Oscañídetza

Gaur egun Eusko Jaurlaritzan daudenen helburua ez da herri hau aurrera ateratzea, helburua da Euskadi Espainiarekin mimetizatzea. Euskal identitatea murriztu, ez ezabatu, eta museo baten beira-arasan sartu zer ginen guztiek gogora dezaten. Baina zer garen eta zer izango garen… horrek beste noranzko bat dauka: Madril.

Euskara ez da arazo, dio Bengoak, Osasun sailburua, arazoa da euskara ezartzeko hartu izan den abiadura. Ño! Mendeetan egon izan da euskara zanpatuta, eta orain abiadura da arazo. Akaso ez ote gara motelegi ibili? Nola izan daiteke euskal gizartearen ordezkari euskaldunon hizkuntza defendatzen ez duena, eta are gehiago, hizkuntza hori zapaldu egiten duena?

[Enlace roto.] euskara bazterrean utzi da, hutsaren hurrengoa da agian Euskadiko zerbitzu publikorik inportanteena den horretan. Jakina, orain Espainia osoko profesionalek lan egin ahal izango dute, eta kalitatea igoko da. Zertarako lehentasuna eman bertokoak diren profesional onei?

Nik proposamen batzuk dauzkat Bengoa jaunarentzat:

1. Gaztelaniaren derrigortasuna ere ezabatzea. Horrela oraindik eta profesional hobeak lortuko ditugu, mundu osokoak. Inportanteena da mediku onak edukitzea, eta ez hizkuntza.

2. Euskaraz bakarrik mintzo diren ume txiki eta agure-atsoekin akabatzea. Buruko minak baino ez dituzte ematen, arazoa eurak dira, ez euskara. Gaztelaniaz ere jakingo balute, askoz ere integratuago egongo lirateke.

3. Osakidetzari izena aldatzea, baskofonoegia baita. Euskara ez da arazo, baina gauzak argi utzi behar dira. Espainiako profesionalak batzea bada helburu, Oscañídetza da izenik egokiena. Argi eta garbi uzten dugu Euskadikoak garela hain propioa den gure “tz” horrekin, baina era berean, mundura Espainiara zabalik gaudela erakutsiko dugu.

Horiexek proposamenak sailburuarentzat. Hori bai, iradokizunekin batera, erregu bat: behingoz, ALDE EGIN! !