Ardiak zaindu nahi ez dituen artzaina

Iragan larunbatean, apirilak 8, Baionan ETAren armagabetzea jendaurreratu zen. Bihoa, lehenengoz, nire iritzia: berandu jazo da hori, euskal gizarteari muzin egin zaio, etxekoen lekuan “aginte larderiatsuak” nahiago izan dira… baina ezinbestean egin beharreko urratsa zen.

Gertakari hori dela eta, denetarik entzun dugu. Alde batetik, batzuek (besteak beste, Fernando Savaterrek) esan zuten ez zaiela etakideei biderik zabaldu behar, eta ez zaiela utzi behar hiltzeko armen ordez gezurretan aritzeko armak hartzen. Beste alde batetik, Mixel Berhokoirigoinek Baionan bertan esan zuen “desarmatzea ez dela bakea”.

Hemen, itxuraz, inork ez du bere betiko lekutik irten nahi, nahiz eta batzuk irtenarazten ari direla eta beste batzuk irteten ari direla garbi egon. Herri honetan, ezer ez da erraza; behintzat, batzuek ez diote euskal gizarteari bere lekua itzuli nahi. Tamalez!

Bada, honetan guztian, José Ignacio Munilla Donostiako Elizbarrutiko gotzaina azaldu da. Ustekabearen ustekabea! Haren berbetan, Elizak (Katolikoak) ez du zerikusirik Baionako gertakariekin. Goganbeharraren goganbeharra!

Lukasen ebanjelioan (Lk, 15,11-32), aita errukitsuaren eta seme bien parabola ageri da. Itxuraz, Donostiako gotzainaren Bibliaren edizioan, pasarte hori falta da. Artzain honek ez ditu zainduta dituen laurogeita hemeretzi ardiak uzten, ardi galduaren bila joan eta berau topatzearekin pozteko. Ez, horratik!

Betiere, gotzainaren jarrera are kaltegarriagoa da, bai Elizarentzat, bai euskal gizartearentzat. Beharrik ez dagoen lekuan bizikidetza kaltetzen duten edo kaltetu ahal duten jarrerak hartzea ez da artzain arduratsu baten jarrera, ez da Jesusek emaniko mezuaren hartzaile eta emaile baten joera.

Izan ere, itxuraz, Donostiako gotzainaren Bibliaren edizioan, Zoriontasunak ematen dituzten pasarte biak ere falta dira. Lukas aitatu dugunez gero, aita dezagun oraingoan Mateoren ebanjelioa (Mt, 5,3-12): “Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango”.

Bada, donostiar artzainak erruki txikia erakutsi du. Non dago haren barkamena? Non dago haren errukitasuna? Non dago besteei izan behar dien maitasuna? Ez da haietarik bat ere ageri haren jarreran. Ni katolikoa naiz, niri gustatuko zitzaidakeen Eliza Katolikoak zuzenean parte hartu izan balu, ez Baionako ekitaldian bakarrik, ezpada bakea ekar zezaketen ekintzetarik edozeinetan. Hala nahi horrela ere, ezer ez egiteak ez du esan nahi ezer egin ez dela esan behar denik. Ba ote zen pastoral-arrazoirik hori esateko? Jaungoikoak baleki!