Korbata gorria ala urdina?

Ezin uka daiteke Bilduk protagonismoa hartu duela azken hilabeteotan euskal politikan, baina aldi berean, zaila da koalizioaren haria hartzea. Eta azaltzera noakizue.

Patxi korbata urdinarekin

Alde batetik, Martin Garitanok, Gipuzkoako  ahaldun nagusia, adierazi du ongi etorria izango dela “borondate on eta errespetuz datorren edonor”, Asturiasko printze eta printzesari buruz. Duela ez horrenbeste, beste alderdi abertzaleren bateko inork, EAJko norbait adibidez, antzeko zerbait esan izan balu, hamaika hitz politez hartuko zuketen Ezker Abertzalekoek, hormak pintatuz, kartelak edozein banketxetako kristaletan jarriz, e.a. “Español” zatekeen izenlagunik samurrena. Orain, aldiz, Martin Garitanok botatzen ditu adierazpenak eta txaloz hartzeko beharrean gaude.

Ba bai, poztekoa da Ezker Abertzale tradizionala barne hartzen duen koalizioak halako bira eman izana… egia balitz, ez baita urmaela basamortuan dakusazuen ur-distira. Berri horrekin batera, beste batekin topo egin dugu gaur, Bilduren “B” aldea erakusten diguna: Bilduk ez du EUDELen zuzendaritzan parte hartuko bere eginbeharren eztabaidan parte hartu arte.

Zera esango didazue, “eta zer? Libre dira nahi duten politika egiteko”, eta bai, arrazoi izango zenukete, erantzukizun instituzionalaren kontua alde batera utzita, xehetasun txiki batengatik izango ez balitz: Bildu jolasean ibili da EUDELen gaiarekin [Enlace roto.]. Gaurkoak, kontrara, garbi uzten du Bilduren erabakia izan dela, ez beste inorena, EUDELen parte ez hartzea, eta erabaki hori biktimaren rola hartzeko erabili dute.

Komunikazio ikastaro baten, behin, irakasleak politikariek janzkerarekin zelan komunikatzen zuten azaldu zigun azaletik. Gizonezkoen kasuan, korbata urdinek adostasunerako jarrera azalduko luketeen bitartean, gorriek, ostera, akordiorik inondik inora ez dela egongo adieraziko lukete.

Bilduko politikariek ez dute korbatarik janzten normalean, baina jantziko balute, zein kolore erakutsiko ligukete orain?