Kolonbiako ikasbidea

Urriaren 2an Kolonbiako herriak ezetz esan zien hango Gobernuari eta FARCei. Ezetz esan zion haien artean lortutako bake-itunari.

José Manuel Santos Kolonbiako lehendakaria

Bitxia duzu, irakurle, ikustea zelan herriak berak ezetz diotsen berak aukeratutako Gobernuari eta beraren izenean ei diharduen antolakundeari. Bitxia, entzuten dugun guztia sinestera jarriz gero, jakina!

Lehenengo eta behin, herri batek bere Gobernua aukeratzen duenean ez dio txeke zuri bat ematen, honek haren izenean nahi duen guztia egin dezan; bigarren, herriaren izena gora-goraka darabilten guztiei ez zaie dena sinetsi behar.

1960ko hamarkadan hasi zen gatazka armatu hau. Harrezkero milaka dira hildakoak, galdutakoak, hilduratuak, bahitutakoak… Labur esanda: sufrimendu handia, parametro objektiboetara ezin ekar daitekeena. Eta hildakoen, galdutakoen, hilduratutakoen, bahitutakoen… senitartekoek ezetz esan diote euren ustez errugabekeria ezarriko zuen bake-itunari.

Horrelako prozesuek, derrigor, gizartearen babes handia behar dute, bestela porrot gerta litekeen zerbait bihur daitezke, nahiz eta itunaren sinatzaileetako bati Bakearen Nobel Saria emateko balio izan.

Ezezkoa, bestalde, ez zaio gustatu Timotxenko kamaradari, eta, antolakunde larderiatsu guztietan gertatu antzo, atsegingarri ez dena arbuiatu eta kito! Honek argi agerrarazten du Timotxenkoren burgoikeria, bai eta berak aldeztu dioen herriari diotson mespretxu eta gutxiespena ere. Utikan herria! Demokraziaren ikusmolde zahar eta zaharkitu beti-batekoa.

Timotxenko FARCen burua

Eta geurera etorrita, zer? Bada, esaera zaharrak dioen legez, “Sua datxekonean auzoko etxeari, gogoa emak eureari”. Jar gaitezen gogoratzera: ETAk egindako krimenetatik oraindik 300dik gora dira argitu barik daudenak. Estatuak (edo Estatuaren babespean, inork) egindakoetarik asko argitu barik daude oraindik ere.

Barkamena eman behar dela aldarrikatzen denean, lehenengoz jakin behar da nori eman behar zaion barkazioa. Biktimen senitartekoek badute hori jakiteko eskubiderik… ala ez? Barkamena norbanakooi dagokigu, ez antolakundeei. Kausek ez dute hiltzen, pertsonek baino.

Inork sinets dezake biktimen eta beraien senitartekoen onirizpen barik bake-prozesu iraunkorrik lor daitekeenik?

Inor harrituko litzateke horrelako egoera baten gizarteak bizkarra emango balio berez ona izan litekeen akordio bati?

FARCen biktimak

Egia da gizarteari iritzia eskatu barik aurrera atera daitekeela horrelako prozesua… badaezpada ere; alabaina, prozesu hori herren irtengo litzateke hasiera-hasieratik.

Kolonbiako guduan eraildakoak

Izan ere, nork bere hildakoak ipintzea edo inorenak ipintzea ez dira gauza bera. Ez, horratik! Gizarteko andrazkoek eta gizonezkoek ipini dituzte euren seme-alabak hilak, galduak, hilduratuak, bahituak… izan daitezen, eta eurek esan dute ez daudela ados hiltzaileei, galtzaileei, hilduratzaileei, bahitzaileei… barkamena emateko, eurek parterik izan ez duten akordio bat dela grazia.

Halandaze, begira diezaiogun euskal esaera zaharrari. Ikas dezagun txarto egindakotik, ez dezagun errakuntza bera guk egin.

 

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *