Bost urte zurekin

Bost urte, bost. Bost urte mando joan dira blog honen lehendabiziko sarrera argitaratu zenetik, 2013ko otsailaren 7an, hain zuzen. Hezkuntzaz modu orokorrean, euskaraz eta gehiegi konplikatu gabe idaztea zen asmoa. Seguruenik, zeuk esan beharko duzu, adiskide hori, helburua bete den.

Zenbakiei erreparatuta, 6.959 erabiltzaile agertu dira (zarete) bost urteotan; 21.714 bisita egin dituzue guztira argitaratutako 136 sarreretan.

Ez dira asko. 2,2 sarrera inguru hilabeteko batezbestekoa; bi astez behin edo. Egia ere bada isiluneak izan ditudala, tesi-garaian eta 2016ko udaren ondoren esaterako , eta jarraitzeko zalantza bat baino gehiago.  Iruzkinak… are gutxiago; hauek bai harri bitxiak.   Lehiaketa batera ere aurkeztu nintzen behin… arrakasta itzela lortu gabe, baina hainbat lagun / ezagun / jarraitzaile banituela ere ikusita. Google Analytics-en arabera, ez dute sarrera horiek dolarretan baliorik, baina diruagatik balitz, honez gero itxita.

Ibilbideari erreparatuta, honako hauek dira, urtez urte, sarrerarik irakurrienak (edo bisitatuenak, behintzat)

Baina bisita gehien, hala ere, sarrera-orriak berak izan du.

Laburbilduz, zenbakiak ez dira apartak; dena dela, zalantzak zalantza, hemen gaude momentuz. Eta sarrera berriak kaskarrean ditudala jada. Blogosferako auzo honetako arduradunak dioenez, kalitateari erreparatuko diogu, ezta?

Denbora joanak sarreren edukiei eragin diela nabaritu dut. Lotura hautsiak eta desagertutako argazkiak egon badaude, bidean adiskideak zendu diren bezalaxe. Aipagarriena, agian, bisitari ezaguna eta iruzkingilea zelako, besteak beste, Josemari Lasa. Gogoan izan dut bera gaur hirugarren sarrera hura berriz irakurri dudanean; berak idatzitako testu bat dago bertan jasota.

Bestalde, ez dut nire kanpamendu nagusian antolatu nuen bezalako ekimenik pentsatu; beharbada, bigarrena izateak badu horretan eraginik. Dena den, ospakizunean parte hartu nahi baduzu, jakin ateak irekita dauzkazula, beti bezala, hau ere txoko birtuala baita.

Bi urte hemen zurekin

Ez da jai berezirik antolatuko, ez da photocallik egongo, ez da prentsan berri emango. Izatekotan, xumea izango da, bi urteotan izan den bezalakoa. Isil antzean baina hor izan duzu eskura, astean behin edo. Neu ere ez nintzen gogoratzen; Google Calendar-ek gogorarazi dit: gaur beteko dira bi urte txoko hau ireki zenetik.

Two glasses of Red Wine by L.C.Nøttaasen, on Flickr

Bestetik, nahikoa dira bi urte Interneten iheskortasunaz jabetzeko. Izan ere, sarreretan erabilitako hainbat eduki –bideo zein argazki– dagoeneko ez dago eskura. Berrikustea pentsatu dut, horrelakoak ezabatuz edota ordezkatuz, baina azken erabakia bere horretan uztea izan da. Denboraren iheskortasun bizkortuaren seinale, denbora likidoen adierazle.

Errazena, azkenean, blog bat irekitzea da. Zailagoa da irautea, maiztasunez elikatzea atzean norbait interesaturik egongo delakoan. Horrelako zerbait adierazi nion Deiaren blogosferaren auzoan esparrua ireki berri duen Bego Beristaini. Hau, finean, denbora luzeko lasterketa da; ondo ulertuko du berak.

Reyes Prados, Sevillan jaiotako euskalduna

Sevillatik etorri zen Reyes Prados kazetaria Euskal Herrira. 9 hilabetetan ikasi du euskara, berak ekainean Euskadi Irratian adierazi zuen bezala. Deian argitaratutako [Enlace roto.] eman zuen bere arrazoien berri. Joan den astean, #poziktibity ekimenaren baitan, Anne Igartubururekiko solasaldi bat aurkeztu da. Gaur bertan, berriz azaldu da Dida saioan (eta astero agertuko omen)

Dena den, eta berak esan bezala, hor dabilkigu jo eta ke ikasten: besteak beste, Errezilen eman du udako zati bat, irratiko elkarrizketa hartan aurreratu zuen bezala. Bertan bizi izandakoak eta bere hausnarketak blog batean plazaratu ditu.

Reyes Pradosen argazkia. Deia.com-en argitaratua

Baserri horretako kide batek adierazitakoa jaso du Reyesek sarreratako batean (testuan dagoen bezala dakarkizut):

“Guk berari irakasten dugu baina berarekin asko ikixten dugu, baita ere”

Reyes ikasle berezia dela ezin uka (denok ez al gara bereziak, ba?) eta euskara kontuetan arrakastatsua oso, gainera. Edonola ere, ikastearen eta irakastearen beste ikuspegi bat badugu aurreko testuan; alegia, baserritar horiek, eta errezildarrek oro har, irakatsi diote baina berarengandik ere ikasi dute. Eta udan, gainera.

Irakaslerik onenak…

Joan den astean nolako irakaskuntza espero dugun genuen mintzagai txoko honetan. Tartean, irakasleei buruzko norabide desberdineko bi albiste heldu zaizkigu. Norabide desberdinekoak izan arren, biek omen dute azpian helburu bera: hezkuntz-sistemara balizko irakaslerik onenak erakartzea.

Deia.com-en ateratako argazkia. Magisteritza eskola.

Madrileko Erkidego Autonomoko presidentearen proposamena, bata. Bere iritziz, edozein lizentziatu izan liteke haur eta lehen hezkuntzan irakasle. Alegia, ez litzateke magisteritza-gradurik beharko maila horretan aritzeko. (El Paisen berria)

Hezkuntza Ministerioa –orain, Kultura eta Kirola ere baditu bere esparruan– du jatorri bigarrenak. Maisu-maistren oposaketarako zirriborro bat ari da lantzen; horren arabera, atzerriko hizkuntzaren ezagutza (ahozkoa eta idatzia) eta gaitasun digitala ere aztertu egingo dira ([Enlace roto.]) –egia esan, zirriborro horretan ageri denak ez du zehaztasun handirik–.

Finlandia aipatzen da sarri eredu gisa hezkuntza kontuetan. Esate baterako, Mikel Garcia Idiakezek Jendartean blogean idatzi zuenari erreparatzen badiogu —Xavier Melgarejori eginiko elkarrizketa bat oinarri hartu zuen– irakaslegaien hautaketan eta hasierako prestakuntzan pisu itzela dute; prestigioa ere, handia.

Azken finean, gizartea (edota gizartea osatzen duten pertsonen aniztasunak) eta beronen kultura. Izan ere, joan den astean adierazitakoaren antzera, ikas-irakaskuntza nola ulertzen dugun, zer uste dugun horri buruz dugu oinarri-oinarrian. Eta honek guztiak irakasleez esan eta egiten duguna baldintzatzen dute. Burura datorkit, adibidez, XIX. mendeko esaera: “pasar más hambre que un maestro de escuela”. Argigarria, ezta?

Urte bete zurekin

Txakurren urteak eta pertsonen urteak ez ei datoz bat; lehengoan irakurri nuenez, txakur baten lehendabiziko urteari pertsonaren hamabost dagozkio. Ez dakit blogekin ere halako zerbait gertatzen ote den, baina ez nintzateke harrituko halaxe balitz.

leo.prie.to Flickr-en (cc lizentziapean)

Ia konturatu gabe, honek ere urte bat bete duela konturatu naiz. Bidean, 57 sarrera, zureganatu ditudan nire pentsamenduaren 57 ataltxo. Beharbada, honezkero hobeto ulertuko duzu zergatik esaten diodan neure buruari “ikasle eta irakasle”

Hortaz aparte, hasierako lehendabiziko helburua beteta gainera; astero-astero ikas-irakaskuntzari buruzko hausnarketa hurbiltzea zuregana. Bidean asmatzen ari naizen ala ez, zeuk esan edota idatzi beharko, bidaide zaitudan horrek.