“Bilbainos, go home”

Lelo hori agertu zen Bizkaiko kostaldeko herri batean. Ikusi bezain laster bidali zidan WhatsAppez lagun batek. Turismoaren auziaz pentsarazteaz gain, hizkuntzaren arlora ere eraman zuen neure burua, nola ez.

Hiztegietara jotzen badugu, udatiar agertuko zaigu. Euskaltzaindiaren hiztegian , adibidez, hau dago: “Udatiar. Udako oporraldia igarotzera toki jakin batera doan pertsona”. Hala ere, “beraneante” hitzak badu konnotazio txarragorik nire ustez (“beraneantiak”). Pertsonen arteko maitasun-gorroto kontuak.

Bikoteen arteko maitasun aferak alde batera utzita (horiek ere izango baitira bertakoen eta kanpokoen artean), hainbat tokitan “herritarren” (edo herritar askor en) ekonomia eta, ondorioz, bizitza, turismo-industrian (industria baldin bada, behintzat) eta turistengan oinarritzen dela begien bistakoa da. Pentsa, bestela, nolako buruhausteak dauden konfinamendu-deskonfinamendu garaiotan gai horren inguruan.

Era askotako bisitariak daude, gainera: egun pasa joaten direnak (igandezaleak ote?) edo denbora-tarteak herri batean ematen dutenak: herri berera joan ohi direnak edo tokia maiz aldatzen dutenak; dena delakoagatik begi onez ikusiak daudenak edo ez… Arestian aipaturiko herrian dago, beraz, herritar guztiek ez dituzte kanpotar batzuk ontzat hartzen. Ez dago argi igandezaleez edota udatiarrez ari diren, baina argi dago jatorria, orokortzea ez bada: bilbotarrak. Edo “bilbainoak” (diptongoaz ala diptongorik gabeak? ez da niretzat gauza bera).

Erabilera askea

Herri horretan euskaldunen kopurua ez da hutsala. Baina gaztelera eta ingelesa nahastu dituzte pintadetan (neure kasa gehiago ere ikusi baititut). Zalantza, hortaz: espraidunak euskaldunak izango ote dira? edota uste dute “bilbainoek” hizkuntza horiek ezagutzen dituztela, eta ez euskara?

Portzierto. Sarreraren izen bera zuten jardunaldiak antolatu ei zituzten orain dela urte t’erdi edo. Eta pintadak direla-eta, gogoan duzu Antton Olariagaren “Hormasprayko” komikia?

2 thoughts on ““Bilbainos, go home””

    1. Eskerrik asko zuri, Vicente, hemendik pasatu eta iruzkinak egiteagatik 😉

Leave a Reply to Vicente Huici Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *