Polita izan da iraun duen bitartean

Ez dut Espainiak bizi duen egoera ekonomiko larriaz eta Espainiak Euskadirentzat suposatzen duen kargaz hitz egin nahi. Dagoeneko, oso gutxi izango dira horretaz konturatuko ez zirenak. Atsekabez atsekabe goazenez, gaur bestelako atsekabe batekin gosaldu dut, eta horretaz hitz egin nahi nizuen. Kirol albistea da, baina kirolaren gainetik ere badago.

Honezkero asmatu ez baduzue, bada ez bada beren beregi aipatuko dizuet. Dirudienez, Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak, Igor Gonzalez de Galdeanoren zuzendaritza berripean, bere harrobia mundura zabaltzea erabaki du. Mundu globalizatuaren errealitatera egokitzea dela diote, lehiakortasuna hobetze aldera.

Txirrindulari-tasarik existituko balitz, seguru nago Euskadik munduko altuenetarikoa izango lukeela, hau da, biztanle bakoitzeko txirrindulari gehien daukaten herrien artean legokeela, lepoa jokatuko nuke eta ez nuke galduko. Zuek ere pertzepzio hori duzuelakoan nago; Euskadik txirrindularitza maite du, eta milaka txirrindulari dauzkagu gure bideetan asteburuz-asteburu. Hortaz, Euskaltel-Euskadik ba al du benetako beharrik bere harrobia (sarea esango nuke nik) mundura zabaltzeko? Ezta pentsatu ere!

Euskaltel-Euskadi ikur bihurtu da azken urteotan gure artean, ia-ia Athletic futbolean izan daitekeenaren pareko arlo batzuetan, baina gainetik beste askotan. Gure herriaren izena zeraman nazioartera (Euskadi, Basque Country edo Pays Basque) eta herri osoa batzen zuen taldearen helburuen inguruan. Herri osoa batzen zen Prinioetako errepideetan zein telebista aurrean, Euskaltel-Euskadik herria bera ordezkatzen zuelako, herria eta bere balioak: adorea, indarra, sufrimendua… beti maldan gora, baina bizirik.

Eta zer geratuko zaigu orain erabaki berriekin? Euskaltel-Euskadi beste talde bat izango da, bat gehiago. Niretzat hil egingo da Euskaltel-Euskadi talde bezala, ikur bezala, eta bai, Tourra ikusten jarraituko dut, baina euskaldun batek irabazten duenean bakarrik poztuko naiz, gerta bailiteke Euskaltel-Euskadik etapa bat irabaztea eta irabazlea euskalduna ez izatea edo herri honekin zerikusirik ez izatea.

Hortaz, nire esku balego, eta Euskaltel-Euskadik globalizatzea erabaki duenez, edozein dirulaguntza publiko kenduko nioke. Bila dezala finantzazioa enpresa pribatuen mundu globalizatu eta lehiakorrean.

Agur Euskaltel-Euskadi, polita izan da iraun duen bitartean…