Parisko erasoa: BESTEAren ikusmoldea

Bagdadeko meskita bake garaian.

Post honetan, BESTEAren pentsamoldea ulertzen ahaleginduko naiz. BESTEA da ARERIOA. Izan ere, zaila da gudu bat irabaztea, BESTEAren arrazoinamenduak, oinarriak eta funtsak ulertu barik. Arduraz nago horrekin. Hedabide gehienek erakarrita edo, “terrorismo” berba darabilt hitzetik hortzera eta txitean-pitean. Egia: NIri izu-beldurra eman didate Nairobiko, New Yorkeko, Londresko, Madrilgo, Parisko edota Bamakoko erasoek, oraindik ematen, bai eta emango ere.

Izu-ikara horrek hartua nago NI, batez ere neure burua zelan babestu ez dakidalako. Eta horixe nahi du BESTEAk. Ez dut zertan berben beldur izan. Osagile batek, gaixo bat osatzeko, lehenengo eta bat, diagnostiko zuzena egin behar du eta izen egokiaz adierazi gaixotasuna, bestela, alferrik dabil! Halandaze, oharduna banaiz neure sentimenduekin, errazago ulertu ahal izango ditut BESTEArenak. Egin dezadan, bada, ariketa hau: NI BESTEAren lekuan jartzekoa.

NI Ekialde Hurbilean edo Ekialde Urrunean jaioa naiz. NI arabiarra naiz. NI musulmana naiz. NIre gomuta osoan ikusi dut BESTEA neure herrian agintzen, bai haren buruz, bai berak ezarritako aberkide gibeljale eta aberri-arerio baten bidez. NIre fedearen aurkakoak ditut nagusi Profetaren lurretan. Senitartekoak hilak ditut. Bizimodua agortua dut. Noraezean nago. Profetaren aurkako bekatuek ez dute ordainik hartzen.

NI Ekialde Hurbilean edo Ekialde Urrunean bizi naiz. NIre estatua desegin zuen BESTEAk. NIre estatua paper hutsa da. NIre paper hutsean ez dago (legebidezko) aginterik. Betiere, NIk baditut ezaupideak. NIre sentimendu berdinekoak direnak. NIk baditut armak eskura, neure aberrira etorritakoak horixe bakarrik laga baitit; areago, BESTEAk saltzen dizkit armak, NIk dirua harenganatuz gero.

NI Ekialde Hurbilean edo Ekialde Urrunean nago. NIre etxean nago. Seme-alabak erail dizkit BESTEAk. Anaia-arrebak erail dizkit. NI arbuiatu nau BESTEAk. NI gutxietsi nau. NI lubakietara erakarri nau… Eta BESTEA?

NIre aberri-lurra suntsitu ondorik, BESTEA bere etxera itzuli da. Beraren seme-alabak besarkatu ditu. Haren gurasoek eta anaia-arrebek txeratsu hartu dute. Haren herrikide eta aberkideek txalotu dute…

Erailketak Sirian.

Eta nire aberri-lur suntsitua ikusten da mundu osoan telebistaz; eta nire senitarteko zatikatuak ageri dira mundu zabaleko telebistetan; eta nire aberri-lur odoldu eta odolustua azaltzen da ludi zabaleko ikus-entzunezkoetara.

Estatu Batuetako soldaduak etxera bueltan.

Aldi berean, BESTEAren aberri-lur joria ikusten dut mundu osoko ikus-entzunezkoetan; aldi berean, BESTEAren senitarteko poz-beteak ikusterrean izaten ditut mundu zabaleko telebistetan; aldi berean, BESTEAren aberri-lur jori eta naroa begietaratzen zait ludi zabaleko telebistez.

Eta nire barrendik sentitzen dut: partida orekatu behar dut. BESTEAk gudua ekarri badit etxera, nik haren ordain gudua eroan behar diot berarenera. Neure seme-alabak galarazi badizkit, BESTEAri ere haren seme-alabak galarazi behar dizkiot. BESTEAk nire gurasoak erail badizkit, nik harenak erailgo ditut. Eta NIk Talionen Legea aplikatzen dut. Eta NIre justifikazioa SHARIAn dago. NIk ez dut zertan ezagutu CESARE BECCARIA.

Betiere, badakit NI ez naizela BESTEA bezain indartsua; NIk badakit, ostera, zelan erabili BESTEAk ludi zabaleko guztion eskura jarri dituen tresna eta lanabesak. Internet BESTEAren deabrukeriazko asmazioa da, beraz hauxe hartuko dut gogoan: “Egur eskarmentadue, sugin ona”. Eta BESTEAren deabrukeria hori haren aurka itzuliko dut: “Nor bere burue erretako egur bille” (gaztelaniaz: “Dar uno armas para que lo maten”). Eta barrendik sentitzen dut: partida orekatu ahal dut. Eta orekatuko: BESTEAk nahikara, NIk ahalara”.

Erasoa Bamakon.

BESTEAk egin dizkit bidegabekeriak, bada, nik erakutsiko mundu zabalari; BESTEAk gauzatu dizkit izugarrikeriak, bada, nik agerraraziko munduko biztanle guztiei; BESTEAk eragin dizkit hondamendiak, bada, nik azalaraziko munduko biztanle guztien begiei eta arimei. BESTEAk biktima bihurtu nau. Ahulak beti sorrarazten du errukia, eta begikotasuna, eta elkartasuna. Eta NIk horiek erabiliko.

Eta NIk BESTEA arima barik ikusten dut, BESTEAk NI ikusten nauen legez. Eta NI ez naiz ezer BESTEArentzat, BESTEA NIretzat ezer ez den bezala. Eta gudu honetan ez dago errugaberik, ez NIreetan, ez BESTEArenetan. Orduan, dena abstrakzio hutsa da. Orduan fronte-ildoa galdu egiten da. Eta NI BESTEA bihurtzen naiz, eta BESTEA NI bihurtzen da.

Maila berean gaude NI eta BESTEA. NIk badut BESTEAk adinako legebidezkotasuna. Metahizkuntzak bidea zabaldu dio basakeriari. Eta BESTEAk basakeriari mairukeria baderitzo, NIk basakeriari kristaukeria deritzot. Eta honela ad infinitum.