Aurrezkia hauteskunde-kanpainako gastuetan

Aurtengo irailaren azken igandean izango dira Eusko Legebiltzarra aukeratzeko hauteskundeak. Egia esan, 9 hilabetean 3 hauteskunde egitea nahikotxo da hiritarrontzat. Pentsa daiteke baten batek asmoa daukala hiritarrok higuin gaitezen hauteskundeekin, edo, bestela esanda, demokrazia egikaritzeko daukagun ariketa behinenarekin.

Horren harira, adierazpenak azalduko dira, krisi garai honetan diru hauteskundeak egiteko xahutu beharrean gauza onuragarriagoetan gastatu behar dela esango dutenak. Bada, ni ez nago batere ados baieztapen horrekin; izan ere, grafikagintza, mezularitza eta beste arlo ekonomiko batzuk ere suspertzen dira horrelako eretietan. Bego esanda!

Betiere, ados nago dirua xahutu behar ez dela dioen adierazpenarekin. Alde horretatik, EH Bilduk ia ez du zertan dirurik gastatu. Publizitatea PP egiten ari zaio kanpaina hasiko denetik baino askoz lehenagotik. Egunkari guztietan eta irrati eta telebista guztietan egun guztietan azalduko da EH Bildu (barkatu, daborduko azaltzen hasia da). Horrela, EH Bilduk dirutza aurrera dezake bai kanpainaren diseinuaren gastuetan, bai hedabideetan sartu beharreko iragarkietan eta abar.

EH Bilduk, berriz, kanpaina egiten dihardu Podemosen alde. Hainbeste ezkerkeria, hainbeste sustraikeria, geroenean, hainbeste keria ez dira parte onekoak izan EH Bildurentzat azken aldian; halandaze, EH Bildu, okerreko kaladeroan diharduela, aldameneko kaladeroko arrainak ugaritzen ari da.

Hala eta guztiz ere, ez ezazu pentsa, irakurle horrek, Podemos ezer egin barik geldi dagoenik, ezpada PPren aldeko kanpaina egiten dabil. Egin-eginean ere, Rajoy hobea bada beste edozer baino Euskadiko Podemosen eledunaren hitzetan, PPk emaitza hobeak lortuko lituzke Euskadiko Autonomia Erkidegoan Alonso eta enparauak Madrilen geldituko balira. Zertarako etorri, baldin eta Podemosek egiten badio kanpaina?

Ez daukat eroapenik hedabideetako denbora-tarteak eta inguruak neurtzeko, baina telebistetako eta irratietako albistegiak, eleketaldiak, solasaldiak, elkarrizketak, bigiriak ikusitakoan, beldur naiz informazioa kutsadura bihurtuko ez ote den, eta horrela, hartan-horretan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ez ote dituzten bihurtu nahiko Espainiako Gorte Nagusietarako hauteskundeen 3. txanda. Jaungoikoari nahi ez dakiola!

Eta zertan gasta dezaketen diru hori esaniko alderdi politikoek? Bada, zeregin asko daude, eta beharrizanik gorrienak pairatzen dituztenentzat erabil dezakete kanpaina horretan behar ez duten dirutza hori.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *