Noiz arte eta zergatik ikasle?

Blog hau sortu nuenean ez nuen horren berririk izenburua jartzerakoan; Sarean  niri buruzko zertzelada laburrak jartzeko zer idatzi pentsatu behar izan nuenean ere ez.  Egia esan, irakurle, gaur jakin dut Susana Llunaren txio bati erreparatu ondoren.

«Un buen docente es ante todo un estudiante infatigable».

Hau honela, ez dakit irakasle ona izan naizen edota naizen. Baina blog honen esparru finkoan ageri denari jarraikitzen saiatzen naizela ezin ukatu.

Bizitza osoan ikasteko asmoa dut, joan den mendean jaioa izan arren.

Hala eta guztiz ere, baten baten galderari aurre hartuko diot badaezpada: aspaldi besterik esan arren (seme-alabak unibertsitatera heltzean saiatuko nintzela, alegia) kimikan gradua lortzera ez naizela iritsiko uste dut. Uste esan dut?; ziurtzat jo dezakegu. Eremu horri utzi nionetik mundua zeharo aldatu dela sumatzen dut. Zer esaten da ezagutzaren bilakaeraz? Hona hemen duela ia 10 urte Pedro Miguel Etxenikek adierazitakoa.

bertsoak + zientzia = #bertsozientzia

Gaur ez gara arituko Nao robot bertsolariaz. Azken boladan ez dut haren berririk izan, eta ez dakit bertsolari-txapelketaren batean parte hartzeko moduko prestaketa izango duen honez gero. Baina bertsoa eta zientzia izango ditugu gai.

Izan ere, Jakinduriek mundue erreko dau 2017” #bertsozientzia emanaldiaren berri izan dut. Emanaldiaren edo emanaldien berri, Bizkaiko lau herritan izango baitira aurtengo saioak irailaren 21etik 24ra, Ondarroan, Getxon, Igorren eta Bilbon, hain zuzen.

Kike Amonarrizek gidatuko ditu lau saioak. Bertan, hiruna bertsolari eta hiruna zientzialari izango dira oholtza gainean. Zientzialariek 10 minutuko hitzaldiak emango dituzte eguneroko hainbat gai uztartuz (komuneko bonba, tiritak, dopina, robotak…) eta bertsolariek errima eta doinua jarriko dizkie gaiei. Adi: 18:30an hasiko dira saioak eta sarrera doakoa lekua bete arte.

Partaideen artean, hauek daude aurreikusita bertsolarien artean: Miren Amuriza, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio,  Alaia Martin eta Unai Iturriaga. Zientzialarien artean, berriz, honako hauek: Miren Basaras, Oskar Gonzalez, Jon Larruskain, Elena Lazkano, Josu Lopez-Gazpio, Juan Ignacio PérezBittor Rodriguez eta Leire Sangroniz. Eta bi postuetan, egunaren arabera, Jone Uria; hau bai “todoterrenoa” edo lur orotakoa.

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako Bizkaia Zientzia Plaza ekimenaren baitakoa da #bertsozientzia; ekimenen horren aurkezpenean diotenez,

Bizkaia 2017ko irailean zientzia plaza batean bihurtzeko helburua dugu. Ezagutza zientifikoak transmititu, gai zientifikoei buruz hitz egin, zientzia ikasi eta zientziaz goza dezan nahi dugu, Bizkaian zientzia izan dadila protagonista.

Hala bedi.

Zientzia Kaiera blogean ere eman dute ekimen orokorraren berri.

BZP webgunetik hartutako irudia

P.D. Hurrengoan Nao robota ere sartu saioren batean.

Ikertzaile pribatua izateko…

Ahal dudanetan, nobela beltza bezala sailkatzen diren liburuak irakurtzea dut gustuko. Horrelakoetan, ikertzaileak agertu ohi dira sarri; askotan, ikertzaile pribatuak gainera. Eta horrelako liburuen zale ez bazara ere, zalantza izpirik ez dut protagonistaren baten baino gehiagoren izena emango zenukeela. Edonola ere, pentsatu duzu inoiz nola iristen diren ikertzaile izatera?

DEIAn ateratako irudia

EHUk master bat eskainiko du horri begira datorren ikasturtetik aurrera; azken urteotan ez, baina lehenago ere bazegoen hori egiteko aukera. [Enlace roto.].

Berri beraren lehen zatiaren arabera arabera, langabezia txikia dago sektorean eta krisi garaian lan-aukera ugari, antza denez. Baina, txanponak ba omen du beste alderik: profesionalen iritzia ez dator bat EHUko arduradunarenarekin; are, unibertsateetan ez dela horretarako txintik ikasten uste ei dute.

Egia ala gezurra, begi bien erdian, sudurra.

Fisika nuklearra ere euskaraz?

Goi-mailako ikasketak euskaraz egiteaz galdetu zidaten lehengoan. Eta, lagun hori, berehala etorri zitzaidan gogora nik bizi izandakoa eta, horrekin batera, irudi bat.

Honen azalpena, Joserra Etxebarriak berak eman zidan eta halaxe jaso nuen Euskal Lerroak Abian blogean:

“Adolfo Suarezek, sasoi hartan Espainiako presidentea zenak, berari egindako galdera bati erantzutean (euskararen erabilerari buruzkoa nonbait) esan zuen, gutxi gora behera, ezinezkoa zela Kimika Nuklearra euskaraz lantzea. Nonbaiten erantzun nion bi gauza baino ez zirela behar horretarako, euskara jakitea eta Fisika Nuklearra jakitea.

Testuinguru horretan Lan Kide Aurrezkiak (orduan horixe zen Caja Laboral Popular erakundearen izena euskaraz) kanpaina publizitario bat abiatu zuen, euskara edozein arlotan erabiltzen bultzatzeko. Nitaz gogoratu ziren.

Izan ere, ordurako normal-normal ematen genituen euskaraz Fisikazko klaseak, baita zentral nuklearrei buruzko hitzaldiak ere; Lemoizko zentralaren inguruko eztabaida puri-purian baitzegoen.”

Urteak joan, urteak etorri, oraindik orain susmo hori ere badabilela gizartean ematen du.

Txikitako objektuak (eta oroitzapenak)

Aurreko astean idatzikoarekin lotura da gaurkoak. Lehen hezkuntzan erabiltzen zituzten objektuak klasera eramateko eskatu zien Lorea Fernandez irakasleak  ikasleei, euren esperientziak aztertu eta horien inguruan pentsatzeko asmoz.

Ez dakit neu ere halakorik egiteko gai izango nintzatekeen. Objektuez ari naiz, jakina; seguruenik, bidean geratu dira horrelako gauzak dagoeneko, oroitzapenak ez bezala. Trastelekuan egongo ote dira oraindik garai haietako Xabiertxo eta Nora zoaz liburuak, esate baterako? (portzierto, azken honetan marrazkiak eskolakide genituen batzuen aitak egin zituen, Larrik hain zuzen)

Zer diostazu zutaz?

Eta, aspaldiko garaietara etorrita, Rubio kuadernoez? Eskolan erabili zenituen edo baten bat gordeta duzu? Tira, hau irakurrita melankoniak jota bazaude, jakin “garai modernoetara” ere egokitu direla eta i-paderako aplikazioa ere badutela.

Rubiok Facebooken duen esparrutik hartutako argazkia