Xabier Lete eta komuneko papera

Post honetan kontatu nahi dut Xabier Leteren “Gizon arruntaren koplak” entzuten niharduela etorri zitzaidan burutazioa.

Izan ere, Xabier Letek gizakiaren bilakaeraren orduko gorengo maila ematen digu aditzera noiz eta 1976. urtean, orain dela abantzu 40 urte.

Gogoan daukat 1966. urtean edo, nire etxeko komuneko papera paper latza zela. Zergatik erabiltzen zuten gure gurasoek halako papera? Izan ere, gauza guztietarako adina dirurik ez eta erosketak egitean bakailaoa, sardina zaharrak eta enparauak biltzeko ematen ziguten papera birziklatu eta ipurdia garbitzeko erabiltzen genuen gurean. Sasoi hartan ez zegoen kanpainarik ingurumenaren eta kontsumo larregiaren inguruan. Ez eta behar ere!

Hortik ulertuko duzue zelako poza igartzen nuen inoren etxera joan eta han ipurdia garbitzeko egunkariaren papera ikusten nuenetan. Etxe horretakoak aberatsak ziren gero! Egin-eginean ere, etxe hartan egunkaria erosten zen, gurean ikusten ez zena. Hori zela bide, ahalegin guztiak egiten nituen gure gurasoek inoren etxera eroan nintzaten. Halakoren etxera heldu eta lehenengo lantegia komunean zein paper erabiltzen zen ikertzea nuen. Komuneko paper legez egunkariarena erabiltzen bazen, orduan ahaleginak egiten nituen gurasoek ni haren etxera berriro eroateko, paper latza bazuten, ostera, behar beste aitzakia, estakuru eta akiakula jartzen nituen hara ez itzultzeko.

Historikoa.

Xabier Leteren diskoa 1980ko hamarkadaren erdialdean entzun nuen estreinako, eta hona harridura: bazen jendea komunean ‘periodikua letuz’ kaka egiten zuena. Zer zerabilten halakoek, bada, ipurdia garbitzeko, egunkaria irakurtzen bazuten kaka egin bitartean? A, lagunok! Beren-beregi egiten zen papera, norberaren ipurdiko masailetako azala gorri ez zedin! Nire lehenengo akorduan ‘El Elefante’ markako paper marroia hasi ginen erabiltzen. Oso margo egokia, bide batez esanda, garbitu behar zuen produktuarekin erabat adosten zen-eta. Paper haren aurkia leuna zen, iruntzia, berriz, lakarra. Horregatik ikasi genuen papera kontuz tolesten iruntzitik, gure ipurmasailak igurtz zitzan aurki leunak.

Betiere, harekin pozik nengoela, konturatu nintzen ‘El Elefante’ zaharkitu zutela belaunaldi berriko komuneko paperek: kolore zurikoak (beharbada, kalbinista edo jansenista batek asmatuak), erraz moztekoak, orri bikoak, lurrintsuak (zein deabruri burura dakioke halako ergelkeria?!) eta abar.

Eta gaur egun, abantzu 40 urte geroago Xabier Letek kopla miresgarri hura idatzi zuenetik, neure burua ikusten dut hiperrean, superrean, cityan (azoka handi horietako baten), komuneko paperik egokiena aukeratzen, nire ipurmasailek ume jaioberri baten leuntasuna zaindu dezaten.

Gorengo maila… gaurkoz.

Eta gaur egun, komunera, egunkaria barik, tableta (ez aspirinakoa, alajaina!), eskukoa (Jainkoak dakita!) daroat komunera, eta Athleticen emaitzak ikasten dizkiet haiei zuzenean, eta emaitzak, orain abantzu 40 urte bezala, berdintsuak dira: Athleticek bi eta bat galdu zuen atzo, Errealak orain abantzu 40 urte baino hobetotxo, orduan ‘cuatro uno’ galdu zuen-eta. Eta pentsakor jartzen naizenean, hauxe datorkit burura: zelan, arraio, ulertaraz diezaiokedan hau guztiau ezagutu ez duenari oraingo gure bizimodua pagotxa dela?

Durangoko Azokaren erabilera okerra

Gerediaga Elkartearen ordezkariak 2015eko Azokaren balorazioa egitean

Post honetan, Durangoko Azokaz egiten den erabilera arriskutsua aitatu nahi dut. Arriskua, beharbada, ez da epe laburrean Azokarentzat berarentzat izango, bai, ostera, euskal kulturarentzat. Eta argi laga nahi dut hasieratik Durangoko Azokak ez duela erantzukizunik honetan, ez eta haren antolatzaile Gerediaga Elkarteak ere. Hau da, Durangoko Azokak tresna izan beharko luke euskal liburugintzarentzat bezala euskal kulturaren enparauko produktuentzat; betiere, gaur egun Durangoko Azoka helburu edo xede bihurtu dute.

Badiot Gerediaga Elkarteak ez duela erantzukizunik, berak oso argi ezartzen baitu 50. Azokaren araudiaren 1. artikuluan zein den Azokaren xedea: “Durangoko Azoka, Durangon (Bizkaia) urteroko maiztasunez egiten den jarduera da, euskaraz egindako edo euskararekin edo berezko euskal edukiak dituzten liburu, disko, CD, DVD, edo/eta euskarri digitaletan argitaratutako ekoizpen lanen erakusketa eta salmenta sustatzeko.” (http://durangokoazoka.eus/images/ARAUDIA2015.pdf).

Aurtengo Azokaren irudietako bat.

Betiere, urteen porasuz, Durangoko Azokara hurreratzen (izan) diren erakusleek nortasun hori laga dute ia guztiz albo batera, eta saltzaile huts bihurtu. Gerediaga Elkarteak, Andre Maria Sortzez Garbiaren egunean egindako balioztapenean, datuok eskaini dizkigu: 120 000 lagun agertuak dira azokara, eta beste 30 000 lagunek webgunea ikusi dute. Hori guztia, azken eguneko datuak kontuan hartu barik. Beste datu interesgarri batzuk ageri zaizkigu: 250 ekitaldi antolatu dira 5 egunetan zehar, 190 sinadura-ekitaldi izan dira… eta 350 nobedade ikusi ditu Durangoko Azokaren 50. edizioak.

Onar bekit ariketa hau egitea, albastoan bada ere, 5 egunetako datuok ateratzeko: 150 000 bisitari eta 37 500 bisitari birtual. Gutxi gorabeherako datuak dira, baina, nire aburuz, horiek balio dute, itaunok egiteko:

  1. 350 nobedade irunts ditzakete 150 000 bisitarik eta 37 500 bisitari birtualek batera 5 egunetan zehar?
  2. Zenbat liburu edota produktu argitaratu dira urteko gainerako 360 egunetan zehar, 350 nobedade horiez gainera?
  3. Euskararen eremua osotzen dugunok (3 milioi inguru gure zazpi lurraldeetan; ohar bedi ez ditudala euskaldunak neurri batean edo bestean izan gaitezkeenak bakarrik hartzen, hau da 800 000tsu) bagara gauza hori guztia geureganatzeko 5 egunetan zehar?
  4. 5 egunetan zehar 150 000 bisitari joan badira, hara joan ez direnek zenbat liburu erosten dute urtean zehar?
  5. Gaur egungo euskal liburugintza urtaro jakin bateko emaitza da?
  6. Zergatik ez dago liburu-denda bat ere ez 140 standen artean?
  7. Zergatik dira Durangoko Azokako prezioak eta herrietako liburu-dendetakoak gehienetan berdinak?
  8. Zer geratzen zaie herrietako liburu-dendei saltzeko Gabonetako kanpainan zehar, nobedadeak erosten badira 15 egun aurretik?
  9. Zergatik ezabatu da igartzeke edo bestela baitakoan euskal liburugintzaren katearen gunerik ahulena? Hau ez ote doa ekonomiaren ekologismoaren aurka?
  10. Zelan lehia daitezke urtean zehar herrietako liburu-dendak prezioa, marjina, denbora eta enparauak ezartzen dituzten enpresa zabaltzaileen aurrean?
  11. Ez ote gabiltza urtean zehar ekoizpen-basamortua sortzen, 5 eguneko oasi iraungaitza sortuaz?
Azken eguneko ekitaldietako bat.

Badaukat itaun gehiago, baina bego oraingoz; oraingoan, nire ustez, hau ebatzi beharko lukete: 1) gu erakusle-saltzaileak gara; 2) gu saltzaileak gara; 3) gu erakusleak gara. Eta kontsumitzaileari esan. Bide batez, zergatik ez dira publizitatzen hainbeste urtean zehar argitaratzen diren liburuak eta gainerako kultura-produktuak, eta azaroaren 15etik atzera gonbit egiterainoko aitamenak jasan behar ditugu?

Parisko erasoa: BESTEAren ikusmoldea

Bagdadeko meskita bake garaian.

Post honetan, BESTEAren pentsamoldea ulertzen ahaleginduko naiz. BESTEA da ARERIOA. Izan ere, zaila da gudu bat irabaztea, BESTEAren arrazoinamenduak, oinarriak eta funtsak ulertu barik. Arduraz nago horrekin. Hedabide gehienek erakarrita edo, “terrorismo” berba darabilt hitzetik hortzera eta txitean-pitean. Egia: NIri izu-beldurra eman didate Nairobiko, New Yorkeko, Londresko, Madrilgo, Parisko edota Bamakoko erasoek, oraindik ematen, bai eta emango ere.

Izu-ikara horrek hartua nago NI, batez ere neure burua zelan babestu ez dakidalako. Eta horixe nahi du BESTEAk. Ez dut zertan berben beldur izan. Osagile batek, gaixo bat osatzeko, lehenengo eta bat, diagnostiko zuzena egin behar du eta izen egokiaz adierazi gaixotasuna, bestela, alferrik dabil! Halandaze, oharduna banaiz neure sentimenduekin, errazago ulertu ahal izango ditut BESTEArenak. Egin dezadan, bada, ariketa hau: NI BESTEAren lekuan jartzekoa.

NI Ekialde Hurbilean edo Ekialde Urrunean jaioa naiz. NI arabiarra naiz. NI musulmana naiz. NIre gomuta osoan ikusi dut BESTEA neure herrian agintzen, bai haren buruz, bai berak ezarritako aberkide gibeljale eta aberri-arerio baten bidez. NIre fedearen aurkakoak ditut nagusi Profetaren lurretan. Senitartekoak hilak ditut. Bizimodua agortua dut. Noraezean nago. Profetaren aurkako bekatuek ez dute ordainik hartzen.

NI Ekialde Hurbilean edo Ekialde Urrunean bizi naiz. NIre estatua desegin zuen BESTEAk. NIre estatua paper hutsa da. NIre paper hutsean ez dago (legebidezko) aginterik. Betiere, NIk baditut ezaupideak. NIre sentimendu berdinekoak direnak. NIk baditut armak eskura, neure aberrira etorritakoak horixe bakarrik laga baitit; areago, BESTEAk saltzen dizkit armak, NIk dirua harenganatuz gero.

NI Ekialde Hurbilean edo Ekialde Urrunean nago. NIre etxean nago. Seme-alabak erail dizkit BESTEAk. Anaia-arrebak erail dizkit. NI arbuiatu nau BESTEAk. NI gutxietsi nau. NI lubakietara erakarri nau… Eta BESTEA?

NIre aberri-lurra suntsitu ondorik, BESTEA bere etxera itzuli da. Beraren seme-alabak besarkatu ditu. Haren gurasoek eta anaia-arrebek txeratsu hartu dute. Haren herrikide eta aberkideek txalotu dute…

Erailketak Sirian.

Eta nire aberri-lur suntsitua ikusten da mundu osoan telebistaz; eta nire senitarteko zatikatuak ageri dira mundu zabaleko telebistetan; eta nire aberri-lur odoldu eta odolustua azaltzen da ludi zabaleko ikus-entzunezkoetara.

Estatu Batuetako soldaduak etxera bueltan.

Aldi berean, BESTEAren aberri-lur joria ikusten dut mundu osoko ikus-entzunezkoetan; aldi berean, BESTEAren senitarteko poz-beteak ikusterrean izaten ditut mundu zabaleko telebistetan; aldi berean, BESTEAren aberri-lur jori eta naroa begietaratzen zait ludi zabaleko telebistez.

Eta nire barrendik sentitzen dut: partida orekatu behar dut. BESTEAk gudua ekarri badit etxera, nik haren ordain gudua eroan behar diot berarenera. Neure seme-alabak galarazi badizkit, BESTEAri ere haren seme-alabak galarazi behar dizkiot. BESTEAk nire gurasoak erail badizkit, nik harenak erailgo ditut. Eta NIk Talionen Legea aplikatzen dut. Eta NIre justifikazioa SHARIAn dago. NIk ez dut zertan ezagutu CESARE BECCARIA.

Betiere, badakit NI ez naizela BESTEA bezain indartsua; NIk badakit, ostera, zelan erabili BESTEAk ludi zabaleko guztion eskura jarri dituen tresna eta lanabesak. Internet BESTEAren deabrukeriazko asmazioa da, beraz hauxe hartuko dut gogoan: “Egur eskarmentadue, sugin ona”. Eta BESTEAren deabrukeria hori haren aurka itzuliko dut: “Nor bere burue erretako egur bille” (gaztelaniaz: “Dar uno armas para que lo maten”). Eta barrendik sentitzen dut: partida orekatu ahal dut. Eta orekatuko: BESTEAk nahikara, NIk ahalara”.

Erasoa Bamakon.

BESTEAk egin dizkit bidegabekeriak, bada, nik erakutsiko mundu zabalari; BESTEAk gauzatu dizkit izugarrikeriak, bada, nik agerraraziko munduko biztanle guztiei; BESTEAk eragin dizkit hondamendiak, bada, nik azalaraziko munduko biztanle guztien begiei eta arimei. BESTEAk biktima bihurtu nau. Ahulak beti sorrarazten du errukia, eta begikotasuna, eta elkartasuna. Eta NIk horiek erabiliko.

Eta NIk BESTEA arima barik ikusten dut, BESTEAk NI ikusten nauen legez. Eta NI ez naiz ezer BESTEArentzat, BESTEA NIretzat ezer ez den bezala. Eta gudu honetan ez dago errugaberik, ez NIreetan, ez BESTEArenetan. Orduan, dena abstrakzio hutsa da. Orduan fronte-ildoa galdu egiten da. Eta NI BESTEA bihurtzen naiz, eta BESTEA NI bihurtzen da.

Maila berean gaude NI eta BESTEA. NIk badut BESTEAk adinako legebidezkotasuna. Metahizkuntzak bidea zabaldu dio basakeriari. Eta BESTEAk basakeriari mairukeria baderitzo, NIk basakeriari kristaukeria deritzot. Eta honela ad infinitum.

Parisko erasoa (2): zuzeneko eta bat-bateko ondorioak

Brusela Belgikako Armadaren begiradapean.
Belgikako Armada Bruselako Plaza Nagusian.

Aurreko blogaren ildotik jarraituz, laugarren ondorioa hauxe da: guztiok gara erasoaren helburu. Zenbat eta lehenago geureganatu ideia hori, orduan eta egiatik eta konponbidetik hurrago izango gara. Hemen ez du balio “ni ez naiz errudun” edo antzeko esaldiak oguzteak. Hori gure iritzia baino ez da, eta guretzat baino ez du balio; horrenbestez, erasotzaileek ez dituzte gogoan hartzen horrelako arrazoibideak, zergatik eta euren ikusmoldea beste bide batetik baitoa.

Bosgarren ondorioa da edozein toki izatea helburu. Beldurrak eraginda, armadak kaleratu dituzte Europar Batasuneko hainbat herrialdetako kaleetara, bai eta haren hiriburu Bruselan ere. Erasotzaileek jomuga hori adierazi dutelarik, jomuga ikusgarri eta sinbolikoak dituzte helburu… oraindik; ondorik, errazago eraso ditzaketen helburuak aukeratuko dituzte, eta azkenean kontrapasan jardungo dute. Horretarako, badute abantaila taktiko-estrategiko bat: ez dute ihesbiderik topatu behar.

Seigarren ondorioa da gure gizarte bizimoduaren eta geure ekonomiaren azpiak jatea. Parisko erasoaren ondorik, Bruselan erasoren bat gertatuko zen (den) beldurrez, Belgikako Gobernuak armada kaleratu zuen, hedabideetatik behin eta berriro esaten izan da eskolak, lantokiak, erostetxeak… itxita egongo zirela, eta itxi egin ziren. Bruselarren bizimodua azpikoz gora jarri dute erasotzaileek. Bruselaren ekonomiak egundoko ondore txarra jasan behar (izan/izaten/izango) du. Noiz arte euts dakioke egoera horri?

Zazpigarren ondorioa hauxe da: hedabideen zeregina aldatzea. Erasotzaileek lortu dute Europar Batasuneko hedabide guztiek (gehienek euren buruen erabakiaz, eta enparauek mimetismo kritikagabeaz) erasotzaileen euren mezuak lau haizeetara zabaltzea. Bai, badakit gizarte sareetan egundoko ikuskizunak eskaintzen dituztela; bai, badakit hainbat gazte mendebaldarrek euren jarraitzaile bihurtu dutela euren burua halako sareez. Egia da hau ere bai, ostera: Europar Batasuneko hedabide nagusiek edozein ordutan zabaltzen dituzte erasotzaileen mezuak. Guztiok ikaragarriak. Zertarako zabaltzen dituzte mezu horiek? Nire ustez, erantzuna ezin argiago ageri da: gure gizarteko norbanakook beldurrarazteko, eta, horren ondorioz, gure gizarteko banakook erraz(ago) onar ditzagun gure geure eskubideei bihar-etzi ezar dakizkiekeen mugak.

Lagun, honaino heldu bazara, beharbada zeure buruari itaunduko zenion ea zergatik ez dudan orain arte “atentatu” berba erabili. Izan ere, Parisko erasoa ez da atentatua izan, ezpada gudu orokor baten adierazpideetako bat. Honen eskutik helduko gara beste ondorio batera.

Bederatzigarren ondorioa da gudu baten barruan sartuta egotea. Bestela esanda, izenak izen, adjektiboak adjektibo eta adberbioak adberbio, erasotzailea (esangurarik zabalenean ulertuta) ez dugu garaituko berbekin bakarrik; are gehiago, ez dugu irainekin garaituko. Onartu behar dugu (gure gobernatzaileek egin nahi ez badute), gudu orokor baten barruan sartuta gaudela. Onartu behar dugu gudu honetan ez dagoela fronte-lerrorik. Onartu behar dugu gudu hau beste modu batera egiten dihardutela, eta, horrenbestez, geuk ere beste modu batera prestatu beharra dugula. Onartu behar dugu geure gaur egungo bizimodua arriskuan dagoela. Geroenean, onartu behar dugu guk geuk erabaki behar dugula zer egin dezakegun, zer egin nahi dugun eta zer egin behar dugun ataka honetatik urteteko.

Hau ez da atentatu bakana izan; 2007ko krisi ekonomikoa krisia izan ez zen moduan, ezpabere Aro berri baten hasiera; oraingo honetan ulertu behar dugu daborduko sartuta gaudela gizartearen bizimoduaren aro berri batera ekar gaitzakeen benetako eta zinezko gudu baten barruan.

Parisko erasoa (1): zuzeneko eta bat-bateko ondorioak

Parisko erasoak gure ikusmoldearen zutabeak astindu ditu; are gehiago, zutarri batzuk birrindu ditu. Ikus dezagun zertan diren gaur egun ezereztu diren habe-harri haietako batzuk.

Lehenengo eta bat, segurtasunaren izenean, askatasuna albo batera laga da. Kontu hau ez da berria, zergatik eta 2001eko irailaren 11n, New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoaren ostean gauza bera gertatu zen. Nor gomutatzen da orduan hartutako erabakiekin? Inork galdatu al du orduan bertan behera utzi ziren eskubideak berriro ezartzeko? Inori bururatu balitzaio, etoi esango zitzaion, eta betiereko zemaia, Guantanamora bidaltzekoa, harako haren buru gainean jarri. Bada, Parisko erasoaren ostean, behin eta berriro ikusitako filma ikusi beharrean gaudelakoan nago. Eta amaiera beti-batekoa izango da.

Larritasuneko lege gisa onartu zen 2001eko urriaren 26an USA PATRIOT ACT. Bada, 2005ean, haren indargabetzea eskatu zenean, askatasunik gehienek berriro ere indargabeturik iraun dute egundaino, Estatu Batuetako Kongresuaren 2006ko martxoaren 2an berretsi eta George Bush presidenteak hil bereko 9an aldarrikatu zuenetik. Ikusiko dugu zer gertatzen den Frantzian datorren urteko martxoko hilean.

Bigarren, Europar Batasunaren mugak berriro jaso dira. Schengengo eremua hilarazi dute. Hogei urte baino iraun ez duen eremu hori gure seme-alabentzat eta ilobentzat urruneko gomutako ipuina izango da. Kasu honetan, aurrekoan legez, murrizte hori pairatu beharko dugu Europar Batasunekook, ez beste inork, halakok ez baitzuen guk ibiltzeko geneukan askatasuna.

Hirugarren, beldurra gizabanako bakoitzarengan sustraitu (nahi) da. Gizarte bat ez da beldurtzen, bera osatzen duten gizabanakoak beldurtzen ez badira; halandaze, helburu hau lortu nahi ei da: guztiok beldurtzea, guztion gizartea beldurtia izan dadin. Honetarako prestatzen gaituzte: gure askatasunei eta eskubideei uko egiteko, gure geure segurtasuna gotortze aldera; ibiltzeko askatasuna murrizteko, geroago eta bakarrago izan gaitezen, eta elkarren bizimoduen trukatzea geroago eta txikiagoa izan dadin. Ez da maitatzen ezagutzen ez dena.

Hasieran, beldur hori arrotzaren gainean elikatzen da; ondorik, arrotzaren beldur garenean, gure gizarteko kideen beldur izanarazi nahi gaituzte; hurrengo, horien guztien beldur garenean, gure etxekoen beldur izan behar dugu, behargintza horretan dihardutenek euren xedea jadetsiko badute. Geroenean, estatuak (hori nor den ez dakigula!, baina inoren interes esaten zaio) geure buruen mendekotasuna lortuko du: elkartasun berbak bere esangurarik maitagarriena galduko du. Ezagun ez dugunaren beldur izango gara, eta ezezaguna salatuko. Gaizkinahiaren logika honetan, baina, ez gara konturatuko gu beste guztientzat ere ezezagunak garela, eta, beraz, salatzeko dina.

Ondorik, gurpil-zoro honetan irabiaturik gaudelarik, ez diogu erreparatuko benetako egiari: “norberaren areriorik beldurgarriena, norberaren beldurra” dela, ez eta horren ondorioari ere: “norberaren beldurra da norbera geldiarazten duena”. Orduko berandu da (Bertolt Brechten olerkia gogoan).

Espainiako Konstituzio aldaezina(?)

Kataluniako Herriaren borondatea dela eta, egunokin behin eta berriz entzuten izan dugu (eta entzun beharko dugu) Espainiako Konstituzioa ezin alda daitekeela, Konstituzioaren 1.2 artikuluak ezartzen duela «nazioaren subiranotasuna Espainiako herrian datza»la eta abar.

Gomuta dezagun, bada, 1992ko uztailaren 22an Diputatuen Kongresuak eta hil bereko 30ean Senatuak Konstituzioaren 13.2 artikulua aldatu zutela, Maastrichteko Itunaren arabera moldatzeko San Nikolas eguneko testu sakratua. Aldaketaren ondorioz, boto emateko eskubidea eman zitzaien Europar Batasuneko hiritarrei Espainiako Erresumako udal hauteskundeetan.

Komeni da une honetan gomutaraztea zein oinarri erabili zen: «Oraingoa bezalako abagunean, Konstituzioko erabakia eta Europako erabakia batzen diren honetan, adostasun politikoaren hatsapen hori nabarmentzeak oso mesedegarria dirudi. Egin beharreko aldaketaren itxurazko txikitasunak ez baitu estali behar Konstituzioaren benetako aldaketa denik, Europako Batasunaren espiriturako ondorio luze-zabalak dituen erabakia dakarren aldaketa alegia».

Hemeretzi urte geroago, eta berriro ere Europatiko haizete gogorrak eraginda, Konstituzioaren 135. artikulua aldatu zen, udako gau baten, bat-batean, eta PSOEk eta PPk elkar hartuta, aurrekoan legez. Gaia izan zen, gogoan izan dukezuenez, Espainiako Erresumako herri-aginteek euren burua zorpetzeko duten ahalmena murriztea. Kasu honetan, 2011ko abuztuaren 26an onartu zuen Diputatuen Kongresuak eta irailaren 7an Senatuak, «nazioaren subiranotasuna» inoren eskuan uztea.

Gomutaraz  dezagun orduko oinarri juridikoa: «Espainia bere eskumenak gero eta gobernantza komun handiagoaren esparruan finkatzen eta proiektatzen dituen Europako Ekonomia eta Moneta Batasuneko kide izanik, eta ekonomia- eta finantza-alorreko ondorioak gero eta nabarmenagoak izanik, aurrekontuen egonkortasunak erabateko balio estrukturala du, eta baldintzatu egiten ditu Estatuaren jarduteko gaitasuna, Oinarrizko Lege beraren 1.1. artikuluak aldarrikatzen duen estatu sozialaren iraupena eta garapena eta, azken batean, herritarren egungo eta etorkizuneko oparotasuna».

Beraz, adostasun politikoa eta Estatuak jarduteko duen gaitasunaren murrizketa izan ziren arrazoiak, testu goi-sakratua aldatzeko. Zergatik ez dute balio zio horiek Kataluniako kasua aztertzeko? Zergatik erabili zen espainiar alderdien borondate politikoa Euskal Autonomia Erkidegoko herri-ordezkariek aukeratu zuten bideari danbateko bat emateko?

Kataluniarren herri-ordezkarien jarrerari buruz, hauxe gomutarazi nahiko nuke: kataluniarrek aukera bakarra dute asmatzeko bidearekin. Buruz jokatu behar da, kataluniarrek badutelako, euskaldunok legez, jatorrizko bekatu bat: txikiak izatea. Espainiarrek hamaika aldiz erra dezakete bidea, guk, ostera, ez dugu aukera hori.

Ikuspegi honetatik, Alejandro Dumasek Veinte años después liburuan esan zuena gogorarazi nahi dut: «En política no hay más ideas sublimes que las que producen su fruto; las que abortan son disparatadas y áridas». Kasu honetan, herri kataluniarraren gogoa lupeztea izango litzateke ondoriorik kaltegarriena. Ez ahal da hala suertatuko!

Dopina kiroletik kendu behar da

Egunokin ikusi ahal izan dugu Urdaibai traineruko hainbat lagunen aurka emandako epaia. Epai horrek osagilea bera ere ukitu du. Horrelako gertaeren aurrean, irudikeria eta zurikeria berbak datozkit gomutara. Eman ditzadan hainbat arrazoi, ez guztiak baina.

Lehenengo eta bat, kirol profesionala ikuskizuna da, negozioa da, ez da kirol hutsa. Errekor berba, garaipen eta ausiabartza berbak dira nagusi; geroenean, bigarrena izateak ez du garrantzirik, bigarrena nor den inork ez daki-eta. Horrela diote hainbat kirolari profesionalek; berbarako: Kontxako Ikurrinaren irabazleak baino ez dira gomutatzen eta abar.

Bigarren, kirol profesionala osasunaren aurkakoa da. Izan ere, gorputzak berez eman dezakeena baino gehiago egin behar da, norbait izango bagara hedabideentzat, ikusleentzat… Harritasunez entzuten diegu telebistetako eta irratietako esatariei zelan Urdaibaik kendu dion hainbeste segundo bigarren traineruari, hirugarrenari edota azkenari. Inork pentsatu al du zelan jo daitezkeen hogeita hamarretaz palada minutuko hogei minutuko estropada baten? Txokolateaz, Cola-Caoz, bitaminadun nahasketez bakarrik? Ez gaitezen zuriak izan. Gauza bera ikus dezakegu txirrindularitzan eta enparauko kiroletan.

Oraingoz, geroenean, kirol profesionala hainbat umeren (sarritan ume ezeduki askoren) bizitzako irteera da. Hau ukaezineko baieztapena da oraindik erabat garatuta ez dagoen munduan, baina baita ere mundu garatuko hainbat esparru txirotan ere; halandaze, ezedukitik, miseriatik, urteteko abagune bakarra dute. Eta prest egongo dira edozer egiteko gorengo mailara heldu eta beronetan irauteko. Erraza da juzguak kanpotik egitea, are errazago, norberak egin behar ez duenean kirolari profesional baten ahalegina.

Guztientzat eman nahi baditugu aukera berdinak, dopintzat ulertzen ditugunak kirolaren legearen barruko beste osagai hauek sartu behar dira: botikak eta beste tresna guztiak, kirolari profesional batek eman behar duen etekina lortzeko. Hala biz!