Wikipedia, ikasteko baliabidea

Entziklopedia modura dugu ezagun Wikipedia. Hori ere bada, jakina; izan ere, halaxe definitzen dute bertan: “entziklopedia bat da, lankidetzaz editatua, eleanitza, Interneten argitaratua, Wikimedia Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundeak sustengatua”. Hala ere, beste hainbat proiektu ere badaude hari loturik.

Wikipediaren kalitatea jarri izan da sarritan kolokan, baina zenbait ikerketak duen maila altua frogatu dute ingelesezko bertsioan behintzat. Elkarlana da, azken finean, duen arlorik sendoenetako bat. Maila zientifikoan ere ez zen ontzat entziklopedia honi aipu egitea, nik dakidala, entziklopedia honi aipu egitea, ezta maila jakina duten eskolako lanetan, baina beste edozein entziklopediari buruz antzekoa gertatuko litzatekeelakoan nago.

Bestelakoa da erabilera arrunta: nork ez du kontsultatzen bere gailu mugikorretik, ordenagailutik… Are: ezizen modura ere baliatu ohi da, ustez denetarik dakien pertsona horri egokitzeko (bat dut nik gogoan). Kontsultatu bai baina beste upeleko sagardoa da parte hartzea… eta ez naiz proiektua diruz laguntzeaz ari. Irakurtzea ere prozesu aktiboa dela ulertzen da egun baina harago joateko modua ere badago, ezta?

Euskarako bertsioari dagokionez, bizi-bizi dago. 2001ko abenduaren 6an jarri zen abian Euskarazko Wikipedia, orduantxe egin baitzen lehendabiziko ekarpena. Garapen handia eta aldaketak izan ditu harrez geroztik. Azala bera urtarrilean berritu dute azken aldiz eta 360.000 sarrera baino gehiago dago honez gero. Erabiltzaileek dagoeneko sortutako atarien desberdinak badaude egun.

Eta azpimarratzeko beste kontu bat: Hezkuntza Atari bat dago. Honako hauekin egingo dugu topo bertan, besteak beste:

  • Online irakaskuntzarako dekalogo bat.
  • Jarduerak: artikulu bat idatzi, artikulu bat eztabaidatu, testu bat moldatu, testu bat grabatu, diagrama bat euskaratu, testu-iruzkinak, infografiak egin…
  • Liburuxkak: Wikipedia ikasgelan (gida praktikoa), Irakasleentzako oinarrizko azalpenak, Wikipedia ezagutu, Wikipedia irudiztatzen…
  • Bideo-tutorialak.
  • Wikipedian idazteko gidak.
  • Laguntza-orrialdeak.
Wikimedia Foundation / CC BY-SA (https://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0)

Laburbilduz: ikasteko modua ere badago era aktiboan parte hartuz. Bai; beste urrats bat emateko bidea badago irakurtzetik harago, ikasleak kontsumitzaile soil izan ez daitezen eta prosumirtuatzaile izatera iritsi, Héctor Ríos adiskideak eHIZPIDE aldizkarian proposatutakoari jarraikiz. Hemen ez da hitz berria; 2017ko irailean adierazi nizun legez, “jaso, ekoitzi eta partekatzen edota elkarri eragiten dion pertsona” da prosumirtuatzailea.

Itzultzaile neuronalak

Duela bi urte pasatxo idatzi nuen hiztegiei buruzko sarrera bat; bertan “itzultzaile automatiko neuronalak” aipatu nizkizun jada. Kontua da gaiak aurrera egin duela, jakina, eta une honetan badugu euskaraz aukera bat baino gehiago eskura Sarean.

Horietako bat Jaurlaritzaren webgunean dugu; itzultzaile “gramatikal” bat ere bdadgo. Urrian beta bertsioa aurkeztu ondoren abenduan egin zuten lehenengo balorazioa (egunean 50.000 itzulpen baino gehiago sailburuaren esanetan, besteak beste) eta mugikorretarako aplikazioaren berri eman zen. Halaber, agerraldi horretan adierazitakoaren arabera

Sare neuronalen bidezko itzulpena azken hiru urtean hasi da erabiltzen modu produktiboan, eta jauzi kualitatibo handia dakar orain arte erabilitako sistemekin alderatuta (analisi eta transferentzia gramatikaletan, sistema estatistikoetan edo hibridoetan oinarritutakoak). Itzultzaile neuronalek giza garunaren funtzionamendua imitatzen dute, eta, beraz, entrenamendua behar dute ikasteko. Sare neuronalen bidez lortutako itzulpenak erraz irakurtzen dira, koherentzia dutelako eta esaldiaren barruko elementuen arteko lotura hobeto mantentzen dutelako orain arte erabilitako itzulpen automatikoek baino […] Itzultzaile neuronalak etengabe ari dira ikasten, baina horretarako corpus elebidun handiak behar dituzte


Baina, esan bezala, ez dagoen aukera bakarra esparru honetan. Izan ere, Elhuyarrek ere badu berea (itzultzailea.eus) eta erabilgarri dago 2019ko azarotik ordenagailu eta mugikorretarako. Seigarren hizkuntza gehitu diote urtarrilean: ingelesa gehitu diote lehendik zeuden euskara, gaztelania, frantsesa, katalana eta galegoari.

Ezagun batek itzulpenen kalitatea azpimarratu dit. Nik neuk egindako saiakeretan emaitza ez da txarra izan, oraindik azken froga falta zaidan arren, lagun batek inoiz egin duen froga bat hain zuzen: Silvio Rodríguezen hitzen itzulpena.

Nahiz eta itzulpenak onak izan, profesionalen lana beharrezkoa izango dela esaten da. Ikusiko dugu hemendik bi urtera edo bilakaera zein den… sarreren erritmoa mantentzeko eta ordurako blogak bizirik badirau, jakina.

Itzultzaile automatikoak eta enparauak

Aspaldi, lanean hasi berria nintzela hain zuzen, entziklopedia bat erosi nuen. Bai, paperezkoa eta hainbat liburuki zituena; are, aldiro osatu behar zena munduan gertatutako kontu berriak jasotze aldera. Argi dago ez nintzela aurrera begira ari, nik aldez aurretik bizi izandakora baizik: gurasoen etxean sarri erabili nuen antzeko liburu-sorta bat eskolako garaietan. Oraindik orain etxean daukat. Dena den, ez du inork erabiltzen, ezta neuk ere. Informazio-iturriak bestelakoak dira.

Antzekoa esan nezake hiztegiez. Horiek ere erostarazten zizkiguten eta geure aldetik erosi ere bai. Eta egun, entziklopedia haren lagun dira apalen batean baztertuta. Esate baterako, “Hiztegia 80” famatua jarri biltzatzailean orain eta bigarren eskuko gaien artean ikusiko duzu. Izan ere, online dauden hiztegiak baliatzen ditugu edota geure gailu mugikorretan app gisa egindakoak . Edo euskalbar bezalako erremintak ezinbesteko ditugu batzuek dagoeneko eguneroko zereginetan.

Eta zer esan itzultzaile automatikoez? Ez dugu gaur eztabaidatuko ea horrelakoek hizkuntzak ikastearen esparrua erabat irauliko duten, baina, edonola ere, aintzat hartu behar direlakoan nago. Itzultzaile automatikoen eremu honetan, berri bat plazaratu da euskarari dagokionez: Modela du izena, eta “itzultzaile automatiko neuronala” omen da (Spri-ren webgunean azalpen luzeagoa). Halaber,  beste tresna baten berri izan dut egunotan, Sustaturen bidez: TextReference, testuingurudun hiztegia.

Ez duzula inoiz Googlek daukan itzultzailea erabili, jakin-minez gutxienez? Jakin-mina edo bihurrikeria, baina gogoan dut 2012an Jaurlaritzak itzultzaile automatikoa aurkeztu zuenean, ekitaldi publiko batean hain zuzen, Internet bidez itzultzeko esaldiak proposatu ahal zirenez, Silvio Rodriguezen itzulpenak proposatuz ibili zela lagun bat, “si me dijeran pide un deseo, preferiría un rabo de nube” bezalakoak.

Zin dagizut, adiskide, nik neuk egin egin dudala; itzultzailearena diot, ez lagun hark egindakoa, produktua kinka-larrian jarrita. Are, ingelesaren kasuan, dakidan apurra osatzeko ere baliatu dut behin baino gehiagotan. Osatzeko diot, horrelako tresnak erabiltzen jakin behar delako; baieztapen hori entzun eta irakurri diot Daniel Cassany-ri adibidez, Sustraietatik Zerura liburuan besteak beste. Edo ikusi, bestela, Jaurlaritzaren itzultzaile automatikoaren sarreran idatzita dagoena (emaitza beti gainbegiratu behar dela, alegia).

Tsundokua… eta liburutegiak

Tsundoku. Seme-alabei entzun nien lehengoan, nire irakurtzeko zaletasuna zela-eta. Gerora, egunkariren batean irakurri dut haren berri.  Wikipedian ere ageri da; oraindik ez, ordea,  euskarazko bertsioan. Honetan datza Japoniatik etorritako ideia edo hitz hori: irakurriko ez diren irakurtzeko materialak (liburuak) erostea, gero besterik gabe etxean pilatuta uzteko. Halaber, apalean irakurriak izateko zain dauden liburuak izendatzeko ere erabiltzen da.

Bibliomania kontzeptuarekin lotuta dagoela aipatzen dute arestian aipatutako iturrian (sinonimotzat jo dituzte La Vanguardia egunkarian). Nahasmendu obsesibo-konpultsiboa ei da bibliomania, liburuak pilatzeko joera alegia, baina ez da liburuzaletasuna edo bibliofilia.

Neure aldetik, bestelako mania bat sumatu dut azken boladan liburuen inguruan; Diogenes digitalaren sindromearekin lotura izango luke (hau badago euskaraz Wikipedian kontzeptu orokorrari dagokionez): disko gogorren batean zein irakurgailuan liburuen bertsio digitalak pilatzeaz ari natzaizu, bizitza osoan zehar irakurtzeko kopurua guztiz gaindituz. Adibidez, ezagun batek eskaini zidan duela gutxi horrelako liburu-bilduma amaigabe bat, bere kide aditu batek lortua ez dakit zein webgunetatik.

Hau ez da etxeko liburutegia 😀

Zaletasuna mania bihur ez dadin, eta niretzat erosi ditudan liburuak oparitzeko zein beste moduren batean (liburuen gurutzaketaren bidez, esaterako) gainetik kentzeko ohiturarik ez dudanez gero  etxeko bilduma fisikoa kudeazina izan ez dakidan (La Vanguardiako berrian badago horri buruzko aholkurik, dena den), liburutegien zerbitzua ere baliatzea erabaki nuen aspaldi.

Areago oraindik. Liburutegietarako joan-etorriak beti errazak ez direnez, bestelako zerbitzu bat erabiltzen hasia naiz: e-Liburutegia. Labur esanda: Internet bidez liburu elektronikoak mailegatzeko zerbitzua da e-Liburutegia, Eusko Jaurlaritzak sortu, mantendu eta herritarren esku jartzen duena. Baditu bere mugak, baina ematen dit denboraren poderioz hobetzen joango dela, mailegatzeko liburuen kopurua handitzen joango den bezalaxe.

Eta zu, irakurle, zein izaten da zeure liburuekiko jokabidea? Edota oporretan egon arren ezertxo ere irakurtzen ez duen horietakoa zara?

Euskararen erabilera sustatzeko baliabideak

Euskararen tresnak izena du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Sarean duen  bildumak. Erreminta sorta berri bat aurkeztu zuten otsailaren 8an euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko, aipatutako bilduma hori eguneratuz.

Aurkeztutako tresna beri horien artean, Elhuyar hiztegiaren bertsio berria eta berorren hiztegi digitalaren aplikazio berritua, bederatzi hiztegi terminologiko berri, Hiztegibar plugin-aren bertsio eguneratua (Chrome eta Explorer nabigatzaileetan modu errazean erabiltzeko orain arte Firefoxerako zegoena) eta Hizketa ereduak argitalpenaren aplikazioa gailu mugikorretarako.

Oso ondo dago baliabideak ugaritzea, eta izugarri hedatzen ari den mugikorren esparrua kontuan izatea. Hala ere (beti dago “baina”-ren bat) ohartxo batzuk partekatu nahi ditut zurekin.

  • Deigarria, material batzuk pdf hutsean argitaratzea eta copyright-a dutela espresuki adierazita gainera, deskargatzea doakoa den arren.
  • Sare Sozialak Hiztegia dago hiztegi berrien artean, eta horren inguruan zerbait kontatu nahi dizut:
    • Aurreko puntuan azaldutakoaz aparte, ez dakit izena bera egokia den, teknologiei “berria” adjektiboa eranstea bezalaxe (zer da berria? noiz arte da berria?).
    • Maiz aipatzen dudanez, ez dira oraingoak sare sozialak nire ustez, aspaldikoak baizik; horiek hedatzeko, handitzeko, zabaltzeko aukera ematen dute teknologiek. Eta hiztegia “sareena” baino zabalagoa da.
    • Ez dute NIA (norberaren ikas-alorra) onartu ingelesezko PLE (personal learning environment) itzultzeko, erabiltzen hasi arren (Irakasbil esparruan, besteak beste). Jasotakoak, “ikaskuntza-ingurune pertsonala”-k alegia, ez du akronimorako bidea ematen (IIP?).
    • “Ikaskuntza-komunitate birtuala” erabaki dute… eta badakizu nire hautu pertsonala,   “ziberkomunitatea” dela (ikas-ziberkomunitatea kasu horretan, hain zuzen), besteak beste birtual horrek kutsua eta ukitua  baduelako (erreala ez dena, “izan litekeena baina ez dena” da Euskaltzaindiaren hiztegian lehenengo adiera; are,  zenbaitetan, bigarren mailako kontua balitz bezala hartzen delako Interneten gauzatzen dena aurrez aurrekoarekin alderatuta). Gogoan izan nire bertsoa Txiotesian: “ziber birtualaren ordez / errealak dira moldez…”

Tira, hemendik aurrera, agian,  blogaria naizela esateaz gain, edukiez arduratzen den komunitate-kudeatzailea ere banaizela esan beharko dut neure burua aurkezteko.