Zergatik emango diot botoa EAJri?

Espainiar politikariek egin beharko zuketen lana egin ez zutelako berriro ditugu Espainiako Gorte Nagusietarako hauteskundeak begien aurrean. Nik San Tomas egunaren bezperan Euzko Alderdi Jeltzaleari eman nion botoa. Eta oraingoan ere bai hari emango diot botoa.

Baten batek bere gogoan erabil dezake gogoeta hau: “Jakina, Euzko Alderdi Jeltzalearen alderdikidea zarelako, emango diozu hari botoa”.

Eta hizpidean da gogoeta hori darabilena. Ez da, horratik, arrazoi bakarra. Hona hemen, arrazoi nagusietako batzuk, Euzko Alderdi Jeltzaleari botoa emateko:

  1. Nire alderdia Euzko Alderdi Jeltzalea delako,
  2. nire goiburua (JeL) EAJk ordezkatzen duelako,
  3. EAJren helburu politiko bakarra Euzkadi delako,
  4. EAJ alderdirik aurrerakoiena delako hauteskunde hauetara aurkezten diren zerrenda guztietatik (ikusi berak darabiltzan gizarte-politikak, eta erkatu besteek darabiltzatenekin),
  5. EAJ berbako alderdia delako (agindutakoa betetzen du),
  6. EAJren andre-gizonek politika egiteko duten estiloa etikoa delako,
  7. EAJren ibilbide politikoa haren bermerik handiena delako,
  8. EAJk beti ipintzen dituelako Euzkadiren interesak berari komeni izan lekizkiokeenen aurrean (gomutatu Loiola eta abar),
  9. EAJk egiten diharduen herrigintzan inor atzean ez uzteko asmoa duelako, eta
  10. nire barrenengo gogoak hala nahi duelako.

Lagunok, alderdikide zaituztedanok, jaso ezazue agur bero bat JELpean, eta ahaleginik handienak egin botoak etxeratzen (beti egiten izan dugun moduan, bide batez esanda).

Lagunok, alderdikide ez zaituztedanok, jaso ezazue agur bero eta zabal bat bihotz barrendik,  EAJri botoa emateko asmoa eduki nahiz EAJri botorik emateko asmorik eduki ez.

Betiere, eta begirune osoarekin, oraingoz beste alderdi politiko bati botoa ematekotan zaudetenok, pentsatu gure andre-gizonekin bertotik bertora hitz egin dezakezuela, eta ez duzuela ehunka kilometrorik egin beharrik izango gure herri-ordezkariei zuen kexa eta iradokizunak azaltzeko. Errespetu osoz, eta, aldi berean, hezurretaraino sinetsita, botoa eskatzen dizuet EAJrentzat, hau da, Euzkadirentzat eta beraren gizarteko kide guzti-guztientzat.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *