Artisau garagardoaren moda

etxeandia_logo2

Orain urte mordo bat nere senitarteko batzu, ohizko taberna bat izatetik, orduko modari jarraiki, erretegia jarri zuten. Handik urte batzutara, berriro ere modari jarraituz, gazteak erakartzeko edo, pub bat zabaldu zuten. Azkenik, beren trebeziaz baliaturik, jatetxe ospetsua izan zuten Madrileko erdi-erdian.
Beraiek bezala kontsumitzaileok erraz ikus dezakegu, gure inguruan, une oro modan dagoena eta horrela, pub izaera gaindituz, azkenik, irlandar erarako taberna erraldoia izatera iritsi dena.
Uneontan, ezbairik esan dezakegu artisau edota etxean egindako garagardoak daudela modan eta gauzak muturreraino eramanaz, noizean behin entzuten dugu etxean, bakailaoa sukaldatzen duen ahantzera, lagunartean egiten dutela garagardoa.
Modaren olatura igo asmoz, erne asko daude garagardo konpaini erraldoiak ere, merkatuaren zatirik txikiena galdu nahi ez dutelarik eta berahala hasi dira, heuren katalogorako artisau garagardoak egiten edota, errezagoa zaielako, artisau garagardotegia erosi, horretarako patrika zertxobait arinduaz eta heuren katalogoak areagotuz.
Olatu honetan dabiltza Euskadiko hainbat garagardogile artisauak, beren lekutxoa egin asmoz eta telebistan hainbesteko publizitatea egiten duten marka ospetsuei aurre egin nahiean, umiltasunez baina kalitaterik gorena heuren aldarri nagusia izanik.
Ez naiz neu, garagardozale amorratua eta mundu honetan ezagutzen dudan bakarra Jon Etxeandia urduliztarra da. Mutil alaia, zintzoa eta bere produktuan sinesten duena. Saiatzen da bertako materiak erabiltzen eta hain zuzen horrexegatik, poztu egin nau, bere Braggot garagardoan Lemoizko Lauraren IPAR-LORE eztia erabiltzen duela jakitean.
Biak bertakoak. Biak pertsona zintzoak. Biak gorenekoak. Eman diezaiegun lekua gure mahaian.