Donald Trump, Espainiako Gobernuaren hizkuntza-politikaren ispilu

Donald Trump, Estatu Batuetako 45. presidentea

Donald Trumpek erabaki bat hartu berri du hizkuntza-politikaren alorrean berealdiko oihartzuna ekarri duena. Izan ere, Etxe Zuriaren webgunetik gaztelaniazko bertsioa kendu egin du. Hauteskunde-kanpaina esan zuen legez. Ados egon zein ez, ez du bere hitza jan.

Ez dut jardungo erabaki honi deritzodanaren gainean, ezpabere Espainiako Gobernuak ebazpen horren aurrean erakutsi duen jarrerari buruz.

Berehala agertu da Alfonso Dastis Espainiako Kanpo Arazoetarako ministroa, ideia ona ez zitzaiola begitantzen azaltzeko. Espainiako Errege Akademiaren zuzendari Darío Villanuevak, berriz, esan du neurria atzerakuntza garrantzitsua dela, eta Víctor de la Concha Cervantes Institutuaren zuzendariak, azkenik, “keinukada larria” dela esan du. Alde batera lagako ditut Espainiako Errege Akademiaren eta Cervantes Institutuaren buruen iritziak, euren ikuspegia, nire ustez, justifikatuta dagoelako.

Alfonso Dastis, Espainiako Gobernuaren Kanpo Arazoetarako ministroa

Besterik gertatzen da, ostera, Espainiako Gobernuaren jarrerarekin. Izan ere, Espainiako Gobernua da Europako Hizkuntza Gutxituen Gutuna Europan gehien urratzen dutenetakoa. Ze ezberdinak diren predikatzea eta predikatutakoa egitea! Ene, bada!

Izan ere, Estatu Batuek ez dute hizkuntza ofizialik aitortuta euren konstituzioan; halandaze, gaztelaniazko bertsioa kentzea erabaki badu Donald Trumpek, legearen barruan jokatu du, ez du ezein legerik urratu. Gauza bera esan ote dezake Espainiako Gobernuak? Ez dut uste.

Espainiako Konstituzioak, berriz, beste eredu bat ezarri zuen, eta espainieraren alde jokatu. Betiere, tokian tokiko hizkuntzei ofizialtasuna aitortu zien, eta konstituzio-multzoak hainbat betebehar ezarri herri-aginteei hizkuntza bereziak dituzten herrialdeetan dihardutenean. Bada, Espainiako Konstituzioa 40. urtebeterantz doala, Espainiako Administrazio zentralaren eta periferikoaren jardunak argi darakus aginte horiek ez dutela euren konstituziotasuna bera betetzen.

Hori guztia legezkotasunari dagokionez. Orain jorra dezagun ikuspegi demokratikoa. Espainieraz diharduten estatubatuar biztanleak estatu hartako biztanle guztien % 17,6koak dira. Gutxiengo bat, gero eta behin. Ezagun egiten zaizu argudioa, irakurle? Izan ere, demokrazia baten, gutxiengoen eskubideak zaintzea demokrazia horren kalitatearen erakusgarria da, eta, alde horretatik, esan dezakegu Donald Trumpen jarrera ez dela goren mailakoa izan. Areago, nik esango nuke jarrera dorpea dela, baina kontu hau besterik da.

Non izan dira Espainiako Gobernua darabilen Alderdi Popularraren aitzindariak, Euskadi penintsularreko herri-aginteek euskararen erabilera bultzatzeko hartutako erabakien aurka Carlos Urquijok erakutsitako jarrera eta neurrien aurrean? Non?

Carlos Urquijo, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan arestian izan duen ordezkaria

 

Itxaro dut Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean dituen ordezkariek ez dutela jokatuko Donald Trumpek jokatu duen moduan.

Izan ere, norbera ohituta dagoenean INDARRAREN ARRAZOIA erabiltzen, arrazoiaren indarraren lekuan, ez da konturatzen zer jazo daitekeen norberak arrazoia izan baina indarra falta duen arte.

Ea Donald Trump suertatzen den Espainiako Gobernuak erabili behar duen hizkuntza-politika berri baten akuilu!