Dirua leihotik behera Jaurlaritzan

Ez daukat besterik, barkatu, baina Irekiari buruz hitz egin behar dizuet berriro. Idatzi dudan azkenaurreko sarreran, Lehendakaritzak entzute aktiboan gastatuko duen dirutzaz hitz egiten nizuen, 100.000 euro hain zuzen ere.

Gaur bertan enteratu naiz Irekia bazebilela entzute aktibo horrekin orain arte, eta kontratua aurten berriztatu beharra zegoela (jarraian dagoen tweet segidan ikusi ahal duzue).

Tira, horraino mea culpa, baina ezin dut onartu engaina nazatenik. Iazko kontratazioari begiratuta, aurrekontua 40.000 eurokoa zen, eta aurtengoa 100.000 eurokoa. %150 gehiago. ETA KRISI GARAIAN?

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari (EGK), adibide bat jartzearren, aurrekontua jaitsi diote egoera ekonomikoaren argudioari helduz, eta jaitsi diotenaren halako hiru gehiago gastatuko dute entzute aktiboaren zerbitzu berrian? Gazteria bere politiken erdigunean omen duen gobernu batek egingo al du hori? (mesedez, ironia puntua igarri).

Mokadutxoak eta jaitxoak prestatzen oso iaioa da gure lehendakari hau, baina koherentzia ez da bere dohain nagusia.

Lehendakariak espiatu nahi zaitu

Tira, ez zuzenean, jakina, ez du kamera bat zure bainugelan jarriko, baina nolabait, ikuskatu egin nahi du Interneten esaten dena.

Hala ikus daiteke behintzat atzoko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari erreparatzen badiogu: lehendakaritzak zerbitzu bat kontratatu nahi du Internet eta gizarte sareetan entzute aktiboa eta etengabeko aholkularitza jasotzeko. Hau da, Interneten esaten dena kontrolatu nahi du, eta horren aurrean nola erantzun behar duen jakiteko aholkularitza eskatzen du ere bai.

Baina beste bi detaile “txiki” ere ezin dira aipatu gabe geratu. Alde batetik, 100.000 euroko aurrekontua dauka kontratazio honek, eta bestetik, martxoaren 29an bukatzen da proiektuak aurkezteko epea (astebete).

Beraz, nire ustez, detailetxo horiek nahiko garbi uzten dute Jaurlaritzarentzat ez gaudela krisian zenbait gauzatarako: jaiak antolatzeko, mokaduak banatzeko, sariak emateko edota herritarrek Interneten esaten dutena espiatzeko. Gainera, astebeteko epea emanda, honi kirats apur bat dario: ez ote da aldez aurretik enpresa hori aukeratuta egongo?

Baina, beste galdera bat datorkit burura: zertarako ireki zuen IREKIA (“Open Governement) Jaurlaritzak? Ez al zen hori herritarrak informatu eta herritarrekin harremanetan jartzeko bidea?

Edonola ere, dirua nonbaitetik xahutzen ari dira, eta lehendakariak gizarteak zer esaten duen jakin nahi badu, eta horri jaramon egin, dimisioa aurkez dezala eta hauteskundeak aurreratu.