Politikaren antze prestua

Egunokin, politikaren eta politikarien izen ona belzten dihardute hainbatek. Politika lupetza ei da. Politikari guztiak lapurrak omen dira. Eta abar. Bada, nik iritzi horren kontrakarrean ipini nahi dut neure burua.

Nik politikaren arloko hainbat kargutan jardun dut hainbat urtetan, eta aburu oso bestelakoa atera dut neure bizipenetatik. EAJko alderdikidea naiz 1991. urteaz geroztik, eta alderdikide gehienengan topatu dudana sakrifizioa izan da, eta gaur egun ere bai halaxe da.

Burukide, herri-kargududun eta hautagai jelkideak.

Familia sakrifikatzen da, ordu txkietaraino jardunez han-hemengo arazoak bideratu nahian. Lagunartea sakrifikatzen da, guztion onurari eusteko ahaleginetan. Norberaren burua ere bai ukatzen da, beste askoren interesak norberarenen gainean jartzeko. Eta halaxe.

Harro naiz EAJrekin. Harro naiz EAJko alderdikideekin, alderdizaleekin eta neure herriarekin. Bai nahigabeak, bai loari lapurtutako orduak, bai sendiari kendutako oporrak, bai seme-alaben hazkuntzan eta hezkuntzan parterik hartu ez izana, bada, hori guztia eta gehiago egiten dute neure alderdikideek guztion interesa zaintzeko, eta horrexegatik nago harro neure Alderdiarekin.

Burukide, herri-kargudun eta hautagai jelkideak.

Hori ez ezik, bidegabekeriaren kontrakarra egin behar dut. “Politikari guztiak” lapurrak, ohoinak, ebasleak ei dira. Zergatik oguzi ohi dira horrelako bidegabekeriak? Zergatik? Euzkadi Penintsularrean 523 udalerri daude, halandaze, 523 udalbatzak dihardute nork bere herriaren interesak kudeatzen. Zenbat udalerritan gertatu dira lapurretak, lagunkeriak edo bestelako zitalkeriak? Esku bietako atzamarrak nahiko eta sobera dira horrelako ikuskizun negargarriak zenbatzeko. Zergatik orduan? Hainbat alderditako kudeatzaileak topatzen ditugu udalerri horietan guztietan. Batzuen politikak gehiago atsegin dituzkegu beste batzuenak baino, baina horrek ez dakar berez kudeatzaileak asmo gaiztoz jokatu izana.

Espainiako Erresuman zortzi mila eta ehunetaz udalerri daude. Zenbaten gertatu dira lapurretak, bidegabekeriak, lagunkeriak eta enparauak? Zergatik ez da aintzat hartzen gehien-gehienek euren eginkizuna betetzean agertzen duten prestutasuna, eta bai, ostera, lotsagaldu bakan batzuek egiten dituzten barrabaskeriak? Ez da bidezkoa, eta horrexeri kontrakartzen natzaio.

Cui prodest? Nork ateratzen dio atarramentua bidegabekeria honi? Demokraziak ez, gero! Ba ote dago ezkutuko (edo ageriko) asmorik, politikaren izena belzteko? Litekeena da, are gehiago, litekeena baino gertagarriagoa den zerbaiten aurrean gaudela esango nuke.

Burukide, herri-kargudun eta hautagai jelkideak.

Ekar dezadan kontu hau jarduera pribatura: enpresa pribatu batek BEZ barik egiten dituelako fakturak, nork esan dezake enpresa pribatu guztiak direla zerga-iruzurgileak?

Demokrazia ez da erraza, gero! Betiere, geroago eta zailago jartzen ari da, eta benda jartzen badugu zauria jaso aurretik, baliteke politika bihurtzea batzuek uste/nahi duten basatza. Eta hor guztiok galduko dugu.

Ogasunak zerga-iruzurgile bat edireten duenean, hura bera zigortzen du, ez arlo horretako guztiak. Bada, politikari bat iruzurrean harrapatua bada, ezar bekio harexeri dagokion zigorra. Izan gaitezen zuzenak!

Burukide, herri-kargudun eta hautagai jelkideak.

Gaurko post hau amaitu nahi dut agerian dagoen zerbaiten deiadarra egiten: “Zuk, politikari guztien izena belzten duzun horrek, hartu gogoan ea atsegin izango zenukeen zure lankide batek egindako litxarreria batengatik zeure izena ere belztuta ikustea”.