Gora Iñigo Martinez!

Egundoko astrapala sortu nahi izan da euskal hedabide publikoetan Iñigo Martinezek bere euskaran zabaldu duelako Errealeko zaleei egindako agurra. Astrapala ulertezina, benetan! Goazen egitateak aztertzen:

Iñigo Martinez ondarroarra da.

Iñigo Martinez futbolaria da.

Iñigo Martinez ez da hizkuntzalaria.

Iñigo Martinezek orain arte emandako prentsaurreko guztietan bere euskaran jardun du.

Iñigo Martinezi, Athleticekin fitxatu arte, inork ez dio ezer esan etxeko euskara erabiltzeagatik.

Iñigo Martinezek euskaraz idatzi du twiterra.

Iñigo Martinezen idatzia

Goazen orain bestelako inguruabarrekin:

Iñigo Martinezen euskara kritikatu dute EiTB taldeko profesional batzuek: euren lana egiteko bete beharko lituzketen euskara estandarraren oinarriak betetzen ez dituztenek.

Orduan, badatozkit burura gogoeta batzuk:

EiTB taldeko profesional horiek inoiz ez dute iruzkinik egin beste jokalari batzuek erabilitako moldearen gainean, batez ere gaztelaniaz jardun duten jokalarien gainean. Zer nahi izan dute? Orain asmatu dute Iñigo Martinez ondarroarra dela?

Inork, EiTBko profesionalen artetik, iruzkinik egin da aditzik gabeko esaldiak txitean-pitean oguzten dituzten jokalari erdaldunen gainean?

Lotsagarri deritzot kasu honetan euskal jokalari batek erabilitako euskararen gainean jardun behar omen izateari. Lotsagarri deritzot euren lanerako oinarrizko tresnak ez darabiltzaten jainko usteko profesional batzuek horren gainean jardun behar omen izateari. Gauza bera egingo dute oraindanik “dot”, “det” eta antzeko moduak darabiltzaten kirolari guztiekin? Ausartuko ote dira gaztelaniaz diharduten jokalariei analfabetoak direla esateko?

Hori guztia hala da, salbu eta nik gogoan hartu nahi ez ditudan beste arrazoi batzuk tartean sartu behar ez baditugu. Inoren euskararen ertzainak diren horiek hobe izango lukete euren burua aztertzea, eta euren beharra egiteko bete beharko lituzketen eta betetzen ez dituzten arauak zainduko balituzte.

Zorionak, Iñigo, bai Errealeko jokalari legez, eta bai Athleticeko jokalari legez. Zorionak, naturala izan zarelako. Zorionak zure “ondarrutar natural”ean aritu zarelako, eta bai Erreala, eta bai Athletic (hala Alavés, nola Osasuna) unean-unean haietan dauden pertsonen gainean eta unean-unean haien gainean diharduten pertsonen gainean daudelako.

Beste kontu batzuen gainean jardun dudanetan esan dudan legez, honelako lagunekin ez da zertan etsairik eduki.

Gora, Iñigo Martinez! Euskaldun batek bere euskaran jarduteari horrelako maiseoak egiten dituztenei itaundu beharko genieke ea zein helburu duten: nork bere euskara ez erabiltzea eta auzo-erderetako baten jardutea?

Ernai edo xenofoboa da edo ergel gaizto ekintzailea edo dena batera

Aurten, sugarra legez, bolo-bolo dabil Euzkadiko bazterretan turismoaren aurkako kanpaina zentzugabea. Bai, zentzugabea, hori bultzatzen dihardutenen buruaren aurka ere doalako. Kanpaina horren sustatzailea Ernai da. Ernairi, sortu zenean, EPPK-k, Sortuk eta LABek eman zioten ongi etorria. Bejondeiela!

Gasteizko 2017ko jaiak

Izan ere, Lizarrako sortze-agiriaren amaieran esan zutenez, «Iritsi zaigu unea! Orain herri eta auzoetara! Piztia piztu da, ekin!!!». Harrigarria da, baina Ernaik bere buruari piztia deritzo. Eta horren arabera dihardute bazterrak nahastatzen, etxekalte legez ari dira; izan ere, etxekaltea da bere jokaerarekin bere etxearen hondamendia ekartzen duena.

Ernai xenofoboa da, zeren xenofoboa baita pertsonez, taldeez eta kidekoez mintzatuz, xenofobia duena, eta xenofobia atzerritarren eta atzerriko gauzen kontrako joera edo gorrotoa baita. Aurtengo turisten aurkako kanpaina horren ispilu gardena da.

Ernai ergela da, zeren ergela baita zentzu edo adimen txikikoa, zentzugabeki mintzatzen edo aritzen dena. Uda honetan Ernaik darakuskigun ekintza zeroko adimenetik hurrean dago, zeren kanpotarren bisitekin bizimodua ateratzen duten euskal herritarren aurka baitihardu.

Ernai gaiztoa da, zeren gaiztoa baita zintzotasunik edo ontasunik ez duena. Ernaik aurten darabilen jarrera ez da norbanako on batena, kaltea egiten baitio bere jarduerarekin pertsona askori, batez ere berak ahoz defenditzen bide duen herritar askori. Baina garbi dago Ernai piztia dela, berak esan zuenez, eta garbi dago piztiak ez duela ezein asmo onik.

2017ko San Ferminetako entzierro bat

Ernai ekintzailea da, zeren ekintzailea baita negozio edo lan berriei ekiteko eta lotzeko gaitasuna duena. Ernaik berak Lizarrako sorrera-batzar hartan aitortu (?) edo adierazi zuenez, ekin behar dio Euzkadiko auzo eta herrietan. Bide batez esanda, Ernai ekintzailea beste arlo batzuetan izango balitz, askozaz hobeto denontzat, adibidez, euskara hobeto landuko balu; izan ere, honelaxe dio bere aldarrietako baten: «Gora Euskal Herria sozialista eta feminista!». DBHOko edozein ikaslek badaki jakin Herriaren –a horrek ez duela lekurik. Hala eta guztiz ere, txarto bideratuta dauden ekintzaileen ale ugari ditugu historian zehar.

Bada, Ernai ergel gaizto ekintzailea da. Hiru nolakokeriak bateratzen ditu, eta horixe da gerta daitekeen nahasturarik okerrena, zeren ergelak ez baitu pentsatzen zein ondorio ekar dezakeen berak burutu nahi duenak, zeren gaiztoak mina eman nahi baitu, eta zeren ekintzaileak ez baitaki geldi egoten. Lehertzeko moduko nahastea.

Baionako 2017ko bestakErnai Indiana Jonesen urratsen atzetik

Ernaik ez du San Ferminetan abiarazi Donostiako kaleetan abiatu duen kanpaina. Zergatik? Iruñea ez ote da Euskal Herria? Ala arrazoia beste hau da: Iruñeko alkatea ezker abertzaleko ordezkari bat izatea? Ez dago jende-pilatzerik San Ferminetan? Nik esango nuke Euzkadiko zazpi lurraldeetako hiriburuetako jaietan gertatzen den gizaldrarik handiena han batzen dela. Baliteke, Ernaik, Trumpen prentsa-arduradunek legez, kontakizun alternatiboa eraikitzea, egia gorabehera. Bada, Ernaik ikusmen galduaren bila jardun beharko luke (inoiz ikusmenik izan badu).

Donostia 2016an Kulturaren Europako Hiriburua izan zen. Nor zen alkatea orduan? Ez ote genuen geure burua euskalduntzat eta euskaltzaletzat daukagun guztiok Donostiaren alde egin donostiarrentzat ona zena besteontzat ere ona zela sinisten genuelako? Ez ote genuen guztiok haren alde egin Euzkadiren ikurra munduan Donostia zelako? Eta garrantzitsuena dena: ez ote genuen guztiok (Donostiako orduko alkateak ere bai) geure euskal gizartea munduaren aurrean jarri nahi izan? Zergatik aldaketa hau? Bada, Ernaik jardun beharko luke ospe onaren galduaren bila.

Donostiako 2017ko jai-egitaraua

Indiana Jonesen moduan, Ernaik ere bere zuztarren bila jardun beharko luke. Euskal Herria herri abegitsua izan da beti. Zer esan dezakete Ameriketako herrialdeetan gizaldietan zehar euskaldunak hartu dituztenek, horrelako kanpainak ikusten dituztenean?

Indiana Jonesen moduan, gomuta galdura bila jardun beharko luke Ernaik. Eman dezake Ernaik ziurtagiri bat, Ernaiko kideetarik inor ere ez dela bere herritik irten, beste leku batzuetan gizaldraren kide izateko? Burugabekeria galanta!

Donostian kale-trenarekin egindako ekitaldi barregarri-negargarrian, sua erabili dute hango antzezleek(?). Hauek ez ote dira erraustegiaren aurka ibiliko, ezta? Ernaik koherentzia galduaren bila jardun beharko luke (inoiz koherentziarik izan badu).

Azkena baina ez nolanahikoena: Ernairen kanpainaren sustatzaileek diotena etorkinei aplikatu behar zaiela ulertu behar dugu, ezta? Ala, ergel hutsak direnez, ez ote dute ondorio hori gogoan hartu? Indiana Jonesen moduan, ganora galduaren bila jardun beharko luke Ernaik (inoiz ganorarik izan badu).

Ardiak zaindu nahi ez dituen artzaina

Iragan larunbatean, apirilak 8, Baionan ETAren armagabetzea jendaurreratu zen. Bihoa, lehenengoz, nire iritzia: berandu jazo da hori, euskal gizarteari muzin egin zaio, etxekoen lekuan “aginte larderiatsuak” nahiago izan dira… baina ezinbestean egin beharreko urratsa zen.

Gertakari hori dela eta, denetarik entzun dugu. Alde batetik, batzuek (besteak beste, Fernando Savaterrek) esan zuten ez zaiela etakideei biderik zabaldu behar, eta ez zaiela utzi behar hiltzeko armen ordez gezurretan aritzeko armak hartzen. Beste alde batetik, Mixel Berhokoirigoinek Baionan bertan esan zuen “desarmatzea ez dela bakea”.

Hemen, itxuraz, inork ez du bere betiko lekutik irten nahi, nahiz eta batzuk irtenarazten ari direla eta beste batzuk irteten ari direla garbi egon. Herri honetan, ezer ez da erraza; behintzat, batzuek ez diote euskal gizarteari bere lekua itzuli nahi. Tamalez!

Bada, honetan guztian, José Ignacio Munilla Donostiako Elizbarrutiko gotzaina azaldu da. Ustekabearen ustekabea! Haren berbetan, Elizak (Katolikoak) ez du zerikusirik Baionako gertakariekin. Goganbeharraren goganbeharra!

Lukasen ebanjelioan (Lk, 15,11-32), aita errukitsuaren eta seme bien parabola ageri da. Itxuraz, Donostiako gotzainaren Bibliaren edizioan, pasarte hori falta da. Artzain honek ez ditu zainduta dituen laurogeita hemeretzi ardiak uzten, ardi galduaren bila joan eta berau topatzearekin pozteko. Ez, horratik!

Betiere, gotzainaren jarrera are kaltegarriagoa da, bai Elizarentzat, bai euskal gizartearentzat. Beharrik ez dagoen lekuan bizikidetza kaltetzen duten edo kaltetu ahal duten jarrerak hartzea ez da artzain arduratsu baten jarrera, ez da Jesusek emaniko mezuaren hartzaile eta emaile baten joera.

Izan ere, itxuraz, Donostiako gotzainaren Bibliaren edizioan, Zoriontasunak ematen dituzten pasarte biak ere falta dira. Lukas aitatu dugunez gero, aita dezagun oraingoan Mateoren ebanjelioa (Mt, 5,3-12): “Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango”.

Bada, donostiar artzainak erruki txikia erakutsi du. Non dago haren barkamena? Non dago haren errukitasuna? Non dago besteei izan behar dien maitasuna? Ez da haietarik bat ere ageri haren jarreran. Ni katolikoa naiz, niri gustatuko zitzaidakeen Eliza Katolikoak zuzenean parte hartu izan balu, ez Baionako ekitaldian bakarrik, ezpada bakea ekar zezaketen ekintzetarik edozeinetan. Hala nahi horrela ere, ezer ez egiteak ez du esan nahi ezer egin ez dela esan behar denik. Ba ote zen pastoral-arrazoirik hori esateko? Jaungoikoak baleki!

Herrigintza eragingarria

Gure artean asko hitz egiten da herrigintzaz. Askok diote (edo, hobeto esanda, garrasi egiten dute) herrigintza ezinbestekoa dela euskal nazioa eratzeko.

Betiere, herrigintza, hitzak berak adierazten duenez, eginez egiten da, ez ahoz gora, ez inoren aurka, ezpada elkarrekin egin behar da, eta guztiona izan behar duen herri horretan guztiok eroso sentitzeko moduan egin behar da.

Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Jean-René Etchegaray Lehendakaria

Bada, herrigintzaren eredu bi ditugu denbora laburrean. Lehenengoz, Iñigo Urkullu eta Jean-René Etchegaray aurtengo otsailaren 1ean batu ziren Baionan, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Euskal Hirigune Elkargoaren arteko lankidetza sustatzeko. Ikuspegi bi eta helburu bakarra: guztiok batu gaitzakeen esparrua eraikitzea. Astelehen honetan, berriz, Bordelen Akitaniako Erregioko partaide lege agertu dira Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea, Nafarroak iaz erregio horretako kide egitea onartu zuenez gero.

Uxue Barkos, Rousset eta Iñigo Urkullu

Horra hor herrigintza eragingarria: guztion aldekoa dena, inoren aurkakoa ez dena, euskararen lurraldeak batera aritzeko esparrua eskaintzen duena. Horra hor ekimen politiko sotila: nork bere iritzia emateko aukera ematen duena, desadostasunak partekatzeko bidea zabaltzen duena, guztion iritziak oinarri hartuta proiektu erkide batera heltzeko parada ahalbidetzen duena.

Ez da aparteko garrasirik entzun; inor ez da plaza zabalera harro azaldu. Ostera, etorkizunean elkarrekin izan eta bidean aurrera elkarrekin ibiltzeko oinarri sendo bi ezarri dira. Hortik aurrera, beti esan dudan legez, euskal herriek erabakitzen duten lekuraino.

“Dena edo ezer ez” leloa sinesten dutenek historiari erreparatzea baino ez dute: % 100ean, “ezer ez”. “Egin dezagun ahal duguneraino” diotenek, berriz, badute historiaren eskarmentua. Badakite sarritan onena onaren arerioa dela, eta badakite, geroenean, unean-unean lor daitezkeen proiektuetatik harantzagokoek herritarren zapuztea baino ez dakartela. Idiaren urratsa behar dugu: sendo eta atzeraezina.

Eta guztiaren gainean pertsonen giza eskubideen errespetua eta printzipio demokratikoen nagusitza.

Horixe da herrigintzarako biderik eragingarriena.

Donald Trump, Espainiako Gobernuaren hizkuntza-politikaren ispilu

Donald Trump, Estatu Batuetako 45. presidentea

Donald Trumpek erabaki bat hartu berri du hizkuntza-politikaren alorrean berealdiko oihartzuna ekarri duena. Izan ere, Etxe Zuriaren webgunetik gaztelaniazko bertsioa kendu egin du. Hauteskunde-kanpaina esan zuen legez. Ados egon zein ez, ez du bere hitza jan.

Ez dut jardungo erabaki honi deritzodanaren gainean, ezpabere Espainiako Gobernuak ebazpen horren aurrean erakutsi duen jarrerari buruz.

Berehala agertu da Alfonso Dastis Espainiako Kanpo Arazoetarako ministroa, ideia ona ez zitzaiola begitantzen azaltzeko. Espainiako Errege Akademiaren zuzendari Darío Villanuevak, berriz, esan du neurria atzerakuntza garrantzitsua dela, eta Víctor de la Concha Cervantes Institutuaren zuzendariak, azkenik, “keinukada larria” dela esan du. Alde batera lagako ditut Espainiako Errege Akademiaren eta Cervantes Institutuaren buruen iritziak, euren ikuspegia, nire ustez, justifikatuta dagoelako.

Alfonso Dastis, Espainiako Gobernuaren Kanpo Arazoetarako ministroa

Besterik gertatzen da, ostera, Espainiako Gobernuaren jarrerarekin. Izan ere, Espainiako Gobernua da Europako Hizkuntza Gutxituen Gutuna Europan gehien urratzen dutenetakoa. Ze ezberdinak diren predikatzea eta predikatutakoa egitea! Ene, bada!

Izan ere, Estatu Batuek ez dute hizkuntza ofizialik aitortuta euren konstituzioan; halandaze, gaztelaniazko bertsioa kentzea erabaki badu Donald Trumpek, legearen barruan jokatu du, ez du ezein legerik urratu. Gauza bera esan ote dezake Espainiako Gobernuak? Ez dut uste.

Espainiako Konstituzioak, berriz, beste eredu bat ezarri zuen, eta espainieraren alde jokatu. Betiere, tokian tokiko hizkuntzei ofizialtasuna aitortu zien, eta konstituzio-multzoak hainbat betebehar ezarri herri-aginteei hizkuntza bereziak dituzten herrialdeetan dihardutenean. Bada, Espainiako Konstituzioa 40. urtebeterantz doala, Espainiako Administrazio zentralaren eta periferikoaren jardunak argi darakus aginte horiek ez dutela euren konstituziotasuna bera betetzen.

Hori guztia legezkotasunari dagokionez. Orain jorra dezagun ikuspegi demokratikoa. Espainieraz diharduten estatubatuar biztanleak estatu hartako biztanle guztien % 17,6koak dira. Gutxiengo bat, gero eta behin. Ezagun egiten zaizu argudioa, irakurle? Izan ere, demokrazia baten, gutxiengoen eskubideak zaintzea demokrazia horren kalitatearen erakusgarria da, eta, alde horretatik, esan dezakegu Donald Trumpen jarrera ez dela goren mailakoa izan. Areago, nik esango nuke jarrera dorpea dela, baina kontu hau besterik da.

Non izan dira Espainiako Gobernua darabilen Alderdi Popularraren aitzindariak, Euskadi penintsularreko herri-aginteek euskararen erabilera bultzatzeko hartutako erabakien aurka Carlos Urquijok erakutsitako jarrera eta neurrien aurrean? Non?

Carlos Urquijo, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan arestian izan duen ordezkaria

 

Itxaro dut Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean dituen ordezkariek ez dutela jokatuko Donald Trumpek jokatu duen moduan.

Izan ere, norbera ohituta dagoenean INDARRAREN ARRAZOIA erabiltzen, arrazoiaren indarraren lekuan, ez da konturatzen zer jazo daitekeen norberak arrazoia izan baina indarra falta duen arte.

Ea Donald Trump suertatzen den Espainiako Gobernuak erabili behar duen hizkuntza-politika berri baten akuilu!

Frantsesak 0 — Euskarak 5?

Herria astekariaren 2016ko abenduaren 8ko alean, 3379. zenbakian, Erramun Bachoc-en “Erakunde bakarra eta jadanik bost izen” artikulua ageri da. Artikulu benetan aipagarria! Batez ere, euskaldunok sarriegi alferreko gaietan gure indarrak xahutzeko daukagun trebezia agertzen duelako.

Izan ere, 2017ko urtarrilean Iparraldeko 158 udalerriak batuko dituen erakundea jaioko da. Erramun Bachoc-ek dioenez, uztariztar Garat anaiek orain 226 urte egindako eskaerari erantzutera dator erakunde berri hori. Izango al da euskal sena indartzeko eta euskal erkidegoa gotortzeko lanabesa!

Dominique Joseph Garat Hiriart

Bada, hartan-horretan, aitabitxi eta amabitxi ugari agertu zaizkio artean jaio barik dagoen erakunde horri. Eta, jakina! Bataio guztietan jazo antzo, nork bere izena ipini nahi dio umeari… bere ikusmoldearen arabera.

Kontu bitxi bat gertatzen da: oraindik izen ofizialik ez duen erakundeari, oraindik jaio ez den umeari, euskaldunok, geure sormenari atsedenik ez ematearren, bost izen ipini dizkiogu . Hona hemen izenok: Euskal Herria Elkargoa, Euskal Elkargoa, Euskal Herriko Hirigune Elkargoa, Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoa eta Euskal Herrien Elkargoa.

Nork esan zuen euskaldunok irudimenik gabeko herri ginela?

Benito Lertxundik bere kantuetako baten esan zuen legez, “herri neketsu honetan” bizi izateak pentsatzea bera ere neketsu bihurtzen du.

Dominique Garat Hiriart

Ez naiz beste bataio-izen bat ipintzen ahaleginduko. Daborduko, nahiko eta sobera dauka ume gixajo horrek. Edozelan ere, ez litzateke txarra izango Euskaltzaindiari aholkua eskatzea, guzti-guztiok ezein arazo barik erabil genezakeen izena proposa lezan.

Ez dakigula gerta Mikel Zaratek Ipuin antzeko alegi mingotsak izeneko liburuan aurpegiaren aurrean jarri zigun egoera.

Ez dakigula gerta “Comunidad Autónoma Vasca”ren euskal ordaina berdin erabiltzeko eman genituen alferreko urteak berriro bizi behar izatea.

Borondatea, gogoa eta ekimena onak dira… ondo bideratuta daudenean. Bestela, behar baino buruhauste gehiago ematen dizkigute, eta euskararen estandarizaziorako ahaleginak benetako gaietan egin beharrean ageriko eta axaleko kontutxoetan emango ditugu. Alferrik eta kalterako! Berriro ere!

Ez dakigula gerta!

Autogobernuaren ponentzia: egia eta egiantza

John Case-k The Genesis Code liburuan dioenez, ez da beharrezkoa inork ezer txarto egitea, nahikoa da zerbait txarto dagoelako irudia egotea. Bestela esanda, garrantzitsua ez da egia, ezperen egiantza. Diotenez, irudiaren mendean suertatu zaigu bizi izatea… ala irudikeriaren mendean?

Ez dut atsegin profetarena edo aztiarena edo igarlearena egitea; betiere, iritzia aurretik ematea nahiago dut gertakaria jazo ondorik ageri-agerikoa dena esatea baino.

Eusko Jaurlaritzaren ardatzetako bat autogobernua da. Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdi biek, EAJk bezala PSE-EEk, autogobernuaren ponentzia sortzea eskatu dute. Behar-beharrezkoa, behingoan herri honen aspaldiko aldarriari kasu egingo bazaio!

Daborduko iragartzen dut laster jarriko dela abian espainiar hedabideen armada betiko esaldi zahar-zaharkitu eta ustel-usteldu-ustelgarriekin. Daborduko iragartzen dut herrarik sustraituenak azalaraziko dituztela herri honen gehiengoak zabaldu nahi duen bidea ixteko. Daborduko iragartzen dut egia erdiak, egiak eta egiantzak eta gezurrak nahaste, gezurrak eta gezurrak elkarren gainean, eta bestelako argudiokeriak erabiliko dituztela espainiar nortasun baterakoi, itogarri, etsigarri, ultramontano eta karpetobetonikoaren alde.

Era berean, daborduko iragartzen dut egiantzak denbora baten garai dezakeela egia; era berean, daborduko iragartzen dut ikuspegi politiko ezberdinak elkarren aurrean jarri beharrean arimaren barreneko gogorik zitalenak agerraraziko dituztela; era berean, daborduko iragartzen dut espainiar hedabideen iritziak nonahi, noiznahi, nondik-nahi eta noranahi entzuteko aukera izango dugula; era berean, daborduko iragartzen dut Eusko Jaurlaritzaren ahotsa edonola, edonoiz, edonondik eta edonora isildu egingo dutela.

Betiere, daborduko berdin iragartzen dut herri honen nahia ez dutela isilaraziko; daborduko berdin iragartzen dut herri honek jakingo duela egundaino legez arazoari neurria hartzen; daborduko berdin iragartzen dut herri honek irauntza izango duela oinarri bere jardunean; daborduko berdin iragartzen dut egiantzak, geroenean, ez duela egia garaituko.

Labur-zurrean, alimaleko tamaina ez duenak gaitzeko buruargitasuna behar du. Historian zehar, euskaldun herriak hori baduena egia dela antzina du frogatuta.

Kolonbiako ikasbidea

Urriaren 2an Kolonbiako herriak ezetz esan zien hango Gobernuari eta FARCei. Ezetz esan zion haien artean lortutako bake-itunari.

José Manuel Santos Kolonbiako lehendakaria

Bitxia duzu, irakurle, ikustea zelan herriak berak ezetz diotsen berak aukeratutako Gobernuari eta beraren izenean ei diharduen antolakundeari. Bitxia, entzuten dugun guztia sinestera jarriz gero, jakina!

Lehenengo eta behin, herri batek bere Gobernua aukeratzen duenean ez dio txeke zuri bat ematen, honek haren izenean nahi duen guztia egin dezan; bigarren, herriaren izena gora-goraka darabilten guztiei ez zaie dena sinetsi behar.

1960ko hamarkadan hasi zen gatazka armatu hau. Harrezkero milaka dira hildakoak, galdutakoak, hilduratuak, bahitutakoak… Labur esanda: sufrimendu handia, parametro objektiboetara ezin ekar daitekeena. Eta hildakoen, galdutakoen, hilduratutakoen, bahitutakoen… senitartekoek ezetz esan diote euren ustez errugabekeria ezarriko zuen bake-itunari.

Horrelako prozesuek, derrigor, gizartearen babes handia behar dute, bestela porrot gerta litekeen zerbait bihur daitezke, nahiz eta itunaren sinatzaileetako bati Bakearen Nobel Saria emateko balio izan.

Ezezkoa, bestalde, ez zaio gustatu Timotxenko kamaradari, eta, antolakunde larderiatsu guztietan gertatu antzo, atsegingarri ez dena arbuiatu eta kito! Honek argi agerrarazten du Timotxenkoren burgoikeria, bai eta berak aldeztu dioen herriari diotson mespretxu eta gutxiespena ere. Utikan herria! Demokraziaren ikusmolde zahar eta zaharkitu beti-batekoa.

Timotxenko FARCen burua

Eta geurera etorrita, zer? Bada, esaera zaharrak dioen legez, “Sua datxekonean auzoko etxeari, gogoa emak eureari”. Jar gaitezen gogoratzera: ETAk egindako krimenetatik oraindik 300dik gora dira argitu barik daudenak. Estatuak (edo Estatuaren babespean, inork) egindakoetarik asko argitu barik daude oraindik ere.

Barkamena eman behar dela aldarrikatzen denean, lehenengoz jakin behar da nori eman behar zaion barkazioa. Biktimen senitartekoek badute hori jakiteko eskubiderik… ala ez? Barkamena norbanakooi dagokigu, ez antolakundeei. Kausek ez dute hiltzen, pertsonek baino.

Inork sinets dezake biktimen eta beraien senitartekoen onirizpen barik bake-prozesu iraunkorrik lor daitekeenik?

Inor harrituko litzateke horrelako egoera baten gizarteak bizkarra emango balio berez ona izan litekeen akordio bati?

FARCen biktimak

Egia da gizarteari iritzia eskatu barik aurrera atera daitekeela horrelako prozesua… badaezpada ere; alabaina, prozesu hori herren irtengo litzateke hasiera-hasieratik.

Kolonbiako guduan eraildakoak

Izan ere, nork bere hildakoak ipintzea edo inorenak ipintzea ez dira gauza bera. Ez, horratik! Gizarteko andrazkoek eta gizonezkoek ipini dituzte euren seme-alabak hilak, galduak, hilduratuak, bahituak… izan daitezen, eta eurek esan dute ez daudela ados hiltzaileei, galtzaileei, hilduratzaileei, bahitzaileei… barkamena emateko, eurek parterik izan ez duten akordio bat dela grazia.

Halandaze, begira diezaiogun euskal esaera zaharrari. Ikas dezagun txarto egindakotik, ez dezagun errakuntza bera guk egin.

 

Aurrezkia hauteskunde-kanpainako gastuetan

Aurtengo irailaren azken igandean izango dira Eusko Legebiltzarra aukeratzeko hauteskundeak. Egia esan, 9 hilabetean 3 hauteskunde egitea nahikotxo da hiritarrontzat. Pentsa daiteke baten batek asmoa daukala hiritarrok higuin gaitezen hauteskundeekin, edo, bestela esanda, demokrazia egikaritzeko daukagun ariketa behinenarekin.

Horren harira, adierazpenak azalduko dira, krisi garai honetan diru hauteskundeak egiteko xahutu beharrean gauza onuragarriagoetan gastatu behar dela esango dutenak. Bada, ni ez nago batere ados baieztapen horrekin; izan ere, grafikagintza, mezularitza eta beste arlo ekonomiko batzuk ere suspertzen dira horrelako eretietan. Bego esanda!

Betiere, ados nago dirua xahutu behar ez dela dioen adierazpenarekin. Alde horretatik, EH Bilduk ia ez du zertan dirurik gastatu. Publizitatea PP egiten ari zaio kanpaina hasiko denetik baino askoz lehenagotik. Egunkari guztietan eta irrati eta telebista guztietan egun guztietan azalduko da EH Bildu (barkatu, daborduko azaltzen hasia da). Horrela, EH Bilduk dirutza aurrera dezake bai kanpainaren diseinuaren gastuetan, bai hedabideetan sartu beharreko iragarkietan eta abar.

EH Bilduk, berriz, kanpaina egiten dihardu Podemosen alde. Hainbeste ezkerkeria, hainbeste sustraikeria, geroenean, hainbeste keria ez dira parte onekoak izan EH Bildurentzat azken aldian; halandaze, EH Bildu, okerreko kaladeroan diharduela, aldameneko kaladeroko arrainak ugaritzen ari da.

Hala eta guztiz ere, ez ezazu pentsa, irakurle horrek, Podemos ezer egin barik geldi dagoenik, ezpada PPren aldeko kanpaina egiten dabil. Egin-eginean ere, Rajoy hobea bada beste edozer baino Euskadiko Podemosen eledunaren hitzetan, PPk emaitza hobeak lortuko lituzke Euskadiko Autonomia Erkidegoan Alonso eta enparauak Madrilen geldituko balira. Zertarako etorri, baldin eta Podemosek egiten badio kanpaina?

Ez daukat eroapenik hedabideetako denbora-tarteak eta inguruak neurtzeko, baina telebistetako eta irratietako albistegiak, eleketaldiak, solasaldiak, elkarrizketak, bigiriak ikusitakoan, beldur naiz informazioa kutsadura bihurtuko ez ote den, eta horrela, hartan-horretan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ez ote dituzten bihurtu nahiko Espainiako Gorte Nagusietarako hauteskundeen 3. txanda. Jaungoikoari nahi ez dakiola!

Eta zertan gasta dezaketen diru hori esaniko alderdi politikoek? Bada, zeregin asko daude, eta beharrizanik gorrienak pairatzen dituztenentzat erabil dezakete kanpaina horretan behar ez duten dirutza hori.

Abortua eta demokrazia

Iragan asteartean, hilak 19, Zigor arloko Madrilgo 19. Auzitegian epaiketa hasi zen Femen elkarteko bost ekintzaileren aurka.

Femen elkarteko ekintzaile auzipetuak

Arazoa 2015eko azaroaren 17an sortu zen. Egun horretan, abortuaren aurkako kale-agerraldian ziren milaka lagun, Asociación Enraizados en Cristo y en la Sociedad elkarteak deituta.

2015eko azaroaren 17ko kale-agerraldia

Behar den moduko demokrazia baten adierazpen-askatasunerako eskubidea bermatu behar da iritzi guztientzat, bai eta elkarren aurkakoak direnentzat ere. Halandaze, Asociación Enraizados en Cristo y en la Sociedad elkarteak bere iritzia gizarteratu nahi izan zuen eskubide osoarekin. Femen elkartekoek, ostera, ez zioten egoki iritzi horri, eta kale-agerraldira azaldu ziren euren mezua emateko.

Lehenengo eta behin, demokrazia bat egiteko, legeak ezinbestekoak dira, baina ez dira nahikoak. Gizarteko pertsonek onartu behar dituzte demokraziak guztientzat ezartzen dituen eskubideak, eta onartu behar dute euren iritzikoak ez besteentzat ere badirena halako eskubideak. Izan ere, Femen elkartekoek aukera dute euren iritzira bildu nahi duten pertsonei dei egiteko. Hauxe da demokrazia baten benetako oinarria: nork bere buruarentzat aldarrikatzen duen eskubidea bere aburuaren aurkakoentzat ere onartzea.

Bigarrenez, gerritik gora biluzik joan ziren Femen elkartekoak kale-agerraldi horretara, jakin bazekitela kale-agerraldian zirenek irain legez hartuko zutena jarrera hori.

Coordinadora Feministak deituta, abortuaren aldeko kale-agerraldi baketsua Madrilen 2014ko irailaren 28an

Horren ondorioz, Fiskaltzak, besteak beste, bederatzi hilabeteko presoaldia eskatu du Femen elkarteko ekintzaileen aurka. Eta horrek dakar, Femen elkartekoak kondenatuak izanagatik, ez dutela zertan kartzelara sartu. Neurri egokia, nire ustez.

Asociación Enraizados en Cristo y en la Sociedad elkarteak, berriz, sei urte eta erdiko kartzela eskatu du. Hau da: kodenak kartzela dakar ezinbestean. Eta hemen dago beste kontraesan bat: baldin eta elkarte horretako kideak Kristorengan benetan zuztartuta baleude, ez zuketen kartzela-zigorrik eskatuko, ezpada barkatu beharko zieketen. Betiere, beste askotan legez, Kristoren izena erabiltzen da haren mezutik mila legoatara dagoen iritzi bati eusteko.

Jesus, Mari eta Jose!