Gernika Berri, ‘Goian izarrak, behean hondarrak’

Frantziako Argeles-sur-Mer-eko hondartzan 1939an sortu zen kontzentrazio esparruan euskaldunek bere toki propioa izan zuten, Gernika Berri izenekoa

Iñaki Goiogana Mendiguren

Egunotan beteko dira 80 urte frankistek Katalunia osoa menpean hartu zutela eta ondorioz etorri zen errepublikanoen erbesteratze handiarena ere bai. Ia egun batetik bestera, denbora oso laburrean, 1938ko Gabon aurrean hasi eta 1939ko otsailaren 9ra bitartean, frankistek Ebro ibaiaren ingurutik Pirinioetarainoko bidea egin zuten. Milaka, ehunka milaka, errefuxiatuk erbestera bidea hartu beharrean aurkitu zuten beraien burua, penintsulan sekula ikusi den migrazio handiena osatuz.


Iheslariotako batzuk, 6 edo 7 mila, beharbada gehiago, euskaldunak ziren. Gehienak lehenago, 1936an eta 1937an, Euskal Herritik alde egin eta Katalunian babesa lortu zutenak. Euskal iheslariotako baten testigan-tza jarraituko dugu egun haietako gertakizunak kontatzeko. Zuzenago esanda, ihes handi haren ondorio izan zen Argeles-sur-Mer-eko hondartzan sortu zen kontzentrazio esparruaren barruan eraiki zen Gernika Berri euskal zelaiaren kontakizuna egiteko.

Testigantza hau arrasatear kazetari batek eman zuen Eusko Jaurlari-tzak Parisen argitaratzen zuen Euzko-Deya aldizkarian. Bere izena Andres, edo Ander, Garate Umerez zen, baina, garai hartako idazleek ohi zuten erara, ezizena erabiltzen zuen bere artikuluak sinatzeko, Gesalibar, akaso izen bereko Arrasateko auzokoa zelako. Hona dakartzagun artikuluak 1939ko martxoaren 19tik apirilaren 16ra bitartean argitaratu zituen Euzko-Deyak.

Garatek, Euskadin, Padura batailoian egin zuen gerra, komisario politiko ardurarekin. Santoñan hartu zuten preso frankistek eta, ondoren egin zioten epaiketan, heriotza zigorra ezarri. 1938ko urtarrilaren 21ean, kanje bati esker, Kataluniara aldatu zen eta, harik eta erbesteratu arte, itsas karabineroen gorputzean aritu. Zeregin militarroz gain, lehenago Euskal Herrian antzera, artikuluak idazten jardun zuen, oraingoan Bar-tzelonako Euzkadi egunkariak zuen Euzkel atalerako.

Iheslari gehienak ez bezala, mendiak negu gorrian zeharkatuz, Gesalibarrek idatzi zuen moduan: Inork ezagutu nahi ezta inguratu ziren Frantziara. Baina nola! Pirinioetako harkaitz tartean galduz, urez beratuta, hankak handiturik, gosez, Garate itsasoz heldu zen Frantziara, baina ez arrisku gutxiago biziz. Honetara kontatzen zuen, hirugarren pertsona erabiliz, Bravo ontzian bizitakoa: Beste asko, berriz, itsasontzi kaxkarretan. Gure begiekin ikusi genuen euskotar batzuen helduera. Gau guztian itsasontzia baztertu (lehorreratu) ezinik. Urez erdi beteta, olatu ikaragarriak noiz iruntziko zain, biluzik.

Egun biz arriskuok jasan ondoren, Fortignanen lehorreratu ziren Bravokoak. Handik Beziers-ko kontzentrazio esparrura eraman zuten arrasatearra eta, ondoren, Argeles-sur-Mer-era, 1939ko otsailaren 24an.

Frantziarren harrera ez zen izan kazetariaren gustukoa. Hara zer zioen: Uste genuen gure gudako zin-tzotasuna ordaindua izango zela behar zen bezala, geurea bezain gizarte jatorra bilatuko genuela, baina neurri zorrotzak atera ziren gure bidera. Goian izarrak, behean hondarrak, inguruan izotza zuri eta bihotzean… ze korapiloa! Benetan negargarriak lehenbiziko egun aiek! Harreraren ondoren, zelaiaren deskripzioa: Argeles-ko herri hau Mendebaldeko Pirinioetako mendien oinpean aurkitzen da. Bertatik gertu dago (3 bat km) hondartza edo itsasbazter izugarri hau. Benetan izugarria. Izango gara gaur, alde guztietakoak jota, laurogei mila gizon eta emakume, baita haur pila bat ere. Lehendabizi espainiarrak, internazionalistak eta denak elkarrekin jarri gintuzten. Frantziar gudariek zaintzen dituzte inguruak. Badira zaldizko afrikar batzuk ere.

Soldadu senegaldarrak

Hala eta guzti ere, Argeles-ko zelaia sortu zenean barrukoak zaintzeko jarri zituzten soldadu senegaldarrak Gesalibar esparrura heldu zenerako ez zeuden: Beltzak, beltz beldurgarri haiek eraman zituzten. Zaintzaren deskripzioa osatzeko beste hau ere idatzi zuen Gesalibarrek: Frantziako zelai zaindariak heldu orduko hasi ziren ‘alanbrez’ bazter guztiak josten eta oraindino ez dute bukatu.

Frantziar agintariek kontzentrazio esparruetan hartu zituzten milaka iheslari, baina zelaiotan behin-behinekotasuna zen nagusi, inongo azpiegiturarik egin gabeko lekuak ziren haiek. Horretara, ez zen harritzeko izan gaixotasunak zabaltzea eta heriotzak gertatzea. Barruan ziren pertsonek ahal zuten modura moldatu behar izan zuten hasierako egunetan. Eta holaxe, jo hara eta jo hona, kortxozko zuhaitz adar batzuk zuzendu eta etxez jabetu ginen. Jarri bi makila tente, beste lasto mordo bat gainean eta guk asmatu genuen lehenengo txabola. Egun biren barruan bete ziren inguru guztiak txabolaz.

Estalpea lortzeak beste garrantzi zuen jana eskuratzeak: gordelekuaren jabe egin ginen, baina gosea ken-tzeko biderik ez. Noizko baten jakin genuen ogia banatzen ari zirela, eta joan gu. Hura burrunba eta deiadarra! Harrika botatzen zituzten fran-tziarrek ogi borobil batzuk! Jaten emateko modu hau hasierako egunetan izan zen. Geroago, agintariak janariak banatzen hasi ziren, baina jakiak prestatu barik: Gero janaria etortzen hasi zen, baina geok gertatu behar.

Euskal iheslariak egoera larrian egonda ere, ez zeuden bertan behera utzita. Erbesteratzea hasi eta batera, Jaurlaritzak, Agirre lehendakaria buru zela, neurriak hartu zituen atzerriratuei gainera zetorkien zoritxarra ahal zen neurrian arintzeko. Lehenengo Figueresen eta geroago Perpinyanen batzorde bat eratu zuen, emakumeak, umeak eta adinekoak Iparraldean eta Frantzian zehar euskal gobernuak eratuta eta egun haietan beren beregi prestatzen ziharduen aterpetxeetara bidaltzeko. Baina etxeotan ez zegoen premian zeuden euskaldun guztientzat lekurik, eta ondasunik ez zuten gizonezkoak, gazte zein heldu eta, kasu batzuetan, agureak ere bai, kontzentrazio esparruetara bidali zituzten.

Frantziar agintariek Hexagonoaren hego ekialdean, Pirinioetan, eta Ipar Afrikako kolonietan sortu zituen esparruotan (denetara 15 inguru), kontzentratu zituzten euskaldunen ardura Agirrek Telesforo Monzon Gobernazio sailburuari eman zion, aginduz arintzeko lehenbailehen zelaiotakoen egoera. Zortea izan zen, Argeles har-tzen zuen, Frantziako 16. barruti militarreko nagusia Fagalde jenerala izatea. Fagalde euskalduna zen, kanboarra, eta, Monzonen eskariz, laster agindu zuen euskaldunei tratu berezia emateko eta Argeles-ko hondartzan aparteko lekua gordetzeko. Honetara sortu zen Gernika Berri izeneko esparrua; hasteko, Argeles-en zeuden euskaldunak hartzeko lekua eta, hau lortu ondoren, beste zelaietan zirenak guztiak ere babesteko gunea izateko asmoz. Lehen usteetan 2.000 gizon inguru elkartu nahi zituen Monzonek esparru euskaldunean. Baina lekua txikia zen eta premiak handiak. Hala eta guzti ere, 1939ko martxoaren 1erako 800 lagun hartzen zituen Gernika Berrik. Barrukoak gerran izan zuten hierarkia militarraren arabera antolatu zituzten, Martin Soler Zangitu altsasuar sozialista buru zutela.

Honetara zioen Gesalibarrek: Zin-tzo eta agudo asko laguntza agertu zi-tzaigun gure oinazeak apalduko zituena, gure estutasunak lasaituko zituena. Ze gogoz gure esku zurtzak estutu zuen Monzon, gure Jaurburu jauna! […] Eta berehala hasi zen bere lanetan. Ez zen erraza laurogei mila gizonen artean euskaldunak biltzea eta hau izan zen lehenbiziko lan izugarria. Lan honetarako, euskaldunak elkartzeko, erabiltzen zuten modua zera zen: ikurrin bat abizari modura jarri eta bertara inguratzen zirenak zerrendatu. Horretara batutako euskaldunekin hasi ziren Gernika Berri prestatzen. Berehala toki ikaragarri honetan neurtu zuan euskaldunentzat bakarrik bazter bat eta bere diruz, bere aziendaz, eta gure lagun-tzarekin hasi ginen txabola oso egokiak elkarri ezarrita, ilaran alde batetik jasotzen. Janlekua, sukaldea, garbitokia eta abar ahal zen azkarren gertatu zituzten eta gaur, gauza hauek denak nahi bezain ongi aurkitzen dira.

Futbola eta korua

Hainbeste mila lagun elkarrekin, eta gainera dena behar zutenak, negoziorako leku aproposa suertatu zen inguruko merkatarientzat eta, Garatek dioen moduan, Arratsaldeetan feria txiki bat ere egiten da zelai bazter baten, (…) karro zahar ugari ere han eta hemen, mando, asto, zaldi eta guztiekin etorriak. (…) Egunero frantziar dendariak etortzen zaizkigu txarkuteri, gozoki, gazta, errekin, ardo eta abarrekin.

Agintari frantsesek argi-indarra jarri zutenean, kale nagusia argiztatzeaz gain, zelai osoan zehar bozgorailuak ipini zituzten. Honela azaldu zuen Gesalibarrek bere kronika batean: Toki guztietatik aditzen da irradotzaren deia: izparrangietako berriak, bisitak, eta barruko harantz-honantz denetarako. Alanbrez inguratuta eta janaren eta aterpearen arazoak modu batera edo bestera konponduta, barruan zirenek egun osoa zuten libre eta ezer egitekorik gutxi. Denbora guzti hori betetzeko asmoz, futbol taldea eta korua antolatu zituzten euskaldunek. Kirolarien berririk ez dugu askorik, baina Euzko Ametza izeneko abesbatzak badakigu emanaldi ba-tzuk burutu zituela. Debuta zelaiko megafoniaren aurrean abestuz egin zuen eta, hor entzunda, Argeles-sur-Mer-eko kasino militarrean abesteko gonbita hartu zuten Muguruzak zuzentzen zuen koralekoek. Bigarren ekitaldi honetan, Monzonez gain, Argeles-ko buruzagi militarrak eta zelaiko pertsonalitate espainiarrak izan ziren entzule. Hirugarren ekitaldi baten berri ere eman zigun Garatek, hau Argeles-ko Zirkulu Militarrean egindakoa. Gesalibarren ida-tziak tarteka optimistak eta humore-tsuak ere badira, akaso irakurleak -Gernika Berrin zirenen etxekoak eta lagunak-, ez kezkatzeko. Baina benetan Argelesko hondartzan iheslariek bizi zutena ez zen inondik inora inorentzat desiragarria. Orduko dokumentazioa irakurrita badakigu janari gutxi eta beti antzekoa izaten zutela, erizaindegiak materiala eta botikak falta zituela, barrukoek sarri soinean zeramaten arropa besterik ez zutela, eta holako gabezia abar luze bat. Denen desioa zen handik aldetzea, eta laster bete zen esperantza hori.

Monzonek eta Fagaldek izan zituzten hartu-emanetan adostu zuten, Gernika Berrin, lekurik ez zegoenez, beste kontzentrazio esparru bat egitea euskaldunentzat. Horretara eraiki zen Gurseko zelaia, hasieran euskaldunentzat, baina laster beste jatorri batzuetakoentzat ere egokitu zena. Horretara lehen euskaldunak Gursera 1939ko apirilaren 4an heldu ziren eta guztira 4 osteratan Biarnoko esparru horretara eraman zituzten gehienak, guztira 6.000 gizon inguru.

Garate ere Gursera eraman zuten eta han egon zen 1939ko urriaren 16ra arte, La Roseraieko ospitalera aldatu zutenera arte, ze, gaztea zen arren, 29 urte zituen, bihotzetik gaixo zegoen. Argeles-ko berriak emanez idatzi zuen azken kronikan honetara agurtu zuen Gernika Berri: Agur Argeles-ko itsas bazterrak. Agur, gure aberriaren egarriaren azken edan-toki gazia, gure oinaze ameskorren ohe hotza, gure gomutasun xamur-xamurren negar tokia, gure isileko malko gaixoak bildu dituen zapi zoriona.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *