Parisko erasoa (2): zuzeneko eta bat-bateko ondorioak

Brusela Belgikako Armadaren begiradapean.
Belgikako Armada Bruselako Plaza Nagusian.

Aurreko blogaren ildotik jarraituz, laugarren ondorioa hauxe da: guztiok gara erasoaren helburu. Zenbat eta lehenago geureganatu ideia hori, orduan eta egiatik eta konponbidetik hurrago izango gara. Hemen ez du balio “ni ez naiz errudun” edo antzeko esaldiak oguzteak. Hori gure iritzia baino ez da, eta guretzat baino ez du balio; horrenbestez, erasotzaileek ez dituzte gogoan hartzen horrelako arrazoibideak, zergatik eta euren ikusmoldea beste bide batetik baitoa.

Bosgarren ondorioa da edozein toki izatea helburu. Beldurrak eraginda, armadak kaleratu dituzte Europar Batasuneko hainbat herrialdetako kaleetara, bai eta haren hiriburu Bruselan ere. Erasotzaileek jomuga hori adierazi dutelarik, jomuga ikusgarri eta sinbolikoak dituzte helburu… oraindik; ondorik, errazago eraso ditzaketen helburuak aukeratuko dituzte, eta azkenean kontrapasan jardungo dute. Horretarako, badute abantaila taktiko-estrategiko bat: ez dute ihesbiderik topatu behar.

Seigarren ondorioa da gure gizarte bizimoduaren eta geure ekonomiaren azpiak jatea. Parisko erasoaren ondorik, Bruselan erasoren bat gertatuko zen (den) beldurrez, Belgikako Gobernuak armada kaleratu zuen, hedabideetatik behin eta berriro esaten izan da eskolak, lantokiak, erostetxeak… itxita egongo zirela, eta itxi egin ziren. Bruselarren bizimodua azpikoz gora jarri dute erasotzaileek. Bruselaren ekonomiak egundoko ondore txarra jasan behar (izan/izaten/izango) du. Noiz arte euts dakioke egoera horri?

Zazpigarren ondorioa hauxe da: hedabideen zeregina aldatzea. Erasotzaileek lortu dute Europar Batasuneko hedabide guztiek (gehienek euren buruen erabakiaz, eta enparauek mimetismo kritikagabeaz) erasotzaileen euren mezuak lau haizeetara zabaltzea. Bai, badakit gizarte sareetan egundoko ikuskizunak eskaintzen dituztela; bai, badakit hainbat gazte mendebaldarrek euren jarraitzaile bihurtu dutela euren burua halako sareez. Egia da hau ere bai, ostera: Europar Batasuneko hedabide nagusiek edozein ordutan zabaltzen dituzte erasotzaileen mezuak. Guztiok ikaragarriak. Zertarako zabaltzen dituzte mezu horiek? Nire ustez, erantzuna ezin argiago ageri da: gure gizarteko norbanakook beldurrarazteko, eta, horren ondorioz, gure gizarteko banakook erraz(ago) onar ditzagun gure geure eskubideei bihar-etzi ezar dakizkiekeen mugak.

Lagun, honaino heldu bazara, beharbada zeure buruari itaunduko zenion ea zergatik ez dudan orain arte “atentatu” berba erabili. Izan ere, Parisko erasoa ez da atentatua izan, ezpada gudu orokor baten adierazpideetako bat. Honen eskutik helduko gara beste ondorio batera.

Bederatzigarren ondorioa da gudu baten barruan sartuta egotea. Bestela esanda, izenak izen, adjektiboak adjektibo eta adberbioak adberbio, erasotzailea (esangurarik zabalenean ulertuta) ez dugu garaituko berbekin bakarrik; are gehiago, ez dugu irainekin garaituko. Onartu behar dugu (gure gobernatzaileek egin nahi ez badute), gudu orokor baten barruan sartuta gaudela. Onartu behar dugu gudu honetan ez dagoela fronte-lerrorik. Onartu behar dugu gudu hau beste modu batera egiten dihardutela, eta, horrenbestez, geuk ere beste modu batera prestatu beharra dugula. Onartu behar dugu geure gaur egungo bizimodua arriskuan dagoela. Geroenean, onartu behar dugu guk geuk erabaki behar dugula zer egin dezakegun, zer egin nahi dugun eta zer egin behar dugun ataka honetatik urteteko.

Hau ez da atentatu bakana izan; 2007ko krisi ekonomikoa krisia izan ez zen moduan, ezpabere Aro berri baten hasiera; oraingo honetan ulertu behar dugu daborduko sartuta gaudela gizartearen bizimoduaren aro berri batera ekar gaitzakeen benetako eta zinezko gudu baten barruan.

Parisko erasoa (1): zuzeneko eta bat-bateko ondorioak

Parisko erasoak gure ikusmoldearen zutabeak astindu ditu; are gehiago, zutarri batzuk birrindu ditu. Ikus dezagun zertan diren gaur egun ezereztu diren habe-harri haietako batzuk.

Lehenengo eta bat, segurtasunaren izenean, askatasuna albo batera laga da. Kontu hau ez da berria, zergatik eta 2001eko irailaren 11n, New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoaren ostean gauza bera gertatu zen. Nor gomutatzen da orduan hartutako erabakiekin? Inork galdatu al du orduan bertan behera utzi ziren eskubideak berriro ezartzeko? Inori bururatu balitzaio, etoi esango zitzaion, eta betiereko zemaia, Guantanamora bidaltzekoa, harako haren buru gainean jarri. Bada, Parisko erasoaren ostean, behin eta berriro ikusitako filma ikusi beharrean gaudelakoan nago. Eta amaiera beti-batekoa izango da.

Larritasuneko lege gisa onartu zen 2001eko urriaren 26an USA PATRIOT ACT. Bada, 2005ean, haren indargabetzea eskatu zenean, askatasunik gehienek berriro ere indargabeturik iraun dute egundaino, Estatu Batuetako Kongresuaren 2006ko martxoaren 2an berretsi eta George Bush presidenteak hil bereko 9an aldarrikatu zuenetik. Ikusiko dugu zer gertatzen den Frantzian datorren urteko martxoko hilean.

Bigarren, Europar Batasunaren mugak berriro jaso dira. Schengengo eremua hilarazi dute. Hogei urte baino iraun ez duen eremu hori gure seme-alabentzat eta ilobentzat urruneko gomutako ipuina izango da. Kasu honetan, aurrekoan legez, murrizte hori pairatu beharko dugu Europar Batasunekook, ez beste inork, halakok ez baitzuen guk ibiltzeko geneukan askatasuna.

Hirugarren, beldurra gizabanako bakoitzarengan sustraitu (nahi) da. Gizarte bat ez da beldurtzen, bera osatzen duten gizabanakoak beldurtzen ez badira; halandaze, helburu hau lortu nahi ei da: guztiok beldurtzea, guztion gizartea beldurtia izan dadin. Honetarako prestatzen gaituzte: gure askatasunei eta eskubideei uko egiteko, gure geure segurtasuna gotortze aldera; ibiltzeko askatasuna murrizteko, geroago eta bakarrago izan gaitezen, eta elkarren bizimoduen trukatzea geroago eta txikiagoa izan dadin. Ez da maitatzen ezagutzen ez dena.

Hasieran, beldur hori arrotzaren gainean elikatzen da; ondorik, arrotzaren beldur garenean, gure gizarteko kideen beldur izanarazi nahi gaituzte; hurrengo, horien guztien beldur garenean, gure etxekoen beldur izan behar dugu, behargintza horretan dihardutenek euren xedea jadetsiko badute. Geroenean, estatuak (hori nor den ez dakigula!, baina inoren interes esaten zaio) geure buruen mendekotasuna lortuko du: elkartasun berbak bere esangurarik maitagarriena galduko du. Ezagun ez dugunaren beldur izango gara, eta ezezaguna salatuko. Gaizkinahiaren logika honetan, baina, ez gara konturatuko gu beste guztientzat ere ezezagunak garela, eta, beraz, salatzeko dina.

Ondorik, gurpil-zoro honetan irabiaturik gaudelarik, ez diogu erreparatuko benetako egiari: “norberaren areriorik beldurgarriena, norberaren beldurra” dela, ez eta horren ondorioari ere: “norberaren beldurra da norbera geldiarazten duena”. Orduko berandu da (Bertolt Brechten olerkia gogoan).