Nobel saridun euskalduna René Cassinen bizitza eta lanak

René Samuel Cassin baionarrak pertsonen eskubideak munduan finkatzea jarri zuen bere bizitzaren xedetzat. Beretzat, pertsona bakoitza sakratua zen eta bere eskubideak Estatuen eta mugen gainetik kokatzen zituen

Jean-Louis Davanten erreportajea

René Samuel Cassin Baionan jaio zen 1887ko urriaren bostean, udaletxetik bi urratsetan dagoen Ducéré karrika txikian. Renéren ama, Gabrielle Dreyfus, Baionakoa zen, aita Azaria Cassin Nizakoa. René lau haurretarik hirugarrena. 1891ko irailean, Baiona utzirik, familia Nizan plantatzen da. René lau urteetara doa. Oporrak amaren gurasoekin hartuko ditu Baionan, lagunak eginez. Bi aldeetarik israelitak dira: gizonak erlijio gutikoak, emakumeak fidelago, eta Renék bere bar mitzva egin du 1900ean.

Batxiler diploma 1904an bildurik, zuzenbidea ikasten du Aix en Provenceko fakultatean. Soldaduska 1906an: ofizial-gaien taldeko lehena sailka-tzen da, baina puntu hori ez diote libretean sartzen, agian judua delako, amaren aldetik Dreyfus alsaziar leinukoa kapitain sonatua bezala: 1914an gerlara joango da soldadu soil.

1908an zuzenbideko lizentzia lor-tzen du, baita historiakoa ere. Parisen biziko da lan xume batzuei esker, zuzenbidean aurrera ikasiz. Doktoregoa 1914an erdietsiko du, eta agregazioa 1919an. Bien artean gerla egin du.

1914ko irailean Marneko guduan parte hartzen du; bere kuraiagatik kaporal izendatzen dute. 1914ko urrian Lorrainan larriki zauritua da. Elbarritua denez, armadatik aske dago. Marseillako Simone Yzombard ikasle lagun ohiarekin ezkontzen da 1917an Parisen. Bikote gaztea Aix hirian plantatzen da.

1918an, UF Frantziako gerlari ohien elkarte nagusia sortzen du, eta bururaino gidatuko du bakearen alde. Gerlarengatik jasaniko kalte pertsonalen ordain eskubidea Estatuari onarraraziko dio. “Nazioko haurzurtzen aita” deituko dute. 1919an, agregazioa erdietsirik, Lilleko unibertsitatea hautatzen du, gerlak gehienik kaltetu duena delako. Hor zuzenbidean irakatsiko du, 1929an Pariseko fakultatera izendatua izan arte.

1921ean, UF elkartearen izenean, Cassinek Genevan frantses eta aleman gerlari ohien bilkura bat antolatzen du. Elkartea SDN delakoaren zerbitzuko jartzen du: Société des Nations hori, 1920an sortua, Genevan kokatua, ONUren arbasoa dugu. Haatik ahulezia bat badu, ez txikia: Amerikako Estatu Batuak ez dira hor sartu.

1924ko irailetik, Frantziak SDNean duen ordezkaritzan dago Cassin. Erakundea etengabe sostengatzen du. Nahi luke “Nazioen erakunde juridikoa” bilaka dadin. Moralki indartzea aholkatzen dio, gero “nazioarteko polizia organiko baten sortzea, ahalaz airekoa”, bai eta 2armen kontrolatzeko Batzorde iraunkor baten biltzea, botere handiak horri emanez”. Gerlako frantziar adituek baino lehen, Cassinek asmatu du hegazkinek geroko gerletan nolako indarra hartuko zuten.

1926an, Frantziaren sostenguz, Alemania SDNean sartu da. Maluruski 1929an New Yorken hasi den krisiak erdiz-erdi joko du, langabeak milioika eginez. Hitler gobernura heltzen da 1933ko urtarrilaren 30ean. Abian alderdi bakarraren diktadura finka-tzen du, lehen kontzentrazio guneak eraikiz oposizioko alemanentzat.

1933ko irailean, SDNeko egoitzan, Cassin antzerki harrigarri baten lekuko gertatzen da. Aleman judu bat Alemaniako gobernu berriaren akusatzaile agertzen da, bere juduei egiten dien pertsekuzio bortitza salatuz. Erantzunez Goebbels, propagandako ministroa, tribunara igotzen da, ondoan dituela hogei bat mutiko gazte, pistola sakelean: “Ikazkina bere etxean nagusi da. Estatu subirano bat gara; gixolot horrek dioen guzia ez da zuen asuntua. Nahi duguna egiten dugu gure sozialista, pazifista eta juduez, eta ez dugu kontrolik behar, ez gizateriaren, ez eta SDN honenganik”.

Gerra badator Cassin txunditurik dago. Herritarrei bizitza nahi bezala ken dezakeen Estatu ahalguzidun baten ideia ez dezake onar. Berak jendea oroz gainetik dauka. Eta bortizkeria barneko legetzat daukan “Estatu terrorista” bat ingurukoekin ez da eztikiago ariko. Cassinek argi du munduko bigarren gerla datorrela SDNa eta demokrazia handiak ez badira azkar mugitzen!

Abisua abisuaren gain ematen du, baina debaldetan. SDNa ahulduz doa, Frantzia eta Britainia Handia beti atzeraka dabiltza Hitlerren aurrean, utzikeria batetik bestera labainduz. Munichen Txekoslovakiaren suntsiketa onartzen dute. Laster Hitler Polonian sartuko da, munduko bigarren gerla piztuz. 1940ko maiatz-ekainetan aleman armadak Frantzia eta Britainia Handikoa xehatzen du Polonian ikasiriko blitzkrieg gerla-tximistaz. Iheslarien uhinetan, Cassin Baionara heltzen da ekainaren 18an. Biharamunean de Gaulle jeneralaren deia aipatzen dio lagun batek.

Ekainaren 24 arratsean Donibane Lohizunen azken ontzi britainiarra hartzen du emaztearekin, lehen etsaiak Baionara heltzean. 29an de Gaullek bere urgazle gehien izenda-tzen du. Londresen egonen da hiru urtez, gero Aljeren urte batez. De Gaulle eta Churchillen arteko hitzarmena idazten du; testu horretan oinarritzen da Frantzia Librearen eta Erresuma Batuaren arteko aliantza. Cassinen eskutik dator halaber Irujo-de Gaulle hitzarmena: Frantses Indar Libreen baitan, eusko gudari talde baten eraketa hitzartzen du. Churchillen debekuak tratua deseginen du, Francori mundu gerlan sartzeko ai-tzakiarik ez ematearren.

Cassin BBCtik usu mintzo da. Frantses Inperioko defentsa kontseiluko idazkari iraunkorra da, eta gero Frantses Kontseilu Nazionaleko hezkuntza eta justizia komisario / ministroa. Frantzia Librea ordezka-tzen du nazioarteko bilkura batzuetan, bereziki 1941eko irailaren 24an, Aliatuek Atlantikako Kartaren testua sinatzen dutelarik.

Aljer utzirik 1944ko abuztu hondarrerantz, ikasturte berrian zuzenbide zibilean irakasten hasiko da berriz Parisko fakultatean. Bestalde kargu handirik beteko du, beti justiziako eta kulturako gaietan: Munduko Alian-tza Israelitako presidentea 1942tik, UNESCO erakundearen sortzaileetarik da 1945ean Parisen, eta hor Fran-tziaren ordezkaria 1958raino, ONUko Giza Eskubideen Batzordeko lehendakaria, frantziar Estatu Kontseiluko presidente-ordea (1944-1960), fran-tziar Kontseilu Konstituzionaleko presidentea, eta Europako Giza Eskubideen Gorteko lehendakaria 1965etik. 1947an Académie des Sciences Morales et Politiques delakoak kidetzat hautatzen du, eta berantago bere lehendakari.

1947 urtean, Eleanor Roosevelt anderearen babesean, Giza Eskubideen Aldarri Unibertsala zirriborroan idazten du, eta idazki hori, zuzenketa gutirekin, ONUko biltzar nagusiak onartuko du Parisen, 1948ko abenduan. Cassin Aldarri horren aita dugu.

1959ko urtarrilaren zortzian, Cassin behin-behineko Batzorde Konstituzionaleko burua izanez, horren aurrean zin dagi de Gaulle Errepublikako presidente berriak. 1960an zuzenbide zibileko irakaskuntzatik erretiratzen da: lan horretan ari izan da 1919tik (Lillen 1929ra arte, gero Parisen).

1966 hondarrera, Pariseko egoitzan Piarres Charrittonen bisita bat har-tzen du: Piarresek hegoaldeko euskaldun iheslari batzuen laguntzera deitu nahi zuen, Frantziako gobernuak kanporatzen baitzituen. Hona elkarrizketa horren istorioa, 2009an frantsesez igorri zidan gutunetik itzulia: “Frantziako euskaldun apez bezala agertu naizenetik, atera jin zait harrera egitera, ene harridurako kantu hau abestuz: “Boga, boga, Marinela!… Bai Indietara!…” eta hasiera hori argituz erran dit: “Aitzina! Aitzina!… Azalduko dizut…” eta kontatu dit nola Baionan, haren sortetxean, Baionako etxe on guzietan bezala, neskameak eta inude / hazama guziak euskaldunak zituzten, eta holaz berak entzun eta ikasi zituen lehenbiziko kantuak euskara hutsezkoak zirela. (…)”.

1968ko abenduan, Oslon, Cassinek Bakearen Nobel Saria ukaiten du. 1969ko ekainean hil zaio Simone emaztea, bere urrats guzietan artoski bezain sotilki lauzkatu zuena. Bera Parisko ospitalean itzaliko da 1976ko otsailaren hogeian. 1987ko urriaren bostean, sortzeko mendeurrenean, haren hautsak Panthéonean sartzen dituzte, Mitterrand Errepublikako presidentea delarik, eta Chirac gobernuburua. Legelaria, legegizona, Montesquieuk finkaturiko hiru botereen banaketa gain-gainetik zainduz, politikatik bazter egon da beti, eta gizadi osoaren abokatutzan ari izan.

Pertsonen eskubideak Bere bizitza xede bakar baten zerbitzuko jarri du, pertsonaren eskubideak mundu mailan finkatuz, legeztatuz eta nazioartean zainduz. Pertsona bakoitza sakratua zaio. Horren eskubideak Estatuen eta mugen gainetik jarri behar dira. Horretarako Estatua ez dugu absolututzat onartu behar. Horren indarra mugatu behar da, boterea gainetiko eta behetiko erakunde batzuekin banatuz. Gainetik Estatuak bere nagusigoaren zati batzuk nazioarteko justizia bati utzi behar dizkio; pertsona bakoitzak horren legeei eta auzitegiei dei egin dezake, jendearen funtsezko zuzenak zangopilatzen direnean. Justizia horren zerbitzuko legoke nazioarteko polizia bat, ongi armatua.

Beheretik, Cassinek “probintziak” indartzen ikusi nahi lituzke, honako izkirio honek erakusten duenez: “Cassinentzat, euskaldun edo bretoi nortasunaren garapenak Europaren bateratzea ez du oztopatzen. Aitzitik biak bat datoz. (…) Europa egiazki egin dadin, dio Cassinek, Estatuen indar soberakina hautsi behar da eta probintzien indarra gotortu (…)”.

Heren munduarentzat, deskolonizatzea aldarrikatzen du 1945eko udan. Orokorki populuen autodeterminazio eskubidearen alde dago, baina bemol garrantzitsu batekin: “Estatu mikroskopikoen ugaritzea ez du gustukoa, haien ezin bizia eta inperialismoen janizagatik”. Aterabide federalistak nahiago ditu. Gandhi bezala, bortizkeriaren etsaia da, haatik ez osoki. Pazifismo hutsa arbuiatzen du, populu borrokalarien jokoa egiten duelako. Gandhiren satiagraha nekez onargarria zaio mundu mailan, gizona eta gizadia diren bezala ezagutuz. Munstroei bidea zabalik utz lezake. “1936an, Hitlerren aurka aski goizik mugitu gabez, gerlaren piztera bulkatu dugu”.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *