Libre Dios al castellano de las atrocidades del euskera

Barkatuko didazue izenburua gaztelaniaz jartzearena, baina nik ere lehendakariak duen arreta deitzeko gaitasunari heldu nahi nintzaion.

Dagoeneko entzun edo irakurriko zenuten Patxi Lopezek euskararen gainean atzo botatako iruzkina. Bada ez bada, errepikatuko dizuet: “bortizkeriaren bukaeran […] euskarak bat egingo du behin betikoz askatasunarekin”. Hortaz, indarkeria dagoen bitartean, euskara horri lotuta egongo zaio, edo agian, hobeto esanda, horri lotuko DUTE.

Patxi Lopezek botatako astakeriaren ildotik, honakoak ere bota genitzake: “zezenketak desagertu arte, gaztelania ez da odol-jario horretaz libre egongo”; edo “frankistarik geratzen ez denean, gaztelaniak bat egingo du behin-betikoz askatasunarekin”. Kirtenkeria galantak, ez da hala?

Baina horrek guztiak badu, sinestezina badirudi ere, irakurketa larriagorik.  Patxi Lopezek honakoa zioen Euskararen Egunean (duela hilabete eta erdi) bere blogean bertan:  “Galderak eta liskarrak alde batera usteko garaia heldu dela uste dut” (“s” hizki hori ez dut nik idatzi).

Liskarrak alde batera utzi, baina oraindik gaur egun, euskara indarkeriari lotzen dio guztiona omen den lehendakari honek.

Guztiona beharko du izan, antza bere agintaritza, Irekiaren hitzetan, Qatarreraino hedatu baitu:

Gaur zuzenduta egon arren, atzo oraindik hori zeukan argitaratuta nire Irekia maiteak. Zelako begirunea dion Gobernu honek euskarari!

Garbi baino garbiago geratzen da Patxi Lopez eta bere gobernuaren ardura nagusiak zein diren:

1. Terrorismoaren eta indarkeriaren matraka ahalik eta gehien luzatzea, biktimismo horri azken tanta atera arte.

2. Publizitatea. Beste ardura batzuk dituztela saltzea, baina saltzea bakarrik, azpian ez baitago ezer.

Lehendakari honi euskara eta euskaldunok bost axola, arrazoi sinple batengatik: ardura minimorik izango balu, ez luke esaten duena esango; eta zer esaten duen ez badaki ere, arduragabekeria oraindik eta larriagoa da. Ba al da hori eztabaidatzerik?