Parisko erasoa (1): zuzeneko eta bat-bateko ondorioak

Parisko erasoak gure ikusmoldearen zutabeak astindu ditu; are gehiago, zutarri batzuk birrindu ditu. Ikus dezagun zertan diren gaur egun ezereztu diren habe-harri haietako batzuk.

Lehenengo eta bat, segurtasunaren izenean, askatasuna albo batera laga da. Kontu hau ez da berria, zergatik eta 2001eko irailaren 11n, New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoaren ostean gauza bera gertatu zen. Nor gomutatzen da orduan hartutako erabakiekin? Inork galdatu al du orduan bertan behera utzi ziren eskubideak berriro ezartzeko? Inori bururatu balitzaio, etoi esango zitzaion, eta betiereko zemaia, Guantanamora bidaltzekoa, harako haren buru gainean jarri. Bada, Parisko erasoaren ostean, behin eta berriro ikusitako filma ikusi beharrean gaudelakoan nago. Eta amaiera beti-batekoa izango da.

Larritasuneko lege gisa onartu zen 2001eko urriaren 26an USA PATRIOT ACT. Bada, 2005ean, haren indargabetzea eskatu zenean, askatasunik gehienek berriro ere indargabeturik iraun dute egundaino, Estatu Batuetako Kongresuaren 2006ko martxoaren 2an berretsi eta George Bush presidenteak hil bereko 9an aldarrikatu zuenetik. Ikusiko dugu zer gertatzen den Frantzian datorren urteko martxoko hilean.

Bigarren, Europar Batasunaren mugak berriro jaso dira. Schengengo eremua hilarazi dute. Hogei urte baino iraun ez duen eremu hori gure seme-alabentzat eta ilobentzat urruneko gomutako ipuina izango da. Kasu honetan, aurrekoan legez, murrizte hori pairatu beharko dugu Europar Batasunekook, ez beste inork, halakok ez baitzuen guk ibiltzeko geneukan askatasuna.

Hirugarren, beldurra gizabanako bakoitzarengan sustraitu (nahi) da. Gizarte bat ez da beldurtzen, bera osatzen duten gizabanakoak beldurtzen ez badira; halandaze, helburu hau lortu nahi ei da: guztiok beldurtzea, guztion gizartea beldurtia izan dadin. Honetarako prestatzen gaituzte: gure askatasunei eta eskubideei uko egiteko, gure geure segurtasuna gotortze aldera; ibiltzeko askatasuna murrizteko, geroago eta bakarrago izan gaitezen, eta elkarren bizimoduen trukatzea geroago eta txikiagoa izan dadin. Ez da maitatzen ezagutzen ez dena.

Hasieran, beldur hori arrotzaren gainean elikatzen da; ondorik, arrotzaren beldur garenean, gure gizarteko kideen beldur izanarazi nahi gaituzte; hurrengo, horien guztien beldur garenean, gure etxekoen beldur izan behar dugu, behargintza horretan dihardutenek euren xedea jadetsiko badute. Geroenean, estatuak (hori nor den ez dakigula!, baina inoren interes esaten zaio) geure buruen mendekotasuna lortuko du: elkartasun berbak bere esangurarik maitagarriena galduko du. Ezagun ez dugunaren beldur izango gara, eta ezezaguna salatuko. Gaizkinahiaren logika honetan, baina, ez gara konturatuko gu beste guztientzat ere ezezagunak garela, eta, beraz, salatzeko dina.

Ondorik, gurpil-zoro honetan irabiaturik gaudelarik, ez diogu erreparatuko benetako egiari: “norberaren areriorik beldurgarriena, norberaren beldurra” dela, ez eta horren ondorioari ere: “norberaren beldurra da norbera geldiarazten duena”. Orduko berandu da (Bertolt Brechten olerkia gogoan).