera, ez atzera, inportanteenak eta bakarrak betetzen ditu agendak, eta herri honek, bien bitartean, ez du ezertarako eskubiderik.

Hau miseria!